Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Heriotzari eta arbasoei gorazarre egin die Iñaki Palaciosek 'Argizaiola' diskoan

Dokumentuaren akzioak

Heriotzari eta arbasoei gorazarre egin die Iñaki Palaciosek 'Argizaiola' diskoan

Txistulari gasteiztarrak esperimentazioaren bidean jarraitu du laugarren diskoan, eta folka eta doinu elektronikoak uztartu ditu. «Tristeziak» eta «esperantzak» zipriztindutako bederatzi kantarekin osatu du lana.
Egilea
Edurne Begiristain
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/11/30
Lotura
Berria
Iñaki Palacios. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Iñaki Palacios. ENDIKA PORTILLO/ FOKU

«Galera baten samina ez da inoiz desagertzen, baina musikari esker samurragoa izaten da dolua egitea». Iñaki Palaciosek (Gasteiz, 1988) txistuan eta oro har musikan topatu du azken bi urteotan gertuko pertsonen heriotzek eragin dizkioten tristura eta ondoeza eramangarriago egiteko bidea. Heriotzei aurre egiteko «terapia» moduko bat izan da harentzat Argizaiola disko berria ontzeko prozesua. Dolua egiteko beharrarekin batera, arbasoen ohiturei eta doinuei omenaldia egin nahi izan die txistulariak.

Laugarren albuma du Palaciosek, eta Baga Biga Produkzioak ekoiztetxearekin eman du argitara. Orain arteko lanik intimistena da. Diskorako konposatu zuen lehen abestitik hasi (Bi izar) eta azkeneraino (Ama), sumatzen da energiak eta espiritualtasunak pisu handia dutela. Baina, Palaciosek kontatu duenez, ez da nahita bilatutako zerbait, era naturalean sortutakoa baizik.

Bere taldeko bi musikarien gurasoak hil zirenean sortu zuen diskorako aurreneko kanta, orain dela bi urte. Eta heriotza horiek bultzatuta-edo, lehen aldiz animatu zen Bi izar kantarako hitzak ere idaztera. Handik hiru hilabetera, Eusko Legebiltzarrerako abestia egitea proposatu zioten, eta hala sortu zuen Izaro, Nestor Basterretxearen eskulturaren omenez. Eta diskoa ia amaitua zuela eta hura kaleratzear zela zendu zitzaion ama. Orduantxe erabaki zuen haren omenezko kanta bat sartzea diskoan; azken kanta da. «Ziklo bat ixtea» bezala izan da diskoa sortzeko prozesua, Palaciosek esan duenez.

Bi urteko bide horretan, modu batean edo bestean, harreman estua izan du heriotzarekin edo heriotzarekin lotura duten elementuekin; izan ere, senide edo hurkoak hil direlako, oso maiz jo behar izan du txistua hileta elizkizunetan. Kontatu duenez, elizkizun horietako batean argizaiola bat piztu zuten, eta, ordutik, hildakoen erlijio ospakizunetan pizten duten zurezko taula horrek esanahi berezi bat hartu du harentzat: «Argi ikusi nuen nire diskoak Argizaiola izena izan behar zuela; ezin zuen besterik izan». Albuma irekitzen duen abestiari ere izen bera jarri dio.

«Galera baten samina ez da inoiz desagertzen, baina musikari esker samurragoa izaten da dolua egitea»

IÑAKI PALACIOS Musikaria

«Tristeziak» eta «esperantzak» zipriztindu dute diskoa, Palaciosek azaldu duenez. «Heriotza tristea delako, baina jada ez daudenak gogoratu eta esperantzarako motiboak ere badaudelako». Eta, hala, argizaiolak heriotzaren inguruan duen sinbolismoari helduta, kultura ezberdinetan arbasoek zituzten ohiturei eta doinuei gorazarre egiteko baliatu du lana.

Soinu berriak bederatzi kantatan

Orotara, bederatzi kantako uzta eman du diskoak. Txistua erdigunean jarrita, eta ohikoak dituen danborrarekin eta panderoarekin batera, doinu berrietara jo du musikariak. Hain zuzen, folklorea doinu elektronikoekin elkartzera ausartu da Palacios, kontraste deigarri bat sortuz. «Esperimentatzeko nahi batetik» sortutako doinuak direla esplikatu du musikariak. Aurreko hiru lanetan ere musika tresna desberdinen arteko esperimentaziora jo zuen: hala egin zuen, esaterako, txistuaren eta harrizko txalapartarekin Harria albumean, edota euskal txistua eta irlandar txirula— whistle deitzen diote— erabilita Baltik hirugarrenen lanean.

Oraingo honetan, doinu elektronikoekin jolasteaz gain, zenbait soinu tresnarekin ere aritu da esperimentatzen: besteak beste, egurrezko estrukturarekin eta ahuntz larruarekin egindako pandero karratua erabili du. Soinu berriak ez dira bat-batean sortu; kontrara, «proba egin, hanka sartu, eta beste bide bati ekin» dio behin eta berriz musikariak, gustuko emaitza lortu arte.

Esperimentazioari ateak zabalduta ere, berezko estiloari eutsi dio Palaciosek. Eta, hain justu ere, guztiz identifikagarria den estilo bati eustea egin zaio lanik nekezena. Baina lortu duelakoan dago: «Lehen diskoan ez hainbeste, baina honetan jendeak erraz identifika dezake entzuten ari den hori Gasteizko txistularia dela. Horrek esan nahi du baietz, lortu dugula gure estiloari eustea».

Diskoak sortzeko prozesua etxean bertan hasteko ohitura du Palaciosek, eta Argizaiola lana ere halaxe egin du. Aurrena kantak sortu zituen, txistua eta gitarra erabilita, eta gero taldekideekin partekatu zituen. Ohikoa izaten duen eran, Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca estudioetan grabatu zuten diskoa, baina hainbat musikariri kolaboratzeko eskatu zienez, ohi baino gehiago luzatu zen grabazio prozesua azkenerako. Besteak beste, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Lide Hernando, Kalakan eta Maiatxen Urkiak parte hartu dute diskoan, dela kantatzen, nola hitzak idazten edo musika tresnak jotzen.

Gasteizko Aitzina Folk jaialdian aurkeztuko du lana, abenduaren 13an, eta DAB eta Amezti dantza taldeak izango ditu bidelagun oholtzan. Dantza eta musika uztartzearen alde egiten du Palaciosek, sinetsita baitago biek elkar hartuta egon behar dutela txistuak etorkizunik izango badu: «Ia ziurra da hemendik hamar bat urtera txistua desagertu egingo dela; beraz, dantzarekin uztartzea ezinbestekoa da biziraun nahi badu».

Dokumentuaren akzioak