dFeria-Dantza
Ideia, koreografia, zuzendaritza: Fernando Lopez. Interpretazioa: Germain Boungou, Fernando Lopez. Tokia: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, Club aretoa. Eguna: Martxoaren 12a.
Historian zehar, dantza-mota asko moldatuak eta, kasu batzuetan, debekatuak izan dira. Antzoki eta oro har instituzio kulturalak burgesiari lotuak egon dira, haren balioen menpeko, beraz. Balio-sistema hertsi horretatik ateratzen zena lotsagarria, lizuna edo baldarra kontsideratzen zen. Halakoxea omen zen tango flamenkoa, XIX. mendean Espainiara iritsi berritan. Kuban zuen sorterria, esklabo afrikarren ondorengoek bultzatua. Horretaz guztiaz badu zer esanik espektakulu —berak aipatu bezala— honen sortzaileak, Fernando Lopezek, dantzaria ez ezik, filosofoa ere bai baita, Historia queer del flamenco liburuaren egilea (Flamenkoaren queer historia).
Flamenco Negro izendatutako proposamen eszenikoak ikerketa akademikoa, artxiboko bideoak eta dantza zein kantu flamenkoa kateatzen ditu. Jada XIX. mendean ez gauden arren, beharbada egon badago oraindik gure geneetan gerrialdeko mugimenduak egiteagatik edota ipurdia astintzeagatik aztoratzen den izakiren bat; Viktoria Eugenia dotorean lekua hartu eta bi gorputz ez-hegemoniko horiek —Germain Boungou, Fernando López— eszenan ikustean, alde batera eta bestera begiratzen duena, besteen erreakzioari adi, urduri. Urduritasun hori, baina, segituan bihurtzen da irribarre, giroan nolabaiteko deserosotasuna eragitea sortzaileen apustuaren parte dela ohartzean: baztertua, alboratua, gaitzetsia den horren inbokazioa. Poliki-poliki, ikuslea bidaian eramango dute: Donostiako iragan aristokratikoa ahaztu eta basoan barna akelarrera dantzan eramateko.