Dokumentuaren akzioak
Heriotza txikiak eta handiak
Kritika, Lyongo Operako Baleta
«Heriotza txikia» deitzen omen diote frantsesek orgasmoaren osteko loari, eta lo haren prestakizunak Ðedo haren oroitzapen azpikontzienteakÐ hartu zituen Jiri Kylian-ek bere lana sortzeko.
Taula gainean sei gizon agertzen dira florete banarekin. Bikaina da florete eta dantzari bakoitzaren artean sortutako harremana, baina are ederragoa izango da Mozarten piano kontzertu bateko adagioaren hasiera, une hartan gizonek pisurik gabeko oihal handi batekin estaliko dutelako eszena osoa, haren azpitik instantera ager daitezen emakumeak, beren soineko beltzetatik askatuta.Kylianen pieza honetan erabatekoa da teknika klasikoaren nagusitasuna, baina koreografoak jakin izan du lengoaia hertsi hura erabili sedukzio joko sotilak eraikitzeko. Horrela izanik, gizonek inguratu, bildu eta igoarazten dituzte beren amoranteak, emakumeek anartean sujeritu, hurbildu eta hegan egiten dutelarik. Bitxia bada ere, ez dira falta hainbeste sotiltasun artean sexu esplizitua ere iradokitzen duten pausoak eta jarrerak, Mozarten beste piano kontzertuko andante ezin ederragoa entzuten dugun bitartean. Mugimenduaren muturreko zailtasun teknikoak eta floreteen nahiz jantzi-oskolen esangura sinbolikoak harribitxi bihurtzen dute Pragako koreografoaren lan hau.Gaueko bigarren pieza ÐCarmenÐ Don Joseren fusilamenduarekin hasten da, denon harridurarako. Baina narrazioaren egitura zirkularra guztiz egokia da kasu honetarako, Euskal Herriko gure Don Jose harrapatuta baitago amodio eta heriotzaren zirkulu handian. Rodion Schedrin-ek soinu-banda bikaina sortu du Carmen-en musika tarte ezagunenak eraldatuz, eta Mats Ek koreografoak lengoaia ezin aratzagoa eta planteamendu estetiko aurreratuak konbinatu ditu, dantza garaikidearen pasarte ederrenetariko batzuk eskaintzeko. Haien artean bikaina da Carmen giltzapetuak Don Joseri bihotza lapurtzen dioneko eszena, eta bereziki hunkitzen gaitu kapitainaren gorpuaren aurreko negarrak. Askoz molde klasikoagoetan egina, baina era berean zoragarria da Toreadorearen dantza-erakustaldia. Bestetik, Mats Eken antzerki-zentzumenaren erakusle gisa ulertu behar dugu M izeneko pertsonaiaren rola, bere more kolorearekin eta presentzia hutsarekin heriotzaren etorrera eta lilura iragartzen baititu behin eta berriro. Kontrako eran, pieza oro har guztiz kolorista eta efektuz beterikoa da, eta etengabeko kontrastea sortzen du Andaluziako koloreen eta iragarritako tragediaren artean.
Dokumentuaren akzioak