Dokumentuaren akzioak
Herri Musikaren II. Jardunaldiek dantzekiko harremana aztertuko dute
Herri Musikaren Txokoa eta Dantzarien Biltzarra dira antolatzaile Asteburuan izango dira Oiartzunen
Oiartzungo Herri Musikaren Txokoko arduraduna den Juan Mari Beltranek hau esan zuen atzoko aurkezpenean: «Orain, globalizazio garai honetan, ez dago oso modako herri kultur mundua, baina gu horretan gabiltza. Jardunaldi hauek gai monografikoren baten inguruan antolatu nahi izan ditugu beti, eta iaz Bertsozale Elkartera jo genuen, herri musika eta bertsoen arteko harremana baikenuen aztergaia. Aurten, lehengo formularen antzekoa erabiliko dugu: batetik saio teorikoak, bestetik jaialdiak. Eta larunbat arratsaldean, nahi dutenek beren ekarpenak aurkeztu ahal izango dute».
Euskal Dantzarien Biltzarreko Gipuzkoako lehendakaria den Xabier Mendizabalek honela jardun zuen atzoko aurkezpenean: «XVIII. mendera arte, herri guztiek zuten beren musikaria, danbolineroa alegia. Dantza saioak ere berauek antolatzen zuten. Danbolineroa arduratzen zen dantzak irakasteaz eta, halaxe, informazioa belaunaldiz belaunaldi igarotzen zen. Baina XIX. mendean krisia etorri zen, Juan Ignazio Iztuetaren bidez jakin duguna. Danbolineroek utzi zioten dantzak behar bezala irakasteari».
Irigoien eta Ansorena
Jardunaldiok Oiartzungo Udalaren laguntza dute eta atzo Martin Beramendi alkateak esan zuen jardunaldiok bat datozela «globalokalizazioa» delakoarekin.
Larunbat goizean aditu hauen hitzaldiak entzun ahal izango dira: Iñaki Irigoien (Herri dan- tzarako doinu eta jotzeko tresnak); Jose Inazio Ansorena (Herri dan-tzarako musika jolea) eta Elías Martínez (El músico tradicional y las danzas procesionales en la provincia de Valladolid). Bazkalondoan, Herri musika eta herri dantza gaiaren inguruko ekarpenak egin ahal izango dituzte interesa dutenek.
Igande goizeko tailerrean, Josu Larrinaga herri-dantza eskolei buruz ariko da; Patrick Queheille, Zuberoako dantzez; eta La Charambita taldeko kideak, Gaztela-Leongo herri dantzez.
EGITARAUA
Larunbata: Goizean, mintegia Ergoien auzoko elkarteko aretoan. Arratsaldeko 7:30etatik aurrera, jaialdia Oiartzungo kiroldegian, Zuberoako Bizkaiko, Gipuzkoako eta Gaztelako dantzaera batzuk erakusteko.
Igandea: Goizean, herri-dantza tailerra Ergoien auzoko elkarteko aretoan. Arratsaldeko 5etatik aurrera, Haurtzaro ikastolako frontoian, erromeria. Hasteko, koplak, gero Lartaun txistulari taldea, Valladolideko La Charambita taldea eta Gasteizko Udal Herri Musika Eskolako albokariak; eta bukatzeko, Roberto eta Kepa bizkaitar trikitilariak, Alkarkide txaranga eta Iruñeko Gaiteroak.
Izenematea: Mintegi eta tailerrean parte hartzeko, Oiartzungo Herri Musikaren Txokoko telefono eta faxa: 943-493578.
Dokumentuaren akzioak