Agenda betea eta egutegian gorriz markatutako egun dezente izanen dituela pentsa liteke «urte guztiko ekimenak koordinatzea» baitago bere zereginen artean. «Herriko eragile ezberdinekin batera Pesta Batzordean biltzen gara. Orantzaro, ioteak, San Juan Bezpera, Santiburtzioak, Talo Eguna» bertan erabakitzen dute zer antolatu «eta urtero badago berrikuntzaren bat edo zer hobetua». Honetaz gain, aldika herritarrek helarazten dizkieten ekimenei ere bide ematen die «behar dituzten azpiegiturak eta materialak eskura jartzen dizkiegu».
Inauterien izaera askea
Inauterietako egitaraua aspaldi prestatua duten arren, inprobisaziotik asko dutela aitortu digu «ioteek berez izaera askea dute. Guk programa botatzen dugu, baina argi dago herritarrak direla programa hori aurrera eramateko giltza eta haien dinamikak direla egunez egun Leitzako ioteak koloreztatzen dituztenak». Horren adibide argia Atsauretuen Kalejira izaten omen da «inoiz ez dugu jakiten zenbat jende bilduko garen, ez eta nondik etorriko diren edo non sartuko diren kalejiran». Herritarren erantzunaren baitan dago kalejira horren arrakasta, «eta urtetik urtera erantzun ederragoa da».
Hasieratik gogotsu
Inauterizalea da oso Julian «mozorrotzea oso gustoko dut, jendea zirikatzea. Etxetik ditudan lau trapu horiek hartu, jantzi, burua estali eta kalera ateratzea, jendearekin nahastea». Pesta Batzordean ere prestaketan hasten direnean «ilusio handiarekin hartzen dugu antolaketa garai hori». Eta behin Ioteetako larunbata iristen denean, «eskelariak dira protagonistak. Atez ate musika daramate eta horrekin batera ioteetako programazioa; martxa polita sortzen dute herrian». Gainera, herritarrek erantzuten dute «ez dira etxe gutxi eskelariei ateak irekitzen dizkietenak mokadu goxoa eta edaria eskaintzeko». Igandean berriz karrozen eguna eta bazkari herrikoia izaten da «karrozak egiten dituztenen kreatibotasuna eta umore ona protagonistak dira».
Baserrietako eskea
Hala ere, leitzarren artean ohitura bat maitea bada, hori baserrietako eskea izaten da «lehen, gazteagotan eta erantzukizun gutxiago nituenean, lana izaten baitut egun horretan, galtzen ez nuen eguna izaten zen. Niretzat egun politena eta luzeena zen». Giroa «ikaragarria» dela dio «jende asko abiatzen delako auzo ezberdinetara txaranga eta txistulariak lagun». Baserritarren eskuzabaltasuna ere azpimarratu du «beraien etxeetan dituzten jaki goxoak eskaintzen dizkiete bertaratzen diren taldeei giro oso onean. Beraien inplikaziorik gabe, ioteetako astelehena ez litzateke berdina izanen».
Atsauretuen kalejira
Eta asteartean, Atsauretuen Kalejirak hartzen du protagonismoa «urtez urte parte hartzaile kopurua gora doa eta herritarrak gero eta euskal ioteetako pertsonaia gehiago berreskuratzen ari dira». Horretarako lanketa berezia egin zuten duela urte batzuk «ALKE kultur taldeko kideok hasi ginen lanketa hau egiten eta herriko jende helduenak emandako testigantzetatik berreraikitzen hasi ginen aspaldiko atsaureen kalejira». Jakintza hori guztia gizarteratzen hasi ziren gero «jendea erakartzen eta animatzen kalejiran parte hartzeko». Horretarako materialak eskuratu zituzten «zakuak, adarrak, larruak, ttutturreak… batzuk erosita eta beste batzuk auzolanen egindakoak dira». ALKEk duen material hau jendeari uzten dio egun horretan «hala ere, azkeneko urteetan nabaria da nola herritarrek bere etxeetatik ekartzen dituzten jantzi beharrekoak eta guretzat hain bereizgarriak diren ttutturreak eta zankoak».