Dokumentuaren akzioak
Herri bakoitzak bere inauteriak
Bihartik aurrera Euskal Herriko herri askotan hasiko dira inauteriak; herri bakoitzak bere ohiturak ditu eta inauteriak ospatzeko modu ezberdinak daude.
Herri guztietan egitarau zabala prestatzen dute inauterietarako. Kolorea eta erritmo bizia nagusi izaten da kaleetan. Dena dela, inauteriak ospatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herrian. Tolosako karroza eta mozorroak ospetsuak badira ere, ez dira atzean geratzen AltsasukoMomotxorroak (Nafarroa) edo Lantzeko (Nafarroa) Miel Otxinen azken zigorra. Mozorroez gain, herri askotan pertsonaia bereziak dituzte inauteriak irudikatzeko. Gainera, herri bakoitzak bere tradizioak ditu, eta horiek kontuan hartuta prestatzen dituzte jaiak.
Tolosa
Karrozak eta konpartsak kaleetan
Ostegun gizenarekin hasiko dira inauteriak Tolosan, tradizioak dioen moduan. Jaien hasierarekin suziria jaurtiko dute eguerdian, Plaza Zaharrean. Dena dela, igandetik asteartea bitartean izango dira egun nagusienak. Izan ere, igandean, 11:00etan, karroza eta konpartsen irteera hasiko da Tolosako kaleetan barrena. Astelehenean eta asteartean ere irtengo dira. Egunero karroza xelebreak eta mozorro harrigarriak ikusteko aukera izango da. Horrez gain, gaurtik asteartera, 16:30ean, zezenak izango dira zezen-plazan. Bertan, txarangak eta txistulariak ariko dira ikuskizuna alaitzen. Gero, kalejira izango da. Bestalde, azken urteetan bezala, txosnagunea Euskal Herria plazan izango da. Gaurtik hasita, gauero kontzertuak antolatu dituzte. Gaur, DJ Fer ariko da giroa alaitzen. Bihar, berriz, Desordutan eta Insershow taldeek kontzertua emango dute. Larunbatean, DJ Bullek alaituko du plaza, eta, igandean, Despervicio eta Kantaflor taldeen emanaldia izango da. Gero, Aritz Sound System-en doinuekin jai giroak aurrera jarraituko du.
Lesaka
Zaku zaharren kalejira
Ostegun gizenarekin abiatzen dira Lesakan ere inauteriak (Nafarroa), aurten. Gaur, Arrautza Eguna ospatuko dute. Hala, herriko haurrak etxez etxe ibiliko dira arrautza eskean. Eta igande arte ez da berriro ekitaldirik izango. Izan ere, igandea izaten da egun nagusia. 17:00etan, trikitixa taldeak lagunduta eta Plaza Zaharretik abiatuta, Zaku zahar txikien kalejira izango da. 18:00etan, berriz, Musika Bandak lagunduta Zaku zaharren kalejira antolatu dute. Zaku zaharrek aurpegia trapu batekin estalia izaten dute. Buruan lastozko txapela daramate, eta, eskuetan, pixontzia. Gorputzean, berriz, zaku zahar bat eramaten dute jantzita. Tradizioa jarraituz, zaku zaharrak izaten dira inauterietako protagonista nagusiak. Inauteriak asteartean amaituko dira Lesakan arrautzen eskearekin.
Mundaka
Atorraren eguna
Igandea izaten da inauterietako egunik ikusgarriena Mundakan (Bizkaia). Izan ere, uholde zuri batek hartzen ditu herriko kaleak. Gizonak emakumeen azpiko gona zuriak edo oihal zuriak jantzita ibiltzen dira, eta burua ohe buruko izarekin estaltzen dute. Batzuek bibotea margotzen dute aurpegian. Atorren eguna aspaldikoa da, eta urtero tradizioari eusten diote herriko biztanleek. Igande arratsaldean, berriz, emakumeak laminaz mozorrotuta ateratzen dira kalera. Hala, igande iluntzean, atorrak eta lamiak elkartzen dira inauteriak amaitzeko.
