Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri bat dantzan

Dokumentuaren akzioak

Herri bat dantzan

Oinkari dantza taldearen 40. urteurrenak herria aztoratu du asteburuan. Ederra izan zen ostiral gaueko ’Oinkari, 40 urtez dantzan’ emanaldia. Polita ikuskizunera iritsi bitarteko bidea, magikoa gaua bera. 200 dantzari taula gainean; oso maila oneko egungo dantzari saiatuak, gogotsu eta ilusioz beteta iritsi ziren dantzari ohiekin batera. Dozena musikari, zuzeneko doinuak dotore eskainiz. 800 ikusle, begiak zabal-zabalik, txaloka, esker-onez... (Jarraitu irakurtzen, izenburua klikatuta).
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Villabona
Mota
Kronika
Data
2015/11/23
Lotura
Aiurri

Indartsu iritsi zen larunbata ere. Eguraldiak ez zuen lagundu eta, ondorioz, kalean beharrean, Olaederra kiroldegian eskaini zuten gazteenek euren saioa. Ia 200 dantzari txiki eta gaztetxo, euren onena erakutsi nahian. Eserlekuak ikuslez beteta, berriz ere. Dantzari gaztetxoenek ere indartsu datozela erakutsi zuten. Arintasuna eta poza zerien, gogoa.

Tio Teronen semeak emanaldiaz gozatzeko aukera izan zen segidan. Dozena dantzari, mutilak denak. Lezo eta Oiartzun aldetik etorri ziren koadrodun alkandoraz jantzitako dantzari finak. Eta zein sorpresa polita, hankak mugimenduan jarri zituztenean. Harridura eta barreak ikusleen aurpegietan. Emanaldi apurtzailea, berritzailea, sekulakoa! Merezitako txalo zaparrada jaso zuten Bearzana pilotalekua bete zuten herritarren eskuetatik.

Autobusen joan-etorriari hasiera eman zitzaion gero Adunara, sagardotegira oraingoan. Primerako giroa nagusitu zen hasiera-hasieratik Aburuzako kupel artean. Lagunekin eta ezagunekin elkartu, hitz eta barre egitekoa. Ez zegoen han bezperakoaren ajerik, dantzan jarraitzeko gogoa baizik. Eta konturatzerako, orduak aurrera. (‘Inork ez al ditu ordulariak geratuko?’, e Estitxu?). Gaua iritsita autobusen joan-etorriak berriro, bueltan Villabonara. Iru Aldetaren parean Lizartzako Isk&bila txaranga zain. Giro paregabea, iskanbila ederra sortu zen Kale Berrian barrena. Zentro tabernaren atarian, bezperako emanaldian eskainitako hainbat dantzaren emanaldi inprobisatua ere izan zen; natural-naturala, foko edota kamerek sortutako tentsiorik gabea. Eta hortik aurrera ere luze jarraitu zuen festak. Denak dantzari, denak kantari.

Herri bat dantzan, saltoka, batuta, irribarrea ahoan. Asteburu berezia izan da Villabonan, denbora luzean ahaztuko ez dena. Herri bat dantzan. Amasar edo billabonatar eta, bereziki, Oinkariko taldekide izateaz harro sentiarazi gaituena.

Txalorik beroenak, beste behin, Eneko Arteaga Oinkariko arduradunari eta Enekorekin batera, asteburu hau eta bide osoa posible egin duten urteurreneko batzordeko kideei. Itzalean etenik gabeko lanean nekaezin aritu diren Alazne, Oihana, Eneritz, Ainhoa, Ane, Eli, Lierni, Jone, Nerea, Nerea, Oihane eta Maiderri. Eta inor ahaztuta utzi badugu, baita hari ere. Txaloak eta txaloak, mila-mila esker sortu duzuen poz eta ageriko ilusioagatik, barruak hunkitzeagatik, hain ondo pasatzeko aukera emateagatik. Aunitz urtez!

Emanaldia / Emanaldiaren aurretik eta ondoren / Oinkariko dantzari txikiak / Tio Teronen semeak dantzan: Argazkiak / Bideoa 1 / Bideoa 2

Dokumentuaren akzioak