Dokumentuaren akzioak
Hasi da Dantzari-Txiki denboraldia
Zegamako Dantzari-Txikia
Goizeko 10:45ean elkartu dira Zegamako Toki-Alai frontoian eta bertan, haurrek ogitartekoak jan dituzte, dantzan hasi aurretik indarrak biltzeko. Ondoren, 11:30etan desfileari hasiera eman diote, Tobera musika-eskolako trikitilariek bidea irekitzen zutelarik. Hauen atzeitk dantza-talde desberdinak joan dira, bakoitza bere taldearen kartela hartuta. Zeraindarrak izan dira desfileko lehenak, Solkie taldekoak. Ondoren, Beasaingo Ostadar dantza taldekoak joan dira; jarraian, Oin Arineko dantzari lazkaotarrak eta hauen atzetik Beasaingo Aurtzaka dantza taldekoak. Amaitzeko Segurako Azpilla dantza taldea eta etxeko Tobera dantza taldea izan dira.
Lehen geldialdia Urgain Berri plazan egin dute, goizeko 11:35ean. Bertan, talde bakoitzak dantza bat eskaini du, desfileko ordena mantenduz eta bertatik, plaza ondotik igaro eta Olaran kaleko jolas-lekura joan dira bigarren geldialdia egitera. Bertan ere dinamika bera jarraitu dute. Jarraian, hirugarren geldialdi bat egin dute elizaren atzeko aldeko plazan eta bertatik plazara joan dira, goizari amaiera ematera. Plazan, ohi bezala, Ikurrin-dantza, Agurra eta Txulalai dantzatu dituzte eta Fandagoa eta Arin-arinarekin eta kalejirarekin eman diote bukaera saioari.
Zinta-dantza, Zuberoako makil-dantza, Pello Joxepe, Kaskarot, Sagar-dantza eta abar ikusi ahal izan dituzte gaurkoan zegamarrek kaleetan zehar, eskualdeko dantzari txikien eskutik.
Zaldibiako Dantzari-Txikia
Goizeko 11:00etan elkartu dira dantzari-txikiak Zaldibiako plazan eta hamaiketakoa jateko aukera izan dute bertan, dantzan hasi aurretik. Jarraian, 12:00etan desfileari hasiera eman diote eta hauek ere, zegamarrek bezalaxe, hiru geldialdi egin dituzte plazara iritsi aurretik. Geldialdi bakoitzean talde bakoitzak bi dantza eskaini ditu. 13:00ean elkartu dira guztiak plazan amaiera emateko goizari jaialdiarekin. Talde bakoitzak dantza bat egin du plazan eta ondoren, Ikurrin-dantza, Agurra, Fandangoa eta Arin-arinarekin eta kalejirarekin eman diote amaiera goizari. Eskualdeko zein kanpoko taldeak izan dira gaurkoan, hala nola, Ordiziako Amets Bide, Beasaingo Aurtzaka, Legorretako Irrintzi Alai, bertako Iztueta eta kanpotik etorria Berako Gure Txokoa.
14:00etan bazkaltzera joan dira dantzari guztiak eta arratsaldean, Ttipika dantza gidatuak izan dituzte Zaldibiako plazan. Dantzari txiki zein irakasle dantzan dabiltza guztiak borobil handi batean Ttipika taldeko kide batek mikrofonotik pausoak azaltzen dizkieten bitartean.
Dokumentuaren akzioak