Dokumentuaren akzioak
Herriak hoskide
Hoskideak dira Ituren eta Zubieta (Nafarroa). Hots
bakarrak batzen ditu bateko eta besteko herritarrak inauterietan:
joarearenak. Pauso berean aritzen dira bi herriotako eta Aurtitz auzoko
joaldunak lerroan jarrita. Urteak eta urteak daramatzate joareak
bizkarrean hartu, elkarri bisita egin, eta beren arteko lotura
berritzen. Hala egin dute aurten ere. Zubieta eta Aurtitz auzoko
joaldunek eta mozorroek egin zieten atzo bisita iturendarrei, eta,
gaur, iturendarrak joango dira Zubietara. Etzira arte iraungo du
inauteri sasoiak.
Iturengo Latsaga auzoan egiten dute bat hiru joaldun taldeek,
eta une hori da inauteri asteleheneko une nagusia. Goizean hasten da
festa, ordea. Gosariarekin. Argitu eta zuri ageri dira aurten Ituren
eta Zubieta. Elur eta laino artean. Euri hotsa ere bai, tarteka, baina
beldurrik ez du Jose Antonio Loiarte zubietarrak. «On edo txar egin,
inauteriak gustuko dituenak beti egiten du honako bidea». Herriko
etxeko behe aldean dago gosaltzen. Herritarrekin eta kanpotarrekin,
mahai beraren bueltan. Bazter batean daude orain larru, joare eta
sokak, baina gosaria bukatzean, gainean izango dituzte.
Bere herrian izaten du gosaria joaldun talde bakoitzak, eta
gosaldutako leku berean janzten ditu joareak. Aurtitzen dago,
horregatik, Ainara Mindegia. Ez du joarerik jarriko, baina auzoko
jendearekin dago, halere, aurtiztarrekin. Dioenez, horrek egiten ditu
berezi inauteriak. «Herriko gazte, zahar eta umeak, denak elkarrekin
ibiltzen gara elkartean. Gosaldu, bazkaldu, afaldu eta musikarekin
dantzatu, elkarrekin egoten gara denak, eta horregatik dira hain
politak egunok».
Mindegiaren ondoan dago Xabier. Bost urte baino ez ditu, baina
joareekin dabil jadanik. Ez da bere lehen aldia, gainera. Edo,
behintzat, ez du uste hala denik. Ez dago oso ziur, halere, eta Ainhoa
Baleztena amari galdetu dio, horregatik, iaz ere joareekin atera ote
zen edo ez. Amak baietz esan, eta baietz dio Xabierrek. Lotsati mintzo
da, baina lotsarik gabe jotzen ditu joareak. Handien gisa.
«Ttiki-ttikitatik datorkie joareak jotzeko afizioa», azaldu du
Baleztenak. «Hiru urterekin hasi zen Xabier. Aita, aitatxi eta herriko
zaharrak ikusita».
Iturengo udaletxeko sabaian dago Laxaro Erregerena. Gosaria
bukatu eta jantzi berritan. Bera arituko da joaldunen buru gaur.
Joaldunik zaharrena da, dioenez, eta hamaika aldiz aritu da joareekin.
Baita kanpoan ere. «Bretainian egon berriak gara orain, eta Ipar
Amerikara joateko asmoa dugu orain. Idaho aldera. Abentura handia
izango da hori ere». Kanpoan ere herrian ematen dituzten urrats berak
eman, eta hots bera egin arren, herrian aritzen da gusturen. «Ezin da
alderatu», dio Erregerenak, «hau oso desberdina da. Urte guztia egun
hau noiz helduko egoten gara zain».
Ardura handia dauka, gainera, herri guztietako joaldunak
izango ditu atzean, eta berak jarri beharko die pausoa. «Nik uste
ametsetan ere ibiltzen naizela joareekin! Lotan nagoela joareen soinua
izan dut belarrian bart».
«Gora heriotza!»
Asko dira aurten joareak jantzi dituzten iturendarrak eta bi
txandatan egin behar izan dituzte horregatik. Bildu dira denak,
azkenean, plazan, ordea, eta Erregerenak markatutako pausoan dabiltza
orain herrian gora eta behera eskean doazen musikarien laguntzaz.
Latsaga auzorantz doaz gero. Han elkartuko dira Zubietako eta Aurtizko
joaldunekin.
Hurbilduz doazen beste herriko joaldunen hotsak entzun eta adi
jarri da Erregerena une batez. «Hemen direla!». Heldu da eguneko unerik
garrantzitsuena, eta elkartu dira joaldun guztiak. 60 bat, denetara,
Erregerenaren atzetik.
Mozorroak ere batu zaizkie, gainera, eta joare hotsekin batera gero eta indar handiagoa hartuz doaz oihu eta aldarriak. «Viva la muerte!» (gora heriotza!), dio txirrinduan doazen mozorroei laguntzeko Onze
dioen auto horian doan mutil batek. Hau da halakoetarako unea. Heldu
dira joaldunak Iturengo plazara, eta hasi da mozorroen festa. Pixez eta
gorotzez bustitzen dituzte plazara inguratutakoak, eta beren karrozetan
dabiltza gora eta behera, barrabaskeriatan.
Anbulantziarena egiten dabiltza batzuk; etxe bat eraikitzen
beste batzuk, diotenez krisirik ez baita heldu Iturenera, eta asto bat
daraman gurdia daramate arrastaka zenbait zubietarrek. Kartel bat du
gurdiak atzealdean, lelo honekin: «Zubietako astuk beti asto».
Bueltatu egingo diete gaur bisita iturendarrek zubietarrei eta aurtiztarrei. Berriz ere hoska.
Testigantzak
«Txikiak izaten ziren lehen inauteriak, baina, orain, gero eta handiagoak dira»
Jose Mari Elizalde Iturendarra
«Lehen inauteri txikiak egiten genituen, baina, orain, gero eta handiagoak dira. Garai batean, berrogei bat biltzen ginen bazkaltzeko eta, baina orain ehundik gora egoten gara gosaltzen. Argazkilaririk ez zen izaten, kazetaririk ere ez, baina, orain, argitu orduko hemen dituzu! Sukaldariak, zerbitzariak... denetarik izaten da orain. Jan, edan eta martxa. Gero kontuak pagatu eta kito».
«Argazkiak ikusita, ergelkeria bat zela iruditu zitzaidan, baina hunkigarria izan da»
Max Walker Londongo kazetaria
«Hona etorri baino lehen, informatzen nenbilela, argazkiak ikusi eta ergelkeria bat zela iruditu zitzaidan, hala izan zitekeela pentsatzen nuen. Gero, hemen, gertatu ahala ikustean, ordea, oso hunkigarria iruditu zait. Joare hotsak entzun, eta joaldun guztiak batu diren unea zirraragarria izan da. Mozorroekin pixka bat izutu naiz, baina joaldunena oso ederra iruditu zait».
«Motozerra zeraman mozorroa izan da, dudarik gabe, gehiena gustatu zaidana»
Hodei Martinez ikaslea
«Eskolarekin eta klase kideekin etorri naiz inauteriak ikustera, eta oso egun ona izan da. Eskolan kontatu ziguten inauteriak nolakoak ziren, baina lehen aldiz izan naiz gaur. Kontatu bezalakoak izan dira. Asko gustatu zaizkit, eta saiatuko naiz datorren urtean ere bueltatzen. Dudarik gabe, motozerra zeraman mozorroa izan da gehiena gustatu zaidana».
Dokumentuaren akzioak