Dokumentuaren akzioak
Hegoak astintzeko ordua
Biarritz Ballet Juniorrek 'Tximeleta' ikuskizuna estreinatuko du gaur, Donostiako Gazteszenan
Thierry Malandainek eta Gael Domengerrek sortutako koreografiekin osaturiko ikuskizunean astinduko dituzte hegoak.
Jaiotza bat interpretatuko dute dantzariek. «Haur baten jaiotza irudikatuko dute, baina areago, balet baten jaiotza errepresentatuko dute», azaldu du Domengerrek bere koreografia. Domenger Biarritz Balleteko dantzaria da berez, BBJrekin hasi da koreografiagintzan trebatzen. «Dantza saioa krisi batekin hasiko da, baina onarpenarekin amaituko da». Krisia eragingo du emakumeak barruan duen haurra bere bikotekidearena ez izateak. «Hasieran gauzak zailak izaten dira, baina, ahalegina eginez gero, erraztu eta konpondu egiten dira».Gauzak zailak izan ziren hasieran, baita BBJn hasi ziren hamabi dantzarientzat ere sei euskal herritarrentzat eta beste sei atzerritarrentzat. Ez baitzeuden ohituak egunero ia zazpi orduz dantzan aritzera. «Baina dena eman dute, eta heldu egin dira».Heldutasun horregatik, hain zuzen, egoki ikusi zuen Domengerrek Arnold Schoenberren Gau itxuraldatua pieza «gogor eta heldua» baliatzea bere sorkuntzarako, nahiz eta hasieran lan barrokoagoa egitea pentsatu. «Hasieran neskek gazteegiak ziruditen musika honi dantza egiteko, baina poema sinfoniko hau 12 soinurekin dago idatzia, eta oso egokia da 12 dantzariok dantzatzeko».
Malandainen bi obra
Gau itxuraldatua-z gain, Thierry Malandainek Camille Sain-Saensen Zisnearen heriotza bakarrizketan oinarriturik sortu duen koreografia eta Maurice Ravelen Boleroa-ren gainean egindako baleta dantzatuko dituzte. Malandainen bi sorkuntzak mundu osoan barrena dantzatu dituzte, «koreografia bakoitzak bere bizia egin du nigandik urrun», adierazi du Malandainek. Ballet Biarritzeko koreografo eta zuzendaria Donostiara joan eta etorri ibili da dantzarien entseguak eta aurrerapenak jarraitzeko, baina Domenger izan da ikuskizunaren arduraduna.
Zisnearen heriotza-k «bene-benetako dantza uneak» ditu, Malandainen iritziz, «hegazti baten indarra eta grazia erakusten baititu». Sain-Saensek berez bakarrizketa baterako musika sortu bazuen ere, «zeruak tradizioz hiru zenbakiarekin izan duen harremanarekin lotuz, abesti zerutiar horren interpretazioa hiruz biderkatzea» erabaki du koreografoak. Ravelen boleroarekin, aldiz, «askatasuna ematen duen plazeraren metafora» dantzatuko dute.Hamabi dantzariek irailean hasi zuten ikasturtea otsailean zen amaitzekoa, baina oraingoz hilabete atzeratuko da. Aurrera begira, «dantzarion etorkizunaz arduratua» dago Malandain, «dantzaren egoera ez baita ona». Haatik, BBJk dantzari berriekin hasiko du ikasturte berria, Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Eskualde Kontseiluaren diru laguntzarekin.
Dokumentuaren akzioak