Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hartzaro festibalaren 28. edizioa heldu da

Dokumentuaren akzioak

Hartzaro festibalaren 28. edizioa heldu da

Otsailaren 2tik 13ra iraganen da Hartzaro festibala Uztaritzen, udaberriari ongi etorria emanen diona. Urtero bezala egitarau aberats bat proposatzen dute, ihauterien inguruko emanaldiak, dantzak eta hainbat kontzertu, hala nola, Anje Duhalde, Xutik eta Ganixak ikuskizuna.
Egilea
Maitane Etxeberria
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Uztaritze
Mota
Albistea
Data
2024/01/30
Lotura
Kazeta

 Hartzaro Festibalaz gain beste ekimen batzuk ere antolatuko ditu Herri Soinu elkarteak.

Hartzaro Festibalaz gain beste ekimen batzuk ere antolatuko ditu Herri Soinu elkarteak. (Guilllaume FAUVEAU)

Hartzaro festibalaren 28.edizioa izanen da aurtengoa. Ohitura eta sorkuntza, profesionalak eta amaturek sortzen duten festibala da, oholtzako eta karrikako emanaldiekin eta belaunaldi guzientzat egina dena. Uztaritzeko elkarte ainitzekin aritu dira lanean. Festibalaren xedeaz galdeturik, Maitena Arrayetek festibalaren antolatzaile denak dioenez, «guretzat festibalak euskal kultura biziarazten du».    

Festibalak 12 egun iraunen ditu, eta hainbat ekimen eta animazio aurkitzen ahalko dira. Aurten, Herri soinu elkarteak sorkuntza berri bat proposatuko du, Ganixak izenekoa. Lehen bazen Heraitze auzoko Ganixen tradizioa berreskuratu dute. Izartxo, Uztaritzeko dantza taldearekin elkarlanean aritu dira eta Jose Cazaubon dantzariak lagundu ditu dantzen egiteko. Bi ikuskizun izanen dira, bat otsailaren 4an, igande goizean eta otsailaren 10ean, larunbatez, arratsaldeko 4etan.

Hainbat kontzertu izanen dira. Hala nola, Anje Duhalde eta Kanboko Harmonia otsailaren 2an agertuko dira oholtzara. Otsailaren 3an, Arraditz eta Xiberotarrak. Otsailaren 9an, Ixtaklok, Tapia eta Leturia eta Xutik, eta otsailaren 10ean, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa. Egun hauetako kontzertuak, 10€tan izanen dira eta urririk 12 urte beherekoentzat.

Otsailaren 3an, larunbatean, ‘Larrain Dantza’ ikastaro bat izanen da. Baita Garikoitz Mendizabalek eramanen duen txistu masterclass bat, Iparraldeko kontserbatorioarekin eta IDBren partaidetzarekin antolatuak direnak, otsailaren 10ean, larunbatez.

Tokiak aitzinetik hartzen ahal dira Herri Soinuren webgunean edo Uztaritzeko Hemengo dendan. Salgai izanen dira tokian berean ere, ikusgarriak hasi aitzin.

2024ko urtean, Herri Soinuk euskal kulturaren gertaera nagusi batzuk antolatuko ditu, Hartzaro festibalaz gain. Hartza Altzoan hasi berri diren artistei eskainia eta Herri Uzta Mutxikoaren egunaren inguruan, urriaren 10etik 13ra, Uztaritzen eta Arrangoitzen.

Dokumentuaren akzioak