Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hego Amerikara joango da Kukai-ren dantza-ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Hego Amerikara joango da Kukai-ren dantza-ikuskizuna

Azaro hasieran Txile, Uruguai eta Argentinan eskainiko da. Euskal Etxeen eskariz doaz dantzariak

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/10/20

Emanaldi guztiak hiri handi batzuetako antzokietan egingo dira eta euskal komunitateei ez ezik gainerantzeko hiritarrei ere zuzendu nahi zaie.



Lehengo otsailean Donostian estreinatu zenez geroztik harrera ona izan du ikuskizun honek. Euskal Herrian zehar hogei emanalditik gora izan dira eta Tarregako Antzerki Ferian ere eraku-tsi da orain denbora asko ez dela. Ameriketatik bueltan, azaroaren 14an Tolosan ikusi ahal izango da, eta 21ean Beasainen.



Dantza da ikuskizunaren oinarria. Molde berriko dantza, baina euskal dantza tradizioko pausoetatik asko urrutiratu gabe. «Ikuskizuna sortu genuenean, garbi ikusi genuen esportatzeko modukoa izango zela, kasu honetan hizkuntza ez baita muga», adierazi digu koreografia sortu duen Jon Maya dantzariak. Ikuskizunean badira hala ere hitzezko pasarte labur batzuk: Bitoriano Gandiagaren poema bat, Mikel Laboaren abesti bat eta Sebastian Lizasok Gernikako sarraskiari buruz kantatutako bertso zahar batzuk.



Zazpi umeren bizipenak



1937an, gerratik babestu nahian Bilbotik Ingalaterrara bidali zituzten umeen bizipenak islatzen dira ikuskizun honetan. Izan zuten deserrotzea, beren arteko adiskidetasuna eta lehenengo amodioak agertzen dira istorioan zehar.



Zazpi haurren istorioak bildu dira, eta Kukai taldeko beste horrenbeste dantzari jarduten dira taula gainean: Jon Maya, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maya, Ibon Uharte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño. Dantza egiten dute dantzariek, baina baita beste keinu batzuk ere, begiradak batez ere; neurri batean aktore-lana egokitu zaie.



Gidoia eta zuzendaritzaz Tan-ttaka antzerki-taldeko Mireia Gabilondo arduratu da. Gabilondo eta Jon Mayak ikuskizuna sor-tzean, Juan Mari Beltranen Arditurri: gogoaren bidezidorretatik diskoa izan zuten abiapuntu, eta aire horiek behin eta berriz en-tzuten dira espektalukuan. Badira zenbait soinu Beltranek honetarako propio sortutakoak ere.



Irudiek ere toki nabaria dute ikuskizunean. 1937an atzerrira bidali ziren umeen despedidakoan hartutako irudiak ikusten dira, adibidez, eta baita erbesteko ume-talde batzuen jolasak ere.

Dokumentuaren akzioak