Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hego Amerikara doa Kukai eta Tanttakaren saioa

Dokumentuaren akzioak

Hego Amerikara doa Kukai eta Tanttakaren saioa

Txilen, Uruguain eta Argentinan aurkeztuko dute azken

Komunikabidea
Gara
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2003/10/15

Urriaren 30etik azaroaren 11 arte, Hego Ameriketan izango dira Kukai eta Tanttakak elkarlanean egindako «1937, Gogoaren bidezidorretatik» lana erakusteko. Txileko hiriburu Santiagon, Montevideon eta Argentinako Euskal Astean aurkeztuko dute ikuskizuna. «Hasieratik pentsatuta genuen ikuskizuna Euskal Herrian emateaz gain, hemendik ateratzeko modukoa ere bazela», adierazi du Jon Maya Kukai dantza taldeko kidea. «Ameriketan eduki zuten ikuskizunaren berri, batzuk ikusi ere egin zuten hona egindako bidaia batean eta bira bat egiteko Euskal Etxeen proposamena antolatzen hasi ginen», esan du Mayak.

Euskal Etxeekin mantendutako elkarlanaren ondorioz, hiriburuetako antzokietan emango dute ikuskizuna; «emanaldiak beti izango dira hiriburuetako antzokietan, euskal komunitateari eta hango publikoari begira». Euskal Herritik kanpo Kukaik eta Tanttakak lan horrekin egindako bigarren ateraldia da, orain gutxi Tarregako antzerki ferian izan baitira. «Tarregako esperientzia positiboa ikusita, espainiar estatura eta beste herrialdeetara zabaldu nahi genuke ikuskizuna», adierazi du Mayak. Gerra Zibilak herbesteratutako zazpi haur euskaldunen istorioa kontatu dute ikuskizunean dantza, musika eta antzerkiaren bitartez. Zazpi umeek Habana itsasontzian elkartzen direnetik kolonietan hiru urte egin eta etxera bueltatzen diren arte bizitako gertaerak azalduko dituzte oholtzara igotzen diren zazpi dantzariek: Alain Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Uharte, Nerea Abesga, Vanesa Castaño eta Jon Mayak. Tanttaka taldeko Mireia Gabilondo da zuzendaria. Kukai taldeko kide Jon Mayak sortu du koreografia Juan Mari Beltranen «Gogoaren bidezidorretatik» diskoa oinarri hartuta.

Dokumentuaren akzioak