Zalduondo
Markitos, pertsonaia nagusia
Igande eguerdian, gurdi baten gainean jarri, eta Markitos pertsonaiari paseoa ematen diote herriko Zalduondon barna (Araba). Bazkaldu eta gero, beste hainbat pertsona izaten ditu inguruan Markitosek. Atsoa eta agurea, errauts-banatzailea eta errauts-garbitzailea, hartza... Predikariak sermoia botako dio Markitosi, urtean gertatutako gauza txarren bat leporatuz, eta, gero, su emango diote. 33 urte igaro dira herritarrek tradizioari eusten diotela. Izan ere, Francoren diktaduran inauteriak debekatu zituzten. Ostegunean hasiko dira inauteriak eta asteartea bitartean iraungo dute. Jaietako beste ekitaldi ikusgarria karrozen desfilea izaten da, eta igandean bertan egingo dute. Egun osoan karrozak herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
Lantz
Miel Otxin eta Ziripot
Larunbatetik astearte arte bi pertsonaia nagusi izango dira Lantzeko inauterietan: Miel Otxin eta Ziripot. Miel Otxin lapurra harrapatu eta zigortuko dute, dena antzezpenaren bidez, astelehen eguerdian eta astearte arratsaldean. Miel Otxin oso handia denez, herriko indartsuenak -Ziripotek- harrapatzen du, eta herrikoek -txatxoek- lotu egiten dute. Dena dela, Zaldiko zirikatzailea Ziripoten lana oztopatzen saiatzen da, eta behin baino gehiagotan botatzen du lurrera. Kalejira amaitzean, txatxoek zatitu eta su ematen diote Miel Otxini. Suaren inguruan Lantzeko zortzikoa dantzatzen dute herritarrek.
Altsasu
Momotxorroak eta sorginak
Inauteriak beranduago iritsiko dira Altsasura, ez baitira aste honetan ospatuko. Izan ere, herritarrek Santa Agedako ospakizuna eta inauteriak ez dituzte batera ospatu nahi. Otsailaren 10ean, igandean, txikien inauteriarekin hasiera emango diote inauteriei. Baina asteartean, otsailaren 12an, izango da egun nausia, momorrotxoen jaia izango baita. 17:00etan, momotxorro txikien elkarretaratzea egingo dute herriko kaleetan. 21:00etan, berriz, momorrotxo helduen ordua izango da. Lehenbizi kalejiran ibiliko dira Juantrapos, maskarita eta sorginekin batera. Gero, eurek bakarrik inauterietako dantzak dantzatuko dituzte. Beste urteetan bezala, odolez zikindutako jantzi ikusgarriak eramango dituzte jantzita.
Arizkun
Hartza, inauterietako pertsonaia
Asteartea izaten da Arizkuneko inauterietako egunik ikusgarriena. Txapel luzeak jantzi eta puska eske aterako dira kintoak herriko baserrietan barrena. Goiz osoan ez dute dirurik eskatzen, sagarrak baizik. Ohiturak dioen moduan, eskuzabalak diren baserritarrei sagar-dantza eskainiko diete. Bitartean, herriko kaleetan, hartza izango da protagonista nagusia. Herritarrak izutzen saiatuko da tradizioak esaten duen moduan. Nahiz eta asteburuan ekitaldi batzuk antolatu, asteartea izaten da herritar guztientzat egun berezia.
Uztaritze
Hartzaro, Lapurdin besta giro
Joan den asteburuan hasia, gori-gori jarraituko dute Hartzaro festibala Uztaritz inguruan (Lapurdi). Ostiraletik goiti, asteartera iraunen duen asteburua prestatu dute Lapurdiko bihotzean. Uztaritzeko bi artisten zizelkadekin hasiko dute ostiraleko eguna. Giroa poliki-poliki berotzen hasiko da arratsaldez, Garazi Philantropik Orchestrarekin. Karriketan zehar, ibilaldi alaiak abiatuko dira arratsaldean. Kontzertuak daude Uztaritzeko tabernetan. Hiribeherean, berriz, kafe antzoki gaualdia. Gaztetxean segituko du gauak, Zipotzero taldearekin.
