Dokumentuaren akzioak
Hernaniko Kantuz Abesbatzak «Tangoka» musikala estreinatuko du hilaren 18an
Ikuskizunak dantzak, abestiak eta antzerkia uztartzen ditu eta lau emanaldi eskainiko dituzte Biteri kultur etxean
Datorren maiatzaren 18an estreinatuko da "Tangoka" musikala Hernaniko Biteri kultur etxean eta beste hiru emanaldi eskainiko dituzte, astean zehar, hilaren 20, 22 eta 24an. Lau saioetan 800 bat lagun biltzea espero dute Kantuz Abesbatzako kideek, ikuskizunaren sortzaile eta bultzatzaileek, joan den asteazkenean komunikabideen aurreko aurkezpenean adierazi zutenez. "Tangoka" antzerki lanean dantzak, abestiak eta antzerkia uztartu dituzte eta dena zuzenean izango da. Guztira ehun bat lagunek parte hartzen du, gehienak hernaniarrak eta denak amateurrak. Berrogeita hamar inguru Kantuz Abesbatzakoak dira, eta horiei beste hainbat kultura elkarte eta eragile gehitu zaizkie, Ttarla dantza taldea eta Doinuzale Musika Eskola, esaterako. Zuzendari nagusia eta argumentuaren egilea Javier Zubimendi izan da, musika zuzendaria Imanol Kamio eta antzezpen zuzendaria Ruth Martin, eta Txaro Urzina dantza irakasleak hainbat koreografia egin ditu. Arlo teknikoa ere bere gain hartu dute, eta, «horretaz ezer ez zekiten arren», nola hala moldatu dira, Dori Arrozpide Kantuz Abesbatzako eledunak adierazi zuenez. Horrenbeste lagun elkartu eta koordinatzea zaila izan da baina iazko irailaz geroztik ari dira obra entseatzen, astean bitan, eta orain azken prestaketa eta ukituekin ari dira, hilaren 18an Biterin lehenengo aldiz jendaurrean taularatzeko.
"Tangoka" ikustera animatzen direnek Benito eta Bittoriren amodiozko istorioa ezagutuko dute, sorginkeriaz piztu eta bultzatutako harremana. Bittori zaharraren ahotik entzungo ditugu bere gaztetako oroitzapenak. Istorioa Pirinioetako herri txiki batean hasten da. Haurdun dauden bi lagun mendian paseatzen ari dira eta, bitartean, haiek konturatu gabe, sorgin batzuk haurrengan eragina izango duen sorginkeria prestatzen dute leize batean. Ondorioz, Benito eta Bittori elkarrekin ibiltzen hasiko dira, baina hemeretzi urterekin Benitok Argentinara emigratzea erabakiko du. Hori eragozteko sorginek beren laguntza eskainiko diote Bittoriri eta haiek prestatutako sorginkeria berria Benitori emango dio honek, hura Ameriketara abiatu aurretik. Arrozpideren esanetan, obra «arina da, ikusteko erraza», eta Benitoren bidaiaren aitzakiarekin Argentinako eta Euskal Herriko musikak uztartu dituzte. Horrela, ezpata dantza, tangoak, edo vals criolloak ikusi ahal izango dira agertokian. Finantziazioari dagokionez, Hernaniko Udalaren babesa jaso dute eta Euskadiko Kutxa, Kutxa eta Gas Hernani erakundeen laguntza ere lortu dute. Sarrerak hiru euroko prezioan salduko dira. Biteri kultur etxeko aretoa txikia izaki, lau emanaldi egitea erabaki dute, esan bezala. «Herrietako antzerki eta zinemak ixten joan dira eta ez dago horrelako ikuskizunak eskaintzeko aretorik», azaldu zuen Josetxo Zubimendi promozio arduradunak. Ekimenaren bultzatzaileek ez dute "Tangoka" ikuskizun puntual gisa pentsatu eta helburua «herriko talde kulturalak horrelako ekitaldietan elkarrekin lana egitea da». Hori, eta obra beste herri batzuetan ere antzeztea, Hernanin duen harreraren arabera egongo da.
Una propuesta diferente para animar a la gente joven «En nuestro coro, y en todos los coros de por aquí, vemos que no viene gente joven, salvo alguna excepción, entonces, había que hacer algo diferente, algo más, y que atraiga a la gente», según explica Josetxo Zubimendi. Así surgió este espectáculo, con el objetivo de animar a la gente a verlo «y también a participar, que se empiecen a mover, porque hay muy pocos jóvenes». Todo ello sin abandonar el repertorio clásico y las actuaciones habituales de Kantuz Abesbatza.
Dokumentuaren akzioak