Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Henrique de Souza, dantzaria: “Dantzaren bitartez lagunak egin ditut toki guztietan”

Dokumentuaren akzioak

Henrique de Souza, dantzaria: “Dantzaren bitartez lagunak egin ditut toki guztietan”

Brasiletik Eibarrera etorri zenetik dantzan ikusi dugu Henrique de Souza. Break dance egiten, Nerea Lodosarekin edo Josu Mugikarekin, dantzaren bitartez hazi da Henrique. Orain Ertza konpainian dabil eta arrakasta handiarekin gainera. Abuztuan kaleko ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen ‘Meeting point’ ikuskizunarengatik, hain zuzen ere bihar Eibarren eskainiko duen piezarekin. Untzagan egin dugu hitzordua, bihar 19:00etan dantzalekua izango duen tokian.
Komunikabidea
Eta kitto!
Tokia
Eibar
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/28
Lotura
Eta kitto!

– Zer moduz ikusten duzu biharko dantzalekua?

Espero dut harmaila hauek jendez beteta egotea. Urteak daramatzat hemen bizitzen eta plaza honetan pailazoarena egiten, beraz, dantzaleku ona dela deritzot. Etxean jokatzen dut eta edozertarako prest nago.

– Untzagan dantza egiten duzun lehen aldia izango da?

Orain dela hainbat urte Break Dance txapelketa egin zen hemen, Untzagan, baina zoru berezia zegoen. Bestela, ez dut gehiagotan dantzatu Untzagan.

– Oraingo honetan ez da zoru berezirik egongo?

Ez, kalean egingo dugu dantza, dagoen moduan.

– Mundu osoan zehar dantzan ibili eta gero Eibarren aurkeztuko duzue ‘Meeting point’ ikuskizuna. Geldiune berezia izango da zuretzat?

Azkenean Eibarrera! Hiru urte daramatzat Ertza konpainiarekin munduan zehar dantza egiten eta nire herrian dantza egitea tokatzen zait behingoz. Berezia izango da herriko jendeak dantzan egiten ikustea.

– Dantzaren lengoaia unibertsala da?

Baietz uste dut. Niri asko kostatzen zait ingelesez edo beste hizkuntza batean berba egitea, baina mundu osoan zehar ibili naiz dantza ikuskizun honekin eta toki guztietan egin izan dut dantza bertako jendearekin, aurretik eurekin berba egin behar izan barik. Horrelako gauzak ditu kaleak.

– Berbekin azaldu ezin dituzun gauzak adierazteko balio dizu dantzak?

Zalantza barik. Berbekin azaldu ezin diren gauzak azaltzeko modu asko daude eta dantza da horietako bat.

– Ezberdintasun handia dago munduko toki batean edo bestean dantza egiteko orduan?

Oso dibertigarria da kultura eta sentsibilitate ezberdinetako jendearen aurrean dantza egitea. Gainera, asko gustatzen zait jende berria ezagutzea eta dantzaren bitartez lagunak egin ditut toki guztietan. Ia guztioi gustatzen zaigu bidaiatzea eta gauza ezberdinak ezagutzea. Berezia da gure ikuskizuna ikustean jendeak transmititzen duena. Batzuk asko bizitzen dute ikuskizuna, beste batzuk edozein akrobazia egin eta gero txalo egiten dute, hainbat tokitan isiltasun handiz ikusten dute saioa eta gero txalo zaparrada eskaintzen dizute, eta amaieran eskerrak eman izan digute beste askok. Toki bakoitzean ezberdin jokatzen du publikoak.

– Txalo, laudorio eta bizipenez bete duzue maleta, baina baita Max sari batekin ere. Pozik?

Oso pozik! Esperientzia polita izan zen Max saria jasotzea. Horrelako sari bat jasotzeak asko lagunduko digu eta dantzari handia naizela erakusten duen zerbait da.

– Dagoeneko igarri duzue Max saria jaso izana?

Dantzaren munduan denon ahotan egon gara, zorion agur asko jaso ditugu, baina asko harritu ninduen Eibarko kaleetan jendeak zoriontzeko geratu izana. Jendeak bazekien dantza egiten nuela, baina horrelako sari bat jasotzeak balio handiagoa eman dio egiten dudanari. Bestetik, nire lagunek badakite asko bidaiatzen dudala, ia ezin naiz eurekin geratu, eta ez daukat Eibarren klaseak eman edo entrenatzeko denborarik.

‘Meeting point’ ikuskizuna ekarriko duzue. Nolakoa da?

Nirekin dantza egiten duen Thiagorekin izandako bidaia islatzen dugu bertan. Brasildarrak gara biak, urte berean etorri ginen hona, baina ez genuen elkar ezagutu Ertzaren audizio bat egin arte. Gure adiskidetasuna, nola ezagutu ginen, gure arteko harremana eta daukagun lotura berezia islatzen dugu. Pieza ikusten dutenak berehala konturatzen dira hortaz. Ikuskizunak immigrazioarekin zerikusia ote duen galdetzen digute ezagutzen ez gaituztenek. Ondo dago, bakoitzak bere begiekin ikusten duelako dantza.

– Zu Brasiletik etorri zinen Eibarrera. Nolako garrantzia izan du dantzak integratzeko orduan?

Dantza estilo gutxi dago Eibarren, eta break dance egiten hasi nintzenean zerbait ezberdina sentitu nuen. Jende nagusiagoarekin elkartu nintzen eta inoiz ez ninduten utzi istorio txarretan sartzen. Ezagutzen nauen jendeak badaki mutil lasaia naizela, ez naizela arazo larritan sartu. Gauza txarretatik aldentzen zaitu dantzak.

Break dance egiten ikusi zaitugu txikitatik eta orain Max sari batekin zatoz. Nolako ibilbidea egin duzu dantzaren munduan?

10 urte daramatzat dantzaren munduan eta goiz hasi nintzen maila profesionalean dantza egiten, 15 urterekin ikuskizunak eskaintzen nebilelako. Break dancea egiten duen jende gutxi dago eta edozein gauza antolatzen bazen, deitu egiten zidaten. Bila ibili gabe etorri zait dena, zorte handia eduki dut. Mekanizatua ikasi nuen eta praktikak amaitzean dantza konpainia batetik deitu ninduten, eta orain dela hiru urtetik dantza lanetan nabil buru-belarri.

– Mekanizazio lanetara itzultzea pentsatu ere ez duzu egiten?

Ba asko gustatzen zitzaidan eta dantza uzten badut, sukaldaria edo tailer bateko langilea izatea gustatuko litzaidake.

– Zer da dantza zuretzat?

Zaletasun moduan hasi nintzen dantzan, nahi nuelako, inongo obligaziorik gabe. Dantza oso berezia da niretzat.

– Zer eman dizu dantzak?

Dena eman dit. Hona bizitzera etorri naizen momentutik dantza izan da nire bizitza. Ezagutzen nauen jendeak dantzarengatik ezagutzen nau. Dantza denean dago.

– Urrian ‘La teta de Janet’ ikuskizuna aurkeztuko duzue Victoria Eugenia antzokian. Zaila izango da ‘Meeting point’ ikuskizunarekin lortutako arrakasta berdindu edo gainditzea?

Ezberdina da. Gure ideia ez da onenak izatea, zerbait transmititzea izaten da gure asmoa. Ikuskizuna publikoaren bihotzera heltzen bada, primeran.

‘Meeting point’ albo batera utziko duzue ikuskizun berriarekin hasteko?

Ez, bidea jarraituko du. Urrian amaituko dugu urte honetako ‘Meeting point’-en saioekin, baina datorren urtean ikuskizun gehiago eskainiko ditugu. Urtebete bakarrik daramagu ikuskizunarekin.

– Ez da ba urte txarra izan!

Primerakoa izan da. 50 saio baino gehiago egin ditugu, Max Saria jaso dugu… oso urte ona izan da.

Henrique de Souza, dantzaria: “Dantzaren bitartez lagunak egin ditut toki guztietan”

Dokumentuaren akzioak