Dokumentuaren akzioak
Hartzaro, inauterien mezua berrituz
Gaurtik hasita, asteartea arte, Uztaritzeko inauteriek sorkuntzari leku berezia emanen die
Gaurtik haste, heldu den Astearte Gizena arte, zortzigarren aldikotz, aurten ere, soinu eta dantza berriak taularatuko dituzte inauterien karietara Errobiko Kaskarotek, ekimenaren antolatzaileek. «Hartzaro, karrika musika, eta oro har inauterien laboratorio bat izaten ahalegintzen da, ohitura herrikoiak eta erritualak galdekatuz. Sorkuntzak asmatzen segitzearekin, tradizioa biziaraztea dugu xedea», azaldu du Pierre Haira Errobiko Kaskarotak elkarteko kideak. Orotara 300 bat herritarrek parte hartuko dute jaialdian. 15 urtetik 65 urtera. «Guztien artean segida bat segurtatzeko ardura dugu, belaunaldi bakoitzak tradizioari zerbait ekarri behar dio. Orain asmatu sorkuntza batzuk tradizioan sartuko dira, agian. Ondoko belaunaldiek hautatuko dute zer hartu, eta zer bazterrean utzi. Hautua ukanen dute, gutienez. Sortzen ez duen herri bat hiltzen baita», gehitu du Hairak.
Hala, dantza eta musikaren arloan berrikuntza andana bat jastatzera emanen dituzte. Hasteko, Burrunka. Uztaritzeko 12 bat gaitero eta 30 bat danbor jotzailek lagundurik, 80 bat zirtzilek karriketan dantzatuko dute.
Horren ondoan, Inauteriko kadria sorkuntzak 80 parte-hartzaile biltzen ditu. Mixel Etxekopar soinulari dela, besteak beste. Zanpantzarren abereak eta Maia euskal mitologiako jainkoaren arteko dantza irudikatzen du. Beste berrikuntzetan, Su jauziak, Zanpantzar erretzearen erritualari mezu berri bat erantsiko dio, Zuberoako maskaradak oinarri dituela. Bihar arratsaldean ikusten ahalko da guztia, Hiribehereko plazan, 17:30etik aitzina Inauteria Ikusketan. Hartza arratsalde horretan baita iratzarriko. Udaberriaren heltzearen sinbolo, Hartza betidanik ikusia izan da inauterietan eta bereziki Uztaritzen. Larunbataren ondoan, asteartean ere hartua du hitzordua sorkuntzak. Astearte Gizena dela, Zanpantzar erreko dute. 20. aldia izanen dute Uztaritzen. Tradizioa galdu zela, garaian arrapiztu zuen Errobiko Kaskarotak. Horiek hola, garai haietatik aitzina asmatu sorkuntzak taularatuko dituzte gau hartan. Nonbait, engoitik tradizioan sartuak direnak. Beti ere sorkuntza omentzeko, hainbat talde gomitatuak dituzte animaziorako. Garazi Philanthropik(e) Orkestra ariko da hats honetan Latsa gelan 21:00etan, adibidez. Bihar arratsean, Eguzki Lore, Bihotzez eta Zapo taldeak ariko direla Hiribehereko plazan, guzti hauek beren disko berriak aurkeztuko dituzte. Berrikuntzen ondoan, tradizio zaharrentzat ere atxikia dute tokia egitarauan. Igandean bereziki. Kaskarotak, Batbiru taldeak eman Dantza Piko, eta beste, goizetik arrats aldizkatuko dira Hiribeheren. Zentzu berean, larunbat goizerako, txerri hiltzea antolatua dute.
Alabaina, Uztaritzeren eta inauterien arteko istorioa ez da gaurkoa. 350 bat urteko tradizioa du herriak. Kaskarotak, etxez etxe eskean ibiltzen direnak adibidez, aspalditik, etenik gabe, ibili dira Uztaritzen. Eta tradizioak dioen bezala mutilek soilik dituzte irudikatzen. Dena dela, hor ere, heldu diren urteetako molde berri bat asmatuko dute, neskek parte hartzeko gisan.
Dokumentuaren akzioak