Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri kulturaren erraietatik

Dokumentuaren akzioak

Herri kulturaren erraietatik

Egilea
Erkuden Ruiz
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Olazti
Mota
Albistea
Data
2021/04/21
Lotura
Guaixe
Askoa Etxebarrieta 'La Pulga'-ren eta Miren Amurizaren 'Gorria' ikuskizuna. UTZITAKOA

Askoa Etxebarrieta Lasheras 'bailaora' da eta Miren Amuriza Plaza bertsolaria. Hasiera batean hain desberdin diruditen bi diziplina elkartu dituzte 'Gorria' "esperimentuan" edo "elkarrizketa" artistikoan

Duela hiru edo lau urte Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga flamenko dantzari gasteiztarrak Berrizko festetan ikuskizun bat egin zuen. Bertan Miren Amuriza Plaza bertsolariak emanaldia ikusi, eta "flipatu" zuen. Amurizak elkarrekin "zerbait egiteko" eskatu zion, "proposamen zehatzik" egin gabe. Bi diziplinekin "esperimentatzen eta jolasten" hasi ziren, eta Gorria ikuskizuna sortu zuten. Gorria ez da flamenkoaren eta bertsolaritzaren fusio ikuskizun bat. Gorria bailaoraren eta bertsolariaren artean egiten den elkarrizketa bat da, bakoitza bere esparrutik. Bihotzera iristen den ikuskizuna da, sortzaileen hitzetan. Apirilaren 24an, larunbata, 19:00etan, Olaztiko kultur etxean emanaldia eskainiko dute.

"Ez naiz flamenkoan aditua, baina iruditzen zait asko transmititzen duen arte bat dela". Amurizari La Pulga flamenko ikuskizunetik gehien erakarri ziona "bere energiak eta adierazkortasuna" izan ziren, "bere bulkada hori kontrastatzen duela gure oholtzan egoteko moduarekin; gu oso zurrunak gara, burutik aritzen gara". Flamenkoan indarrarekin mugitzen direla iruditu zitzaion Amurizari, "aurpegiarekin ere transmititzen zuen". Beste kode batean hainbeste esatea "oso erakargarria" iruditu zitzaion.

Flamenkoa "basatia eta oso pasiozkoa" dela esan du Etxebarrietak; emozio asko daude. Bere bizitzako "pasioa" da. Gasteiztarra izan arren, flamenkoaren zaletasuna konpasa edo palma ikastaro batean sartu zitzaion, pertsona bat erdira dantzatzera atera zenean, "flamenko parrandetan bezala". Korrilloan sortzen den energia horrekin busti zen, eta flamenkoa dantzatu nahi bazuen Granadara joan behar zuela pentsatu zuen. "Betidanik egin dut dantza: balleta egiten nuen eta garaikidea egin izan dut. Dantzarekin lan egitea gustatzen zait ere". Perkusio zalea ere bada, eta flamenkoak ere hori eskaintzen dio: "Erritmoa, konpasa, oso garrantzitsua da. Oinekin egiten diren jokuak ere erritmoak dira". Oinen jokoak, soniketeak, erritmo aldaketak eta abar izan ziren erakarri zituen lehenengo elementuak. Los Chunguitos eta Los Chichos rumbalarien zalea ere bada.

Herri kultura
Sortzen hasi aurretik deseraikiz prozesua egin behar izan zuten. Amuriza: "Besteak zer egiten zuen ulertu behar izan genuen lehendabizi. Nik neukan bailaoraren irudi bat eta berak bertsolariaren irudi bat aurreiritzi askorekin; kanpotik eduki daitekeen irudia". Bertsolaritza euskal ahozko literaturatik dator, flamenkoa oinarria Andaluzian duen dantza bat. Baina espresio "oso desberdinak" izan arren, biak herri kulturatik eta inprobisaziotik datoz, eta "elementu komunak" dituzte, Etxebarrietak azaldu bezala: "Azkenean ez dira hain desberdinak. Bertsoetako koplak eta doinu batzuk flamenkoaren estrukturaren antzekoak dira".


'Gorria' ikuskizunaren une bat. UTZITAKOA

Gorria ikuskizuna esperimentu bat bezala deskribatzen dute. "Gure asmoa ez zen fusioa egitea, baizik eta munduan gertatzen ari diren gauzen inguruan daukagun emozioak eta sentipenak bakoitzak bere diziplinaren bitartez adierazi". Bien arteko elkarrizketa bat ematen da. Letra "indartsuek" flamenkoaren indarrarekin bat egiten egiten du eta alderantziz. "Energiak eta emozioak transmititzen du, bihotzetara iristen da", gaineratu du Etxebarrietak.

Erraietatik egindako lan bat da, "oholtzan egoteko bi modu oso desberdinekin transmititzera iristen gara". Oinarrian biek egiten dutenarekiko "griña eta pasio handia" dagoela esan du Amurizak. Bertsolariaren kasuan, inprobisazioa alde batera utzi behar izan du, eta testuak ikasi behar izan ditu. "Hasiera batean hobe izango zela uste nuen, baina beste gauza batzuk ikasi behar izan ditut". Musikaren eta bailaoraren erritmoa jarraituz kantatzen ikasi behar izan du ere. "Ni ez naiz kantaora ezta gutxiago ere, baina doinua jarraitu behar dut askotan". Ikuskizunean dena dago neurtuta: argiteriak ere gauzak kontatzen ditu, jantziteria flamenkoa da "baina ez da flamenkoa" eta abar.

Edozer gauza bezala flamenkoa zein bertsolaritza praktika kontua dela esan dute bi artistek. "Erraztasun handiagoa edo txikiagoa izan dezakezu, baina edonork ikasi dezake bertsotan". Talentu kontua da flamenkoan ere. "Flamenkoan oso garrantzitsua da erritmoa jarraitzea, abeslaria entzutea eta jarraitzea". Bi dizplinak, aldiz, saioak prestatzeko modu desberdinak direla azaldu du Amurizak: "Bertsolariak saioa hasi baino ordu erdi lehenago joatearekin nahikoa da, baina Askoak aurretik berotzen du, prestatzen da… Guk beste modu batera egiten dugu; astean zehar egunerokotasuna jarraituz". Hala ere, bietan "orduak" sartzea ezinbestekoa da.

Dokumentuaren akzioak