Ainara Aiestaranek, liburutegiko arduradun berriak, literaturari buruzko egitaraua azaldu zuen. Literatura beti bezain mamitsu dator oraingoan ere. “Literatur solasaldiak izango dira, beti bezala, hilean behin, bat euskarazko liburu bati buruz eta bestea gaztelerazko bati buruz”, esan zuen. Beraz, guztira hamabi solasaldi izango dira ekaina bitartean.
Emakumeen euskal literatura mintegiak ere bere bidea egiten jarraituko du liburutegian. Alaine Agirrek gidatuta, emakume idazleen euskarazko lanak ikuspuntu feminista batetik irakurtzeko tailer honetan hainbat lan aztertzeko parada izango da. Batzuk aipatzearren, Anariren Gari eta Goroldiozko, Katixa Agirreren Berriz Zentauro edota Lorea Agirreren Trikua esnatu da.
Ipuin kontaketak ere izango dira, eta haurrak bakarrik sartu ahalko dira liburutegian prestatutako haurren txokora.
Aiestaranek nabarmendu zuenez, “aurten, bigarren aldiz, Hernanik parte hartuko du Ahoz aho jaialdian.
“Pandemiaren une gogorrenen mugak eta beldurrak atzean utzita, joan zen udazkenean aretoetara itzultzera animatu genituen herritarrak. Benetan erantzun ona izan dugu”, aipatu zuen Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak.