Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Herria bizirik mantentzeko erreminta ona da euskal dantza»

Dokumentuaren akzioak

«Herria bizirik mantentzeko erreminta ona da euskal dantza»

Biografia. Kepa Artetxe Atutxa 1939, Galdakao. «Ajustadore» lanetan pasa ditu enpresa munduko urte guztiak, baina Euskal Herri osoan ez da horregatik ezaguna izan Artetxe, euskal dantzen inguruan egin dituen ikerketa, berreskuratze eta lan guztiengatik baizik. Dantzan hazi zen Elexaldekoa, eta Andra Mari Dantza Taldeko sortzaile izateaz gain, talde honi esker ezagutu mundu osoa. Eredu ditu Alejandro Aldekoa, Txelu Etxebarria, Juan Antonio Urbeltz, Gaztedi eta Dindirri dantza taldeetako hasierako kideak, Sabino Larrea, Amantxi Meabe… eta beste hainbatekin gure folklorearen alde egindako lanagatik, baina baita eurengandik ikasitako denagatik ere.
Egilea
Jon Gomez Garai / Julio Legarretaetxebarria
Komunikabidea
Binke
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/06/14
Lotura
Binke

Folklore euskaldunean Euskal Herri osoan da ezagun Kepa Artetxe dantzaria. Betiko dantza maisua izanik, ehunka dira bere irakaspenetatik pasa diren dantzazaleak. Transmisio hutsaren eredu da, eta berak jasotako modu berean irakasteko gogoz hartu gaitu bere Elexaldeko baserrian. Berak hartu du lekua, eta gu eseri zein grabatzen hasi aurretik hasi da kontu kontari. Zabalik dagoen liburua da Artetxe, eta inoiz ez zaizkio herri-aberastasunez betetako orriak amaituko.

Zergatik dantzatu behar du Herri honek? Lehenengo norberaren gorputza alaitzen dozulako. Baina, dantza, gure Herria ulertzeko beste modu bat da. Herri bakotxeko dantzak ezagututa errazago ulertuko dozu bertako kulturea eta izakerea, dantzan egiteko modua hortik datorrelako.

Dantza taldeak egotearen zeregina berdina al da Franco garaian, Andra Mari Dantza Taldea sortu zenutenean, eta gaurko egunean? Lehen dantzan egitea desafio bat zan. Militantzia handiko beharra, horren gaineko kontrol handia egoalako. Gure dantzak euskal nortasuna eta kontzientzia historikoa mantentzeko beharrezkoak ziran lehen.

Eta gaur egun ez? Izan beharko leukie, baina nortasuna galtzen gabilz, guztiz. Jendea lo dagoala ikusten dot, edo gureak ez diran beste kontu batzuei begira. Jendeak non bizi garan be ez daki, ezta zelako altxor kulturala daukagun gurean be.

Azken aldian «zientifikotasun» asko baina gogo gutxi dagoela esan izan duzu Gaur egun mundu guztiak berba asko egiten dau baina egin, gitxi. Lan egiteko gogorik ez dago, baina kexatzekoa bai. Asteburuetan herrira jaisten garanean poteren bat hartzen konturatzen gara… jendeak be gure Herriaren inguruko gaiak ahaztu dauz, ez dau berbarik egiten. Eta berba egiten dauanak be, horixe, berba baino ez.

Horrekin jendearen militantzia maila gutxitu egin dela esan gura duzu? Niretzako bai. Eta zer esanik be ez politikoki: militantzia bozkatzea dala uste dau jendeak. Ganera arerioak ezarritako sistemaren eta hauteskundeen barruan bozkatuta, jakina. Dantza taldeetara ekarrita, lehen dantzan egiten genduanok borrokalariak ginan, desafio hutsean egiten genduan dantza eta lan itzela egiten genduan ez dantzagaitik bakarrik, gure Herriaren kulturea bizirik mantetzeagaitik be.

