Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hats berria Mutxikoaren Egunarentzat

Dokumentuaren akzioak

Hats berria Mutxikoaren Egunarentzat

1979tik, eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Mutxikoaren Eguna alai eta gogoangarria ukan dugu urtero Arrangoitzen, urriko bigarren igandean. Besta honek, urtez urte, zazpi euskal herrialdeetako dantzari ainitz erakarri eta bildu izan ditu mutxikoen inguruan. Ohiko egitaraua hauxe izan da: Goizez mutxikoak pilota-plazan, eta Betti Betelu hilez geroztik, hau da, 1990etik, omenalditxoa egun honen sortzaileetako bat izan zen dantza-maisu handiaren hilobi aitzinean. Gero bazkari herrikoia kultur aterpean, eta ondoren, dantza ikuskizunak eta mutxikoak. Hauxe izan da urtero, urriko bigarren igandean dantzariok Arrangoitzen egun polita igarotzeko izan dugun estakuru polita. Gogoan ditut oraino euskal kantuz alaituriko bazkari jendetsu eder haiek!
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta.info
Mota
Albistea
Data
2013/10/30
Lotura
Kazeta.info

Alabaina, besta hau maite genuenok besta hau pittaka-pittaka itzaltzen eta ahultzen ari zela ikusten genuen. Nekea eta akidura ziren nagusi antolatzaileen artean. Bazkarietan abantzu ez zen deus kantatzen. Dantzariz betetako autobusak ez ziren jadanik Arrangoitzera hurbiltzen. Gainera, azken urteetako eguraldi txarrak eta euri zaparrada handiek ere gainbehera horretan zer ikusi handia ukan zuten.

Aurten, Arbona, Ahetze, Basusarri eta Arrangoitze herriak kultur ekintza esparrutzat dituen Hats Berri gazte elkarteak bere gain hartu du herri honen antolakuntza, eta Herri Uzta izeneko kultur astearen barruan sartu. Antolakuntza berriak hainbat aldaketa ekarri ditu. Bazkaria kentzea izan da horietako nabarmenena. Malda beherean zegoen herri bazkariaren ordez, Hats Berri eta Zurekin  elkarteek, Itsas Argi ikastolak eta Basusarriko eta Arrangoitzeko gaztetxeak jan-edanak prestatu eta saldu zituzten horretarako ezarri zituzten txosnetan. Gainerako guztia aurreko urteetan bezala izan zen.

Eguna biribil-biribila atera zitzaien, eta horretan eguraldiak ere zer ikusi handia eduki zuen. Eguraldi ederraz gozatu genuen egun osoan, iduzkirik gabea, baina arras goxoa, dantzatzeko eta egun ederra pasatzeko bikaina. Dantzariak trumilka hurbildu ziren Arrangoitzera, eta bizpahiru autobus ikusi ahal izan genituen herriko aparkalekuetan, garai zaharretan bezala.

Goizeko mutxikoak jendetsuak izan ziren. Sérge Betelu urrats-emaile izan zen eta musikariak Ezpela txarangakoak. Dantzariok han aritu ginen pilota-plazan jo ta ke, inoiz bukatzen ez ziren zirkulu kontzentrikoak, behin eta berriz, egiten. Bazkaltzeko tenorean, giroa pixka bat apaldu bazen ere, izan genuen han zer egin eta zer entzun. Korsikako kantariek gure belarriak izugarri gozatu zituzten Mediterraneoko doinu beroak guregana ekarriz.
Baina denak ez ziren txosnetan gelditu, asko eta asko inguruko pentze berdeetan sakabanatu baitziren, eta han ibili ziren piknikatzen, kantatzen eta dantzatzen biziki lagunarte ederrean.

Arratsaldeko laurak aldera, dantza ikuskizunak ikusteko aukera ukan genuen. Hasieran, Errenteria aldeko Kukai taldearen Gela-jauziak ikuskizuna eta ondoren Zuberoako Kauter Baletaren Zaharrak eta Gaztik izenekoa.  Biak, zinez ederrak eta dantzariak mundialak.  Hauek burutzean, Kitti Borda eta bere taldearen txanda iritsi zen, eta berehala, han bildutakoak ikusle izatetik dantzari izatera pasatu ziren. Hura jendetza, han dantzan ari zena! Aterpea jendez mukuru zen. Eta horrela ilundu arte. Gero kantuak nagusitu ziren Arrangoitzeko bazterrez.  Xiberotarrek ez zuten atsedenik ematen, kantu bat bukatu orduko hurrengoarekin hasten baitziren.

Eguna biribila izan zen, eguraldi polita, antolakuntza ona, hurbildutako jendea dantzarako prest…  Eguneko une txar bakarra, ene idurikoz, xiberotar dantzari batek pairatu zuen istripua izan zen, ohiko dantzetan godaletera jauzi batez igotzean, basoa zangoaren azpian guztiz txikitu baitzitzaion mutilari odola eta zauria sortuz. Hori kenduta, aurtengo Mutxikoaren Eguna arras ederra izan dela erran beharra daukat, eta horixe bera da Arrangoitzera egun-pasa egitera hurbildutako guztien ezpainetatik entzun zitekeen iruzkina.

Hurrengo urteetan ikusiko dugu ea antolatzaile gazteek gauza diren aurten erakutsitako maila handiarekin jarraitzeko, eta horrelako arrakasta atzemateko. Ni lortuko dutelakoan nago. Ez dut artikulu hau amaitu nahi aurreko urteetan besta hau antolatzen  aritu ziren Iparraldeko Dantzarien Biltzarrekoak zoriondu gabe, urtez urte kemen handiz eta maila handia erakutsiz jardun dutelako. Beraiek iraunarazi dute mutxikoen sugarra. Zuentzat, bada, nire eskerrik beroena. Aurten Hats Berriko gazteek lehen urrats oparoa egin dute, ildo polita erakutsi digute; hurrengo urteetan ere jorratu duten bide beretik jarraituko dutelakoan nago, gaurko hats berriek biharko kimu berriak ekarriko baitizkigute. Pixkor ibili gazteak!

Dokumentuaren akzioak