Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hasteko, sua eta dantza

Dokumentuaren akzioak

Hasteko, sua eta dantza

Bihar hasiko dira Arbizuko San Joan jaiak, eta ostirala arte zer egina izanen da herrian. Urtero legez, bezperen ondoren 'Maria Lonbrenen zaldiya' dantza dantzatuko dute herriko kintoek, bihar, iluntzean

Egilea
Irene Arrizurieta
Komunikabidea
Berria
Tokia
Arbizu
Mota
Albistea
Data
2008/06/21

Sanjoanetan, sabela beteta eta eztarria bustita edukitzea ezinbestekoa da arbizuarrentzat. Horregatik, dantza ikustaldia amaitutakoan, koadriletan bildu eta arratsaldekoa eginen dute ermita inguruko zelaietara gerturatzen diren guztiek. «Herriak ardoa eta gazta jartzen du, eta kuadrila bakoitzak bere arratsaldekoa eramaten du. Urdaiazpikoa tomatearekin kazolan eraman eta arratsaldekoa egiten da», azaldu du Arbizuko kultura zinegotzi Itziar Lizarragak.

Sabela beteta eta Txorongo txarangaren musika doinuei jarraituz, arbizuarrek baselizatik herrirako bidea eginen dute. San Joan bezpera izanik, herrian piztuko dituzten suak saltatuko dituzte arimak garbitzeko eta izpiritu txarrak uxatzeko. Lagun sailak eta udalbatza herriari itzulia emanez plazara iritsiko dira. Udalbatzak udaleko balkoian ikurrina eta herriko bandera jarriko ditu, eta herriko sailek beren elkarteetara joanen dira afaltzera.

Jaietako egun nagusia, ordea, bihar izanen da Arbizun. San Joan ermitara igoko dira, berriz ere, arbizuarrak eta udalbatza. Ostirala bitartean egunero eginen dute aate edo edatea: zilarrezko hiru katilutatik ardoa edatea. Plazan herritarrak bildu eta zilarrezko ontzietan, «barkilloetan», ardoa banatuko du egunero Manuel Leiza albinteak. Lehenengo aatea bihar eginen dute, baina eguerdiro eta arratsaldero errepikatuko da eskaintza eztarriak freskatzeko.

Haurrentzat puzgarriak eta buruhandiak, herri kirolak eta Egan taldearen dantzaldiak osatuko dute egitaraua, beste hainbat ekitaldirekin batera.

Ostirala bitartean izanen da Sakanako herri honetan non gozatu. Erretiratuen egunak, haurren egunak, kintoen egunak eta amnistiaren egunak osatuko dute egitaraua.

 
Egitaraua

BIHAR, ASTELEHENA


13:00. Txupinazoa.

18:00. Herrikoen arteko herri kirol finala.

19:30. Ermitara igoera, Txorongo taldearekin.

20:00. Bezperak, ermitan.

20:30. 'Maria Lonbrenen zaldiya' dantza.

23:00. Dantzaldia.

ETZI, ASTEARTEA

10:00. Diana.

11:30. Ermitara igoera.

12:00. Puzgarriak.

12:30. Buruhandiak.

13:00. 'Aatea'.

13:30. Kontzertua.

 

«Ermitara urdaiazpikoa tomatearekin kazolan eraman eta arratsaldekoa egiten da bezperetan»

Itziar lizarraga

Arbizuko Kultura zinegotzia

Dokumentuaren akzioak