Denbora berean, Luhuson (Lapurdi), ikusgarriak antolatu dituzte herriko gelan, 21:00etan. Lehena Ana Non izanen da, Zuberoatik etorri gazte talde batek emanik. Gero, Burrunkaren Ufaka Zanpaka ikusgarria. Igandean, kaskaroten eguna Uztaritzen. Herribeheretik abiatuko dira dantzari eta musikariak, etxeak alaitzen. Eguerditan, bazkaria, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak alaiturik. Arratsaldean, mutxikoak, herriko plaza nagusian. Astelehenean atsedena harturik, asteartean berriz hasiko da besta. 250 dantzari, musikari, antzerkilari, San Pantzar bere auzira laguntzeko. 20:00etan, Hartzaroren azken erromeria.
Beste Herri Batzuk
Ondarroa: Inauterietako dantzak herriko kaleetan, larunbatean, 18:30ean.
Hondarribia: Karroza eta konpartsen desfilea, igandean, egun osoan.
Bera: Inude eta artzaien desfilea, igandean, 10:00etan, Eztegara pilotalekuan.
Zumaia: Txorongo txarangaren inauterietako kalejira, larunbatean, 18:30ean, herriko kaleetan zehar.
Errenteria: Azeri dantza herriko enparantzan, ostegunean, 20:00etan.
Deba: Inude eta artzainekin kalejira, larunbatean, 19:00etan.
Mutriku: Gure Ametsa dantza taldearen emanaldia, larunbatean, 13:00etan.
HIrIBurueTan ere mozorro FesTa
Donostia
Karroza ikusgarriak larunbatean. Ostiraletik astelehenera bitartean inauteriak ospatuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Ekitaldirik ikusgarriena larunbatean izango da, karroza eta konpartsen desfilea, hain zuzen. 17:00etan hasiko da desfilea kaleko giroa alaituz. 23 konpartsak eta 1.847 pertsonak parte hartuko dute, beren mozorro eta dantzak erakutsiz hiriko erdialdeko kaleetan barrena. Aurten, konpartsa berri bat egongo da, Tribua izenekoa, eta munduko hainbat tokitatik (Brasil, Kuba, Eskozia, eta abar) etorritako 20 donostiarrek osatzen dute. Zuzeneko musika joko dute (perkusioa), eta, hala, Salvador de Bahiako inauteriko erritmoak ekarriko dituzte. Igandean, berriz, etxeko txikienentzat zenbait jarduera antolatu dituzte. 19:45ean, Boulebarreko kiosko ondoan, haur pasagunea jarriko dute, haurrek beren mozorroak erakuts ditzaten.
Bilbo
Pertsonaiaz betetako desfilea. Farolin eta Zarambolasen epaiketa izaten da Bilboko inauterietako ekintza aipagarriena. Bilboko Aratusteetako bi pertsonaia ospetsuenetakoei egiten zaie epaiketa. Aurten, Iñaki Astigarraga kazetari, mintzalari eta aurkezlea izango da Farolin; Zarambolas, berriz, Nati Ortiz de Zarate aktore eta jantzi diseinatzailea izango da. Epaiketa ostiralean egingo dute, 19:30ean, Bidebarrieta liburutegian. Farolin eta Zarambolas XXI. mendean sartuko ditu epaiketak, eta genero berdintasuna eta lan banaketarekiko konpromisoa erakutsi beharko dute bi pertsonaiek. Bestalde, larunbatean, 18:30ean, desfilea ikusi ahalko da. Bertan, konpartsek osatutako karroza ikusgarriak ibiliko dira Bilboko kaleetan zehar. Umeek Betizu karrozaren aurretik joateko aukera izango dute, guraso edo arduradunen laguntzarekin.
