Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hartzaro jaialdian «Betiko Gaitaren» soinuek berotuko dute Uztaritzeko giroa

Dokumentuaren akzioak

Hartzaro jaialdian «Betiko Gaitaren» soinuek berotuko dute Uztaritzeko giroa

Komunikabidea
Gara
Tokia
Uztaritze
Mota
Albistea
Data
2006/02/11

Beñat Achiaryk Hartzaro jaialdia hainbat soinuz osatutako jaialdi gisa definitu zuen: «Hiltzen den txerriaren garrasia, hasperenak, txistulariak, garagardoak kontuarrean edo taupadaka dauden bihotzek osatzen dute. Soinu berria sortzen da, hainbat belaunalditako musikariek sortua; gure garaiaren soinua da, Euskal Herrian bizitzak aurrera egiten duenaren seinale». Horixe du xede Hartzarok; hainbat tradizio elkartuz, gaurko egoerara egokitzea, sorkuntza artistikoaren bitartez. Hori dela-eta, kaleko musikaren laborategi bilakatu da jaialdia.



Ideia horiek garatzeko aldiro ikusgarri berriren bat aurkezten dute. Orain arte, sorkuntza arrakastatsuak izan ditu, aurreko edizioetako «Burrunba» edo «Hartza Iguzki», esate baterako. Aurten «Betiko Gaita» izango da berrikuntza; kontzertu horretan, betiko gaitaren soinua hartuta, oraingo musika egitea da xedea.



Uztaritzeko Gaiteroak taldea eta La Nèhe Daxeko bandak egingo dute posible ostiralean gaueko bederatzietan Elizan eskainiko den «Betiko Gaita» ikuskizuna. Gaitari egokitzen zaizkion musika moten oso bestelako kontzertua eskainiko dute kontzertuan, musika klasikotik hasita, musika garaikidera arte. Gaur egungo soinuaren erakusle izango diren lanak Remy Gachis edo Mañolo Espellet artistek konposatuak dira. Gaitarekin beste 34 musika instrumentuk interpretatuko dituzte obrak. Uztaritzeko kontzertu horrez gain, beste bi edo hiru gehiago ere emango dituzte, eta horietatik hartutako soinuekin, diskoa argitaratzeko asmoa dute.



Berrikuntzen artean, bestalde, Oldarra Biarritzeko Euskal Balletak dantzaldia aurkeztuko du, «Azken oihua». Lauaxetaren heriotzaren mendeurrenean Gernika balletak egindako lana baliatu dute, euskal erresistentzia gaitzat hartuta.



Uztaritzera hurbiltzen direnei Gipuzkoa eta Donostiako inauteri eta festak ezagutarazteko, Tanborradako partaideak, Caldereroen ohitura garatzen duten elkarteak eta «Iñudeak eta artzainak» dantza antzeztuko duten Astigarragako dantzariak gonbidatu dituzte.



Aurreko urteetan arrakasta handia izan zuten «Burrunba» eta «Hartza Iguzki» ikuskizunak ere antolatu dituzte. Azken hori Beñat Achiaryk Zuberoako pastoralaren kostaldeko bertsio gisa definitu zuen, inauterien interpretazio modernoan oinarritutakoa, Uztaritzeko herri guztiak hartzen baitu parte.



«Burrunba» musika ikusgarria duela lau urte sortu zenean, horrenbesteko arrakasta izango zuenik ez zuten espero sortzaileek; baina egoerak aginduta, eta garapenak dakartzan aldaketak direla-eta, aurten ere eskainiko dute ikuskizun hori jaialdian. Heldu den urterako ikuskizuna handitzea pentsatu dute, 30 dantzarirekin koreografia ezarrita.







Tradizioa eta sorkuntza gazteen artean



UZTARITZE



Hartzaro festibalak Euskal Herriko artisten artean folklorea biziarazi eta horren inguruan sorkuntza garatzeko parada ezin hobea ekartzen du. Baina ez dira artistak giro horretan murgiltzen diren bakarrak, herriko gazteen artean ere zabaldu baita nahi hori. Herrian gertatzen dena ikusita, Uztaritzeko gazteen parte-hartzea oso handia da. «Hartza Iguzki» ikuskizunean gazte askok parte hartzen du, eta Astearte Gizenean, laneguna izanik ere, herriko karriketan jende eta gazte ugari ikusten da. Errobiko Kaskarrotak elkarteko presidente Antton Lames gazteak hauxe esan zuen: «ikusten duzunarekin egiten duzu amets. Nik, txikitan, inauteriko pertsonaien artean animalia izatea nuen amets, eta orain animalia naiz». Elkarteko dantza talde den Izartxon belaunaldi aldaketa egina da, eta «Hartza Iguzkik» arrakasta handia lortu duenez, ez dira horretan geldituko. Lamesek 2007an tradizioari berrikuntzak ekarriko dizkion ikuskizuna sortzeko asmoa dutela esan zigun. Jaialdiak gazteria integratzeko lan handia egiten du, eskola eta lizeoetara hurbilduta.

Dokumentuaren akzioak