Dantzaren hilabetea da maiatza. Herri askotan antolatzen dira dantza ekitaldiak hilabete honetan eta Zumaia ez da salbuespena. Urtero antolatzen den Maiatza Dantzan programa da horren erakusle. "Herri askotan antolatzen dira dantza jarduerak hilabete horretan, eta Zumaian, behintzat, jarraipena eman diogu", azaldu du Astindu dantza elkarteko kide Mila Bakedanok. "Nik uste Astindu sortu genuenetik egin dela Maiatza Dantzan Zumaian", gaineratu du. Astindu da, Zumaiako Udalarekin elkarlanean, aurten hamabigarren edizioa betetzen duen programa honen antolatzailea.
Maiatzeko asteburu guztietan izango dira dantzarekin lotutako jarduerak herrian. Aurtengo egitarauak badu, baina, berezitasun bat aurreko urteetakoekin alderatuta. Izan ere, aurten ez dute ikuskizun handirik programatu; nahiago izan dute herrira eta herritarrengana bideratutako jarduerak antolatu. "Maiatza Dantzanen helburua herrian dantza sustatzea da, baina aurten herria dantzan jarri nahi dugu", azpimarratu du Bakedanok. Hala, adinekoei edota gazteei zuzendutako dantza saioak antolatu dituzte, baita euskal dantzei garrantzia emateko egun osoko programazioa ere.
Hasteko, bihar, hilaren 1ean, Bollywoodeko dantza estiloak ezagutzeko tailer irekia egingo da Torreberrin. 14 urtetik gorako lagunei zuzendutako tailer hau Jaione Albenizek gidatuko du, 10:30etik 12:30era bitartean.
Aste horretan bertan, maiatzaren 6an, Eusebio Gurrutxaga plazan, 60 urtetik gorako adinekoei zuzendutako dantzaldia izango da. 18:00etan hasiko da ekitaldia. "Lehen aldiz antolatuko dugu halako dantzaldi bat, eta jendeak pozik hartu du ideia. Nahi duen guztiak izango du dantzan egiteko aukera", azaldu du Astinduko kideak.
Adinekoekin egindakoa, hurrengo asteburuan haurrekin egingo dute. Umeentzako dantzaldia maiatzaren 14an egingo da, Kofradiako plazan, Jon Urbietak gidatuta, 18:00etatik aurrera.
Aurretik, ordea, larunbatean, hilaren 13an, Dantzara! jaialdia egingo da Odieta frontoian, 18:00etan hasita. "Hau aurretik ere egiten zen, baina garai batean antolatzeari utzi genion, eta gero pandemia etorri zen". Orain jaialdi hau antolatzeko ideia berreskuratu dute Astindukoek. "Zumaiako dantza akademien erakusleiho antzerakoa da, eta haietako ikasleak izango dira protagonistak". Hip hop, funky edo salsa bezalako estiloetan arituko dira akademietako ikasleak Odietan. "Aurtengo Dantzaran! hiru akademietako ikasleak arituko dira. Beste dantza eskola batzuk ere badaude herrian, baina ezin izango dute jaialdian parte hartu", argitu du Bakedanok.
Maiatzaren 20a, berriz, euskal dantzei gorde die. Egun osoko programazioa antolatu dute larunbaterako. "Pentsatu genuen euskal dantzei bere garrantzia eman behar zitzaiela eta horregatik antolatu dugu egun hau". Eguerdian, 12:30ean hasita, dantza kalejira bat egingo dute herriko kaleetan zehar Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, Zutrik taldeko musikariek lagunduta. "Inauterietan egiten dugun dantza kalejiraren antzerakoa izango da, baina kasu honetan euskal dantzekin", aipatu du antolatzaileak. Arratsaldez, 18:30ean hasita, plazadantzak izango dira Ondartxo plazan. "Tailer antzerako bat izatea nahi dugu jendeak plazadantzak ikasi ditzan". Ondoren, 19:30ean hasita, erromeria izango da Ondartxo plazan bertan Trikidantz taldearekin.
Aurtengo Maiatza Dantzanekin bukatzeko, azken asteburuan, hilaren 27an, Astindu Eguna izango dute. "Urtero gordetzen dugu asteburu bat guretzako, elkarteko bazkideentzako. Aurten ere tailer batean dantza estilo jakin bat ezagutzeko aukera izango dute Astinduko bazkideek. Tailerra charleston estiloari buruzkoa izango dela ere iragarri du Bakedanok. "Swing musikarekin lotutako dantzetako bat da charlestona, lindy hopa edo beste dantza estilo batzuk diren bezalaxe", dio Bakedanok.
Behin tailerra amaitzean, bazkideen arteko bazkaria izango dute, baina haren amaieran izango dute, seguru, dantzan aritzeko aukera bat baino gehiago.