Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri izaera sendotzeko ondarea

Dokumentuaren akzioak

Herri izaera sendotzeko ondarea

Mairuaren Alardea egingo dute gaur Antzuolan. Tradizioak tradizio, aro orotara egokitzen jakin du

Mairua, desfilea, kanoiak, eskopetadunak, dantzariak, Joxe Mari Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina... Antzuolako Mairuaren Alardean (Gipuzkoa) ikus daitezkeen zenbait elementu dira. Tradizioari jarraituz, herritarrek jaietako ekitaldi nagusia dute gaur, uztaileko hirugarren larunbatean. 19:00etan hasiko da, udaletxeko arkupeetan, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu.
Egilea
Miriam Arandia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2015/07/18
Lotura
Berria

Antzuolako ohitura nagusia da alardea, eta balio historiko eta folkloriko handia du, hango historia, nortasuna eta identitatea dituelako oinarri. Ohitura eta ospakizuna; izan ere, elementu erlijiosorik gabeko ospakizun zibila ere bada, eta herritarrek gozatzeko aukera izango dute. Guztira, 200 lagunek hartuko dute parte alardean. «Jaiak ostegun iluntzean hasten dira, baina ekitaldi nagusia da hau», dio alardeko buruzagi Joseba Iparragirrek.

Desfilea herriko pilotalekutik herriko plazara jaitsiko da, eta handik abiatuko da gora; txistularien Marcha de fusileros delakoa jota hasiko da, danbor jotzaileak, fusilariak, kanoiak eta alardeko bandera ere han daudela; atzean, berriz, Mairua erregea egongo da. Musikaren erritmoarekin, Oinarin taldeak Trokeo dantzak jendarteratuko ditu.

Plazako ekitaldi nagusian, alardeko buruzagiak troparen azterketa egingo du Segurako Alborada biribilketaren bidez; ondoren, abesbatzak Iparragirrek Antzuolari eskainitako bertsoak abestuko ditu, eta dantzariak ere arituko dira. Orduan, Mairua zaldi gainean agertuko da kate batez inguratuta, sekitoaren eta gastadoreen babesarekin. Buruzagiak zalditik jaisteko eta sekitoaren armak uzteko aginduko dio gerora; baita udaletxeko arkupeetara sartzekoa ere. Jarraian, buruzagiak hitza hartuko du, Valdejunquerako borrokan izandako jarrera goraipatzeko, eta azalpenak emango ditu. Mairuaren parean jarriko da buruzagia, eta aberria onartzen duen ala ez galdetuko dio bitan.

Antzuolako Mairuaren martxa doinuak entzungo dira ondoren, Mairua bizkartzainekin udaletxetik irten, erregea agurtu eta zaldira igotzen denean. Buruzagiak eskopetak eta kanoiak tirokatzeko agindua eman ostean, alardeari amaiera emango diote Antzuolako Doinuak kantatu bitartean. Alardeko buruzagiak urtez urte antzezlanerako entseguak egiten ditu, gogora ekartzeko: «Hamaseigarrenez izango naiz alardeko buruzagi; aurrekoak 25 urte egin zituen karguan, eta, erretiratu zenean, ni hautatu ninduen; ez nekien ezetz esaten».

Antzinatik, egokitzen

Alardearena, ordea, ez da kontu berria; 1876an euskal foruak galdu aurretik, Euskal Herrian armen eta milizien egoera jakiteko egiten zen, eta, foruak deuseztatu zirenean, antzinako ospakizunak berreskuratzen hasi ziren. XIX. mendetik, belaunaldiz belaunaldi ailegatu da gaur egun arte, eta aldi berrietara moldatzen jakin izan du, garaian garaiko ohiturak kontuan hartuz eta adostasunean oinarrituta.

Proposamenak alardean parte hartzen dutenen eta ez dutenen artean jaso dituzte. Geroz eta alarde osatuagoa izatea lortu dute horrela: «Gaur egungo alardeak ez du zerikusirik duela hamabost edo hogei urtekoarekin, eta zer esanik ez orain dela 40 urtekoarekin; alardea eraberritzeko prozesua martxan jarri zen: Mairuaren figura leundu da, eta buruzagiaren maila berean jarri da». Halaber, genero ikuspegia aldatu dela esan du Iparragirrek, eta, geroztik, emakumeek ere hartzen dutela parte: «Beste herriekiko errespetua eta berdintasuna aintzat hartu da, baita gure herritartasuna, herri harrotasuna eta herriaren independentzia ere. Besteak beste, armarria aldatu egin da, eta hitzaldia euskaraz ematen da orain, ez gaztelaniaz». Iparragirrek azaldu duenez, ikerketa lan bat ere egina dute Eusko Ikaskuntzarekin batera, eta, herritar askoren parte hartzeari esker, egungo alardera heldu dira. «Euskara batuko diskurtsoa ere aldatu da; orain, Antzuolako euskalkian egiten da», gaineratu du.

Alarderako ez ezik, bestelako ekitaldietarako tokia ere egongo da Antzuolako festetan. Goizean goiz, txistulariek girotuko dituzte herriko kaleak. Eguerdi partean, herriko musika bandak kontzertua joko du Zurrategi plazan. Gauean ere musika izango da nagusi: herriko plazan, Joselu Anaiak taldeak erromeria egingo du; txosnagunean, berriz, Itziarren Semeak, Joxe Replay eta Fan&Go taldeak ariko dira.

Guztira, berrehun lagunek hartzen dute parte Antzuolako Mairuaren Alardean, ondarea indarberritzeko asmoz.

Guztira, berrehun lagunek hartzen dute parte Antzuolako Mairuaren Alardean, ondarea indarberritzeko asmoz. DANTZAN.EUS

Dokumentuaren akzioak