Dokumentuaren akzioak
Hegoaldeko haizeak dantzari
22 konpainia eta 500 artista ariko dira aurten Miarritzeko Maitaldian, irailaren 7tik 16ra
Mundu guztiari, baina bereziki hegoaldeari irekiko zaio leihoa, aurreko bi urteetan bezala. Hegoaldeko haizearekin dator, besteak beste, Miguel Robles argentinarra. Desolado eta Tabula rasa ikuskizunak emango ditu. Souffles Irene Tassembedo burkinafasoarrak sortu duen lanak, berriz, gizaki beltzaren bizitza izango du hizpide. Koreografia indiarrak ere badu tartea Maitaldian. Rukmini Chatterjeek gorputzaren eta pentsamenduaren arteko oreka bilatuko du Entre Ciel et Terre-rekin. Claverieren esanetan, kultura politika oso garrantzitsua da Maitaldian: «Koreografo horiek zerbait esateko beharra daukate. Koreografia egiten dute bizirik jarraitzeko, zer bizi duten esateko. Artea euren tresna soziala da».
Alderdi guztietakoak ez ezik, era guztietako dantzak izango dira Miarritzen. «Askotariko estetika eta aniztasuna gure errebindikazio politikoa da». Suitzako Operako Balletaren emanaldi klasikoa eta Nacho Duatoren dantza neoklasikoak Kataluniako dantza garaikidearekin eta Lunion taldearen hip-hoparekin uztartuko dira, besteak beste. Izan ere, diru publiko asko inbertitzen da Miarritzeko dantza jaialdian: «Diru hori mota guztietako publikoarentzat erabili behar da, ez publiko mota batentzat bakarrik. Guk publiko osoarengana iristeko zubiak eraiki nahi ditugu».
Guztiaren gainetik, aurtengo Maitaldian bada berrikuntza nagusi bat: hiru sorkuntza estreinatuko dira, hau da, hiru koreografok euren sorkuntzaren lehen emanaldia Miarritzen egitea erabaki dute. Paulo Ribeiro, Christophe Garcia eta Lunion dira koreografo horiek. «Guretzat opari eta ohore da koreografo horiek euren lana lehen aldiz Miarritzen erakustea».
AIRE LIBREAN. Antzoki barruetatik aterata ere hamaika ekitaldi bada Maitaldian. Ikusle nahiz parte-hartzaile, bietara gozatu ahalko da. Filmak, erakusketak, tailerrak, ikastaroak... denetarik antolatu dute: «Miarritzeko aireportuan performance bat izanen da lehen aldiz. Hirian, ostera, erakusketa erraldoi bat eginen dugu: 7x5 metroko argazkiak zintzilikatuko ditugu paretetan».
41 ekitalditik 19 doan izango dira. Gainontzekoetan prezioak 10 eta 25 euro artekoak dira.
Informazio gehiago: www.biarritz.fr
eGITaraua
Irailak 7, ostirala
22:00. Marseillako Ballet Nazionala (Portu Zaharra hondartza).
Irailak 8, larunbata
12:00. Errepika publikoa - Paulo Ribeiro (parkea).
19:00. Montalvo - Hervieu (Gare du Midi).
21:00. Paulo Ribeiro (Kasinoa).
Irailak 9, igandea
09:30etik 12:30era. Drukmini Chatterjee - ikastaldia (kontserbatorioa).
11:00. Gigabarre (hondartza).
19:00. Lunion (Le Colisee).
21:00. Beau Geste (Kasinoa).
Irailak 10, astelehena
19:00. Thomas Noone Dance (Le Colisee).
21:00. Rukmini Chatterjee (Kasinoa).
Irailak 11, asteartea
12:00. Taulada irekia (parkea).
15:00. Dantzaz Blai (mediateka).
19:00. Pockemon Crew (Kasinoa).
21:00. Ballet de L´opera de Bale (Gare du Midi).
Irailak 12, asteazkena
15:00. Dantzaz Blai (mediateka).
19:00. Androphyne (Le Colisee).
21:00. NND / Galili Dance (Kasinoa).
Irailak 13, osteguna
15:00. Dantzaz Blai (mediateka).
19:00. Matxalen Bilbao (Le Colisee).
21:00. Eva Yerbabuena (Gare du Midi).
Irailak 14, ostirala
15:00. Dantzaz Blai (mediateka).
19:00. Ciento Cincuenta Cuerdas (Le Colisee).
21:00. La [Parenthese] (Kasinoa).
Irailak 15, larunbata
15:00. Lizeotar eszenak (parkea).
15:00. Dantzaz Blai (mediateka).
18:00. Ertza (Le Colisee).
19:00. Miguel Robles (Kasinoa).
20:00. Organik (Gare du Midi).
21:00. Compañia Nacional de Danza / Nacho Duato (Gare du Midi).
Irailak 16, igandea
11:00. Gigabarre (hondartza).
18:00. Biarritz Balleta (Bellevue).
19:00. Aukeran (Kasinoa).
21:00. Irene Tassembedo (Gare du Midi).
Dokumentuaren akzioak