Zenbateko garrantzia du jendearen konpromisoak talde batean? Talde bateko kideen konpromisoa dana da edozein talderentzako. Jendearen konpromisoak egingo dau transmisioaren haria ez etetea, eta beraz talde hori urte luzez bizitzea. Halanda be, konpromisoa euki behar da ez bakarrik taldean lan egiteko, ikasten dogun horrenganako be bai, ikasi dogun moduan dantzatu eta irakasteko gure hurrungo belaunaldiei. Gure iraganari errespetua zor deutsagu, zer garan eta nora goazen jakin daigun. Hori holan egiten ez bada, etorkizuna galduko dogu.

Iragana errespetatzeaz ari zarela, oso modan daude dantza konpainiak. Zer dira dantza talde tradizionalentzat? Dantza tradizionala egiten dabela esaten ez daben bitartean, hain txarrak be ez dira… baina talde tradizionaletatik urrundu beharko leitekezala uste dot, jendea ez nahasteko koreografia barri baten eta betiko dantza kultural baten artean. Izan be, dantza konpainia euskaldun gehienek dantza tradizionala daukiela oinarri, eta badagoz pausuak ondo jaso eta errespetatzen dabezenak, baina beste batzuek…

Ibilbide luzea du Andra Mari Dantza Taldeak, eta Euskal Herriko dantza taldeen artean eredu ere badela esan daiteke. Zelan eutsi diezaioke taldeak maila horri? Ez da erraza, gaur egun ez dagoalako jarraitzeko motibaziorik. Esaterako, denborak izan doguz 70 saio inguru emoten genduzanak urtean Andra Marigaz, gaur dozena batera heltzen badira, pozik. Erakundeek ez deutsie kultureari kasurik egiten, ez dabez dantza taldeak eta kulturagaz lotuta dagozan alkarteak kontratatu gura, eta horrek makaltzera eroaten zaitu. Holantxe daukagu gure kulturea, makal-makal, eta ondorioz Euskal Herria bera.

Imajinatuko zenuke orain 65 urte pasatxo, taldea sortu zenutenean, gaur dantzan jarraituko zenuenik? Inondik inora be ez! Baina niretzako ohore handi bat da, gure kulturaren adar baten bitartez herria hainbeste urtetan suspertuten egon izana.

Galdera oinarrizko bat ahaztu dugu: zelan eta zergatik hasi zen Kepa Artetxe dantzan? Dantzan egitea beti gustatu izan jat. Oso kontu herrikoia dala pentsatu izan dot ganera, eta herrikoia dan neurrian herria bizirik mantentzeko erreminta ona iruditzen jat. Txiki-txikitatik ikusi izan dodaz familikoak kantu eta dantzan, ama batez be. Zelan gustetan jakon dantzan egitea amari… Bere oroitzapena daukat Elixaldeko plazan dantzan, beti dantzan (irribarretsu).

Jazarpen handia zuen dantzan egiteak, zelan sortu zenuten beraz Andra Mari? «Acción Católica» taldean gengozan gaztetan, elizaren parte zan taldean, eta orduantxe hainbat mutil egoten ginan oso euskaldun eta abertzaleak, dantzan egitea be gustatzen jakunak. Gure herriaren nortasun eta egoeragatik arduratuta gengozan, eta kultura berreskuratu eta indartzeko modu baten legez ulertu genduan dantza. Kontrol handia baegoan dantzen gainetik, zozergatik izango zan. Holan ba sortu genduan Andra Mari Dantza Taldea.

Hainbatean aipatu duzu abertzaletasunarekin lotu izan dela dantza tradizionaletan aritzea. Baina baita ligatzearekin ere? Bai, dantza batzuk, batez be «agarrauak». Neska-mutil bikotean alkar hartuta dantzan egiten diranak, horreik elizak debekatu egiten ebazan, ligatzen ibiltzen ginalakoan. Eta dantza txapelketaren batetik be deskalifikatu izan deuskue, jotaren bat dantzatu eta buelta emoterakoan neskari berna zati bat ikusi jakolako.

Gaur egun ordea, askok jota, porru, fandango edo arin-arinak taldeka eta borobilean dantzatzen dituzte. Denak denen artean ligatzen ari direla esan nahiko du horrek? Lehen holan egiten baziran pekatutik urrun egoteko izango zan, baina ez eukan ez hankarik ez bururik bikoteka dantzatzeko dantza bat taldeka dantzatzeak, dantza bakotxak bere ezaugarri eta bete beharrak daukaz eta. Beraz, lehen zentzurik ez baeukan holan dantzan egiteak, gaur egun be ez. Eta holan ligatu, hainbeste pertsona tartean eta hain urrun? Zer diñozu! (barreka)

Zenbat zor dio euskal jendarteak gure aurreko belaunaldiek egindakoari? Dana. Gure aurreko belaunaldiek egindakoagatik gara gaur garana. Eta hori ikasi, baloratu eta errespetatu beharko geunke gero holan erakusteko gure ondorengoei. Gauzak diran moduan ikasi eta erakutsi beharko geunkez gure herriari errespetuagatik. Baina orain, badago horren kontzientziarik?

Askok krisi ekonomikoaz hitz egiten dute. Ez al du inork krisi kulturalaz hitz egin behar? Krisi kulturala, eta beraz, krisi nazionala. Horixe da sufritzen gabilzana. Eta inork ez dau horren inguruan berba egiten. Dagoaneko Herri honen iparra galduta daukagula uste dot. Estatu espainiarrak eta frantsesak lortu dabe, Euskal Herria maite eta bere aldeko politika egin gura dabenak, estatu bi horien arauen barruan sartzea olgetan. Bizi dogun krisi kulturala hortik dator neure ustez.

Politika asko maite duzula ikusten da, baina ez dituzu alderdi politikoak maite. Zelan da hori? Politikea gustatzen jat politikea beharrezkoa dalako, hori barik ez dago zereginik. Baina ez jatana gustatzen da alderdi abertzaleak zelan jausi diran arerioaren jokoan. Ez dakit uste daben espainolak tontoak dirala eta ezer lortuko dabenik euren kontura.

Lortu, lortzen dabiz, ezta? Bai, espainola moduko estatu anti-demokratiko baten eskutik jasotzen dabezan opariak, ezta? Bai zera! Politikan ez da oparirik existitzen. Eta lagunik be ez, gutxiago oraindino Espainiagaz. Euskal alderdiek Euskadirentzako lortzen daben dana gure herria oraindik gehiago saltzearen truke dala uste dot. Holan ez goaz inora.

Tira, goazen bai nonbaitera, zure aker eta ahuntzek «handik goitik» solte jarraitzen dute eta… Egia! Goazen euren bila! Sutean ardautxu bat hartuko dogu lehenago eta Uraburutik gora igoko gara gero. Goizean solte itxi dodaz zuekaz egoteko, baina orain etxolara sartu behar doguz eta, ia kasu egiten deustien eta arin bueltatzen diran gugana!


Kepa Artetxe: "Herria bizirik mantentzeko erreminta ona da euskal dantza"

Kepa Artetxe, dantzaria eta ikertzailea. Argazkia: Julio Legarretaetxebarria

ARIN ARIN!

Asteko egun gogokoena. Zapatua.

Zure herriko txoko gustukoena. Elexalde!

Liburua ala tablet-a? Galdetzea be…

Pelikula bat. Oestekoak.

Ez duzu onartzen… Espainola nazala esatea.

Zoriontsu egiten zaitu… Dantzan egiteak.

Plater bat. Ez dago plater bat gustatzen ez jatanik.

Deskribatzen zaituen berba. Positiboa.

Herrian zer kenduko zenuke? Erdera, arerioak inposatutako hizkuntza.

Zer berria jarri? Galdakoztar euskaldunak batuko gaituan plaza bat.

Euskarazko berbarik politena. Amandre, gitxi erabiltzen da orain.

Zure ametsetako bidaia. Euskal Herria hobeto ezagutzea.

Berba egin ala entzun? Beste aldean dagoanaren arabera.

Abesti bat. Aitek Gabonetan kantatzen eban «Hiru ta hiru sei».

Zure mesanotxan ezin da falta… Gure herriko libururen bat.

Dokumentuaren akzioak