Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri Uzta festibala, euskal kulturaren tradizioa eta berrikuntza biltzeko

Dokumentuaren akzioak

Herri Uzta festibala, euskal kulturaren tradizioa eta berrikuntza biltzeko

Herri Uzta festibalaren 12. edizioak urriaren 10etik 13ra hartuko du Uztaritze, euskal kulturaren tradizioari eta sorkuntza garaikideari gorazarre egiteko. Herri Soinu elkarteak antolaturiko egitaraua berrikuntza anitzekin heldu da bai musika programazioan, baita dantza eta ikus-entzunezkoetan ere.
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Uztaritze, Arrangoitze
Mota
Albistea
Data
2024/10/10
Lotura
Kazeta
Festibalak euskal kulturari espazioa ematea du xede, belaunaldi berriek tradizioarekin harremanetan jarrai dezaten. (Artxiboko irudia)
Festibalak euskal kulturari espazioa ematea du xede, belaunaldi berriek tradizioarekin harremanetan jarrai dezaten. (Artxiboko irudia) (Ekhibegia)

Gaurtik hasita eta iganderarte ospatuko den Herri Uzta festibalak tradizioari begira da beti, baina ez dio horregatik berrikuntzak ekartzeari utziko. Herri Soinu elkarteak antolatzen duen ekitaldiak euskal kultura, musika eta dantza tradizionala ezarriko ditu agerian, sorkuntza berrien bidez ere, belaunaldi guztiei zuzentzeko. Festibala Uztaritzen iraganen da nagusiki, eta bertako hainbat espaziotan eskainiko dituzte ekitaldiak.

Ostegun honetan emanen diote hastapena festibalari. Lehenik, ‘Talokuiz’ ekitaldia ospatuko dute, Gure Irratiak antolatutako euskarazko blind-test dibertigarria. Julie Rouaul artista uztariztarrak kontzertua eskainiko du ondotik, euskarazko eta frantsesezko kantu goxoak uztartuz, pop estiloan.

Biharamunean, urriaren 11n, Uztaritzeko gaiteroek hartuko dute plaza, Gaita Luze proiektuarekin. Kataluniako instrumentugile batekin elkarlanean sortua, gaita luze instrumentu berritzailearen aurkezpen formala egitea du xede.

Andoni Oilokiegi arduratuko da giroa animatzeaz, 21:00etatik goiti, euskal eta nazioarteko abesti ospetsuen bertsio originalak eskainiz. Gaua borobiltzeko, Mirabe rock talde lohizundarrak kontzertu bidez aurkeztuko du bere lehen diskoa, Herra Hutsa (2024).

Jardueraz beterik helduko da urriaren 12a, larunbata. Goizean, merkatuan Mutxikoak dantzatu ahalko da, Erdizka taldearen gidaritzapean. Arratsaldean, kontzertuak izanen dira Bilgunen. ZEZE poliinstrumentistaren ikuskizun bereziarekin abiatuko dira. Doinu elektronikoak eta munduko musika tresna tradizionalak uztartuko ditu, txistua, ttun-ttuna eta gaita galega bezalako instrumentuekin esperimentatuz. Geroago, Nat eta Watson bikoteak Herri Uzta kantuz emanaldia eskainiko du, eta azkenik, Mul'n Jul bikote uztariztarraren euskarazko eta frantsesezko kantuek alaituko dute gaua. Egun osoko eskaintza urririk izanen da.

Zer egina izanen da festibalaren azken egunean ere, urriaren 13a, Arrangoitzen ospatuko den  Mutxikoaren Egunean. Goizeko 11:30ean, Ezpeletako txarangaren laguntzarekin, herri-dantzak izanen dira protagonista. Ondoren, eszena irekia eskainiko zaie musikariei eta bertaratzen diren guztiei. Bazkaria ere bertan izanen da, ikastolen sustenguz. Arratsaldean, emanaldi bereziak eskainiko dira: Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari ikuskizuna estreinatuko du Ipar Euskal Herrian. Bide beretik, Rohkame abesbatzak Rohkame kantuz emanaldia aurkeztuko du, eta Burrunka taldeak Lurraren Zainka bere ikuskizun berriaren lehen urratsak erakutsiko ditu.

Elkarte antolatzaileak, Herri Soinuk, honela deskribatu du festibala: «tradizioan azkarki erroturik, baita sorkuntzari begira ere. Bere nortasuna egiten duten sustraietan oinarrituz eta bere etorkizuna elikatuko duten fruituak eramanez». Herri Uztaren esentzia, hain zuzen ere, horretan datza: tradizioaren eta modernitatearen arteko fusioan, eta euskal kultura gaurkotasunera ekartzean, beste kultura eta diziplina artistikoekin elkarlanean.

Dokumentuaren akzioak