Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herria erromeria bihurtuta

Dokumentuaren akzioak

Herria erromeria bihurtuta

Txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, trikitilariak, Aiko dantza taldea, musika, dantzarako gogoa, herri bazkaria… Zoragarria da Errenteriako Erromeria Eguna”. Biharko egunari begira jarrita, laburpen ona egin du Juantxo Maia Ereintza elkarteko kideak. “Oso egun berezia izaten da guretzat”, hasi du azalpena. “Eta are bereziagoa izango da aurtengoa”. Izan ere, 1998an lehen pausoak emanda, Ereintza dantza taldeak, udalak eta herriko hainbat eragilek 20. urteurrena ospatuko dute aurten, eta ukitu berezia eman nahi izan diote egunari.
Egilea
Unai Zubeldia
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/07/13
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Bihar, goizean goizetik, festa giroa izango da Errenterian. “Normalean, kalejiran ibiltzen gara goiz partean”. Baina berezitasun bat izango dute aurten, casteller-ak etorriko baitira Vilafrancatik (Herrialde Katalanak). “250 bat dira etortzekoak”. Koldo Mitxelena plazan ekingo diote emanaldiari, 11:30ean; Xabier Olaskoaga plazara joango dira gero, eta Zumardian egingo dute azken giza dorrea. Aurtengo Erromeria Egunaren euskarri garrantzitsuetako bat izango dira casteller-ak.

Eta, ohi bezala, arratsaldean iritsiko da ezinbesteko bigarren ekitaldia: erromeria. Herriko hainbat musikarik parte hartuko dute bertan, tartean Andoitz Antzizarrek, Arkaitz Minerrek, Iñaki Letamendik eta Quico Pugesek. Eta gonbidatu bereziak ere izango dituzte giroa alaitzeko: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien. “Euren borondate on guztiarekin, ekarpen bikaina egingo digute, ziur”. Helburua da aurtengo ekitaldia omenaldi gisako bat izatea hogei urteotan lanean aritu diren guztientzat.

Bi ekitaldi horiekin batera, aipagarria da Koldo Mitxelena plazan egingo duten herri bazkaria ere. 400 bat lagun elkartu ziren iaz, eta 500 lagunentzako lekua prestatu dute aurten; 15 euro ordaindu beharko ditute helduek, eta 10 euro haurrek —Ereintza elkartean, Arkaitza tabernan eta Paki dietetika zentroan eskura daitezke—. Berritasun gisa, aurten, kalejiraren eta casteller-en ondoren —13:15 aldera—, Kukai Dantza Konpainiaren emanaldi txiki bat ere izango da Zumardian. “Ikuskizun txiki bat eskain ote dezaketen galdetu digute, eta guretzat ohorea da aukera hori izatea”.

Dantzari Txiki Eguna, Dantza Sueltoko Txapelketa, Haurren Aurresku Txapelketa, Bertso Festa… Atzera begira jarrita, Maiak onartu du azken 30 urteotan “denetik” antolatu izan dutela, eta Ereintzako hainbat kide elkartu zirenean hasi zen gorpuzten Erromeria Eguna ere. “Aurretik dantzan aritutakoak ginen gehienak, eta garai bateko erromeriei heldu beharra geneukala ikusi genuen, ohitura hura berreskuratzeko, galtzen hasia baitzegoen ordurako”. Dantza kalera atera nahi zuten. “Eta horregatik hasi ginen ikastaroak antolatzen eta herria girotzen”. Hogei urte geroago, erabat indartuta dago ia oharkabean sortutako proiektua. “Jende askok parte hartzen du ikastaroetan, eta herri askotan txango ugari antolatzen da mutxikoak edo beste ekitaldi batzuk ikustera joateko”.

Herritarrei, eskerrak

Maiak azpimarratu duenez, proiektua sendotzeko lan horretan “ezinbestekoa” izan da herritarrek emandako babesa. “Bi aldiz pentsatu gabe, proiektuarekin bat egiten dute herriko hainbat dendak, tabernak eta elkartek, eta guretzat babes handia da hori. Herritarrek sentimendu handiarekin bizi dute Erromeria Eguna”. Horiei guztiei eskerrak eman dizkie Maiak.

Herria erromeria bihurtuta

Dokumentuaren akzioak