Iruñea
Mari Trapuren jaia. Ostiralean bertan Mari Trapuk, inauterietako panpinak, jaiei hasiera emango die pregoia irakurriz, Navarreria plazan (19:00). Urteroko ohiturei jarraiki, Iruñeko Alde Zaharrean ospatzen dituzte inauteriak. Nahiz eta oihartzun handiko inauteriak ez izan, zenbait ekitaldi antolatzen dituzte Alde Zaharreko bizilagun taldeak. Ostiral gauean, 00:30ean, mozorroen dantzaldia egongo da Auzoenan. Larunbatean, berriz, mozorrotuen kalejira izango da eguerdian, eta 14:00etan, babarrun jatea egingo dute La Jarana elkartean. Igande gauean, 21:30ean, Descalzos kalean urteroko sardina jatea prestatu dute. Inauteriak amaitzeko, astelehenean, 19:00etan, Mari Trapu panpina erreko dute Navarreria plazan. Gero, kalejira egongo da kaleak alaitzeko. Aurreko urteetan bezala, Alde Zaharrean jai giroa aparta izango da.
Gasteiz
Konpartsa jendetsuak. Ostegunetik astearte arte ekitaldi ugari antolatu dituzte Gasteizen. Larunbatean karroza ikusgarriak ibiliko dira hiri erdialdeko kaleetan zehar, 19:00etan hasiko baita karrozen desfilea. Guztira, 17 konpartsek parte hartuko dute desfilean. Beste bost konpartsek hiri erdiguneko plazak animatuko dituzte beren ikuskizunekin. Dantza eta musika ez dira faltako Gasteizen. Larunbat gauean, berriz, zenbait dantzaldi izango dira hiriko hainbat tokitan. Erdialdean, Samba kalejira konpartsakoek alaituko dituzte kaleak. Gauerditik aurrera, aldiz, Cabaret ikuskizun ibiltaria ikusi ahalko da erdialdeko kaleetan. Igandean, karrozak eta konpartsak berriro ibiliko dira kalean, eguerditik aurrera. Aurten, inauterien pregoiak hartu du nagusitasuna. Izan ere, Potato musika taldeak irakurriko du pregoia larunbatean, 13:30ean, Plaza Berrin.
Donibane Garazi
Libertimendua, bolanten eguna. Ostiralean Santibate jaia ospatuko dute Donibane Garazin. Ostatuz ostatu eske kantuan joango dira herritarrak. Garaziko lizeoa, Zitadelako kolegioa, Garaztarrak, Garaziko bertso eskola eta Urkulu peña eskuz esku jarriko dira eske kantuan ibiltzeko. Igande goizean, aldiz, Libertimendua ospatuko dute; hau da, bolanten eguna. 09:30ean, abiatuko da kabalkada Portaleburu eta Eiheraberriko juntatik, Eiheralarreko bidean, Eiheraberritik hiri zaharrera joateko. Karrikaz karrika ibili ostean Trinketeko plazara iritsiko dira, 11:30ean. Ekhi Erramundegi, Patxi Hiriart eta Mizel Mateo bertsolariak erantzungo diote zirtzil jokoei. Horrez gain, Garaztarrak-eko dantzariek jauziak emango dituzte bolanten moduan. Ikuskizuna ez da faltako egun horietan.
Baiona
San Pantzar urdinez. Otsailaren 15ean eta 16an iraganen dira aurtengo Baionako inauteriak. Urtero bezala, gai bat hautatzen du Turismo Bulegoak: San Pantzar urdinez da aurtengoa. Denak urdinez mozorrotzea da, beraz, inauterietako xedea, Baiona errugbi taldearen ohoretan. Ostiralean, hilaren 15ean, Baionako eskolen desfilea izanen dira, 14:00etan. 2.000 haurrek kolorez eta irriez tindatuko dituzte karrikak. Larunbatean, hilaren 16an, izanen da inauterietako egun nagusia. Besta goizetik hasiko da, auzoen arteko desafioekin. Eguna joan ahala, txaranga eta dantzariekin, San Pantzarren auzia 18:00etan iraganen da. Mutxikoekin eta suziriekin bukatuko dira ekitaldiak, eta tabernetan segituko du besta urdinak. Dantza eta musika nagusi izango dira egun osoan hiriko kaleetan.
Dokumentuaren akzioak