Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Haurrak, haurrak, haurrak ederrak

Dokumentuaren akzioak

Haurrak, haurrak, haurrak ederrak

Jalgi Hadi Dantzara

Egilea
Patxi Laborda Larrea
Komunikabidea
Ortzadar
Mota
Albistea
Data
2012/01/14
Lotura
Ortzadar

Haurrek ematen diegun guztia behar dute? Haien neurriko mundua benetan sortu behar dugu? Gero eta gehiago entzuten ditugu horrelakoak: haurrentzako musika, haurrentzako tradiziozko jantziak, haurrentzako dantzak… Horrelakoak ez dira izan tradizioan. Guk sortu ditugu, agian nagusiok haurrentzako mundu berezi bat sortzeko beharra sentitu dugulako, eta horrela, haurrak protagonista bilakatuz, oparitzen diegu plaza, musika eta nahi duten guzia… Eta bide batez kentzen diegu erronkei eusteko aukera, nagusia izatearen magia, mugak gainditzean sentitzen den plazerra…

Baina, agian haurrek nahi dutena zera da: nagusiak izan. Haurrek imitatzen gaituzte gu bezalakoak izan nahi dutelako. Haurrek, finean, ez dute haurrak izan nahi, nagusiak baizik. Eta nagusion gauzak egitea gustuko dute. Horregatik, dantzara bidaltzen ditugunean plaza erdira guk tabernako atarian zerbait hartzen dugun bitartean, helarazten diegun mezua hau da: “Haurra zarenez, haurren gauzak egin, dantza ezazu”. Eta ereiten dugun haziak erakusten duena: “Nik nagusia izan nahi dut, tabernako atarian izanen naiz tragoa hartzen eta txikia bidaliko dut plaza erdira, dantza haurren gauza delako, bistan da”.

Dantza harremanetarako baliabidea izan bada eta bada ere, zergatik ez konpartitu haiekin? Baina haurrak bilatu behar du bere lekua plazan, eta leku hori ez da protagonistarena izan behar. Aldamenean izanen da, txokoan, bazterrean, inguruan, ikusten, ikasten, saiatzen, tronpatzen, lortzen, disfrutatzen…Batzuetan gurekin dantzan edo begira, beste haurrekin batera edo bakarrik, utz diezaiogun bere mundua sortzen dantzarekin.

Ume guziek dantzatzen dute, berez, musika entzutean. Hori guztiok egin dugu, gure soinean dago. Eta gure eskuetan dago haurrek denborarekin pentsatzea umeen kontua dela edo ez. Ez da matematikoki gertatzen, jakina, baina seguraski dantzan ikusten bagaituzte, dantza naturaltasunez biziko dute. Eta orduan bai, dantza maite eta egiten duten gurasoen haurra, dantza maite eta egiten badu, agian, dantza talde batera joanen da.

www.aikotaldea.com

Dokumentuaren akzioak