Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri txikian, talde handia

Dokumentuaren akzioak

Herri txikian, talde handia

Busturiko Irrintzi Alai dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du aurten. Mende erdiko ibilbidea ospatzeak merezi duelakoan, urte osorako egitaraua prestatzen ari dira.
Egilea
Olaia Zabalondo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Erreportajea
Data
2018/01/26
Lotura
Busturialdeko Hitza

Busturia herri txikia bada ere, talde handiak dauzka. Horietako bat da Irrintzi Alai dantza taldea. 50 urteko ibilbidea darama taldeak, eta asko eta asko dira talde horretan ibilitako herritarrak. Mende erdiak merezi duela iritzita, ospakizunekin betetako urtea izango da Irrintzi Alai dantza taldearentzat.

http://busturialdea.hitza.eus/files/2018/01/Irrintzi-Alai-5.jpg

Lehenengo hitzordua Axpeko San Blas egunerako jarri dute. «Orain arte ez dugu gauza handirik egin egun horretan. Aurten, baina, zapatua denez eta urteurrena ospatzen ari garenez, erromeria informal bat prestatzen gabiltza. Aingerubideko kultur etxean izango da, arratsaldez», azaldu du Irrintzi Alai dantza taldeko Itsasne Bilbaok.

Ondoren, aratuste eguna izango dute. Baina gaur egun dantza taldean dauden dantzariez gain, herritarrak ere deitu dituzte aratusteetako kalejiran parte hartzera. Proba saioak barikuetan egiten dituzte, 20:00etan, antzinako nesken eskolan. Luzaideko dantzak egingo dituzte, «jende askok jadanik badakizkienak, errazak».

http://busturialdea.hitza.eus/files/2018/01/Irrintzi-Alai-1.jpg

Parte hartzeko deia. Jai nagusia, hala ere, sanmigeletan egingo dute, irailean. Taldekideek uste izan dute Irrintzi Alai dantza taldea sanmigeletan hasi zela martxan. Hala eta guztiz ere, urteurreneko ospakizunak prestatzeko herritarrekin egindako batzarretan jakin izan dute Itsasoko Ama Birginaren egunean hasi zuela taldeak ibilbidea, abuztuan.

Jai nagusi horretan ahalik-eta herritar gehienak batzea dute helburu, 50 urteotan taldean egon diren ahalik-eta dantzari gehienak, alegia. Hortaz, herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera. Ondoren, herri bazkarian batuko dira.

Hitzordu horretarako ez ezik, gainontzekoetarako ere parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Izan ere, herriko jai bakoitzean belaunaldi ezberdinetako dantzarien erakustaldiren bat prestatzeko asmoa daukate. «Zaila dela badakigu, eta ez dakigu zelan egingo dugun, baina oraindik denbora daukagu prestatzeko», adierazi du Bilbaok.

Argazki erakusketa bat ere egin gura dute irailean, eta horretarako argazkiak batzen hasita daude. Gainera, urte guztiko ekitaldietako argazkiekin ere beste erakusketa bat egin gura dute, azken hori urte amaieran.

http://busturialdea.hitza.eus/files/2018/01/Irrintzi-Alai-2.jpg

Hastapenak. Ez daukate ezer idatzita, eta herrian galdezka hasi dira taldea zelan sortu zen jakin ahal izateko. Esan dutenez, taldearen historia kontatzen duen liburuxka bat kaleratzeko asmoa daukate.

Irrintzi Alai dantza taldea sortu aurretik, Goizeko Izarra deitzen zen talde bat bazegoen, antza denez. Auzoetako jaietan dantza egiteko batzen zen taldea zela diote. Talde horretan hasitako Rafael eta Rosa Mari Ormaetxea anai-arrebek sortu zuten ondoren Irrintzi Alai dantza taldea: «Altamiran sortu zen, eta albistea zabalduta, hainbat herritar batu ziren taldera. Adin ezberdinetako mutilen hiruzpalau talde batu zirela esaten dute, eta nesken bizpahiru talde».
Hala ere, egun batetik bestera, mutilen taldea desagertu egin zela azaldu dute. Denboraldi batean neskekin bakarrik egiten zuten dantzan, eta betidanik jarraitutasun handiagoa izan du nesken taldeak.

German Araluzeak eta Rosa Mari Ormaetxeak taldearen ardura utzi ostean, Doro Zobaranek eta Agurtzane Madariagak hartu zuten lekukoa. Ramon Uriagereka Irrintzi Alai dantza taldeko beteranoaren esanetan, «Forura joaten ziren dantzak ikastera, gero Busturian irakasteko». Sasoi hartan, mutilen taldea berreskuratu zuten, nahiz eta beranduago berriro desagertu. Urte askoan, taldea neskekin bakarrik mantendu dela kontatzen dute.

Geroago, Maria Jesus Irujo Txusa-k hartu zuen taldearen ardura, eta oraindik berak darama. Gaur egun, 50 dantzari inguru daude taldean, eta nagusien artean mutilen kopurua «polita» da, nahiz eta umeen kopurua gutxitu egin den.

http://busturialdea.hitza.eus/files/2018/01/Irrintzi-Alai-3.jpg

Dantza taldeko musikariak ez dituzte ahaztu gura izan, «dantza talde bat musikari barik ez delako ezer». Hala ere, boladaren batean txistularien falta ere izan dute, Uriagerekak aipatu duenez. Marta Elorrieta akordeoi jotzaileagaz akordeoia jotzen ikasi duten hainbat neska ere egon direla azaldu dute.

Musikari izandako guztiak ere batuko dira urteurren honetarako, eta eurentzako egun berezi bat ere antolatuko dute. Oraindik, hala eta guztiz ere, ez dute eguna zehaztu.

Aldaketak. 1978. urte inguruan, Bizkaiko dantzarien biltzarrean sartu zirenean, zenbait aldaketa egin behar izan zituzten; dantzetan ez ezik, janzkeran ere bai. Kontatzen dutenez, busturiarrek txapel beltzagaz dantza egin izan dute beti. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, baina, txapel gorria erabiltzea eskatzen du. Hortaz, Bizkaiko dantzari egunerako gorria jarri beharra edukitzen dute; «baina egun horretarako bakarrik», zehaztu du Uriagerekak.

Herrian auzo asko dituzte, eta denetan dantza egiten dute jaiak direnean. San Kristobal, Paresin eta San Bartolomen, ohikoena izaten da umeek dantza egitea. Altamiran, dantzari nagusien txanda izaten da. Axpen, berriz, Santiago egunean nagusiek egiten dute, eta San Ana egunean, berriz, txikiek. San Migel egunean, adin guztietako dantzariak batzen dira.

Historikoki dantzarik arrakastatsuena mutilen Dantzari dantza dela uste dute. Hala ere, Busturian, Paresin edo San Bartolomen, umeen bizar dantza beha-
rrezkoa da, eta Axpen, santiagoetan, ohorezko aurreskuak ezin du hutsik egin.

Herritarrek, Busturiko Udalak eta Arrotegi egoitzak emandako laguntza eskertu gura izan dute, «handia baita». Eta zelan ez, 50 urte hauetan dantza taldean egondako guztien lana ere eskertu gura izan dute, «izen asko eta asko baitira, eta denak aipatzea ezinezkoa baita».

Dokumentuaren akzioak