Dokumentuaren akzioak
Hartza eta oiloak
Kritika, 'The stolen show'
Atseden tartea amaitu baino lehen eszenatokian hasi ziren agertzen konpainiako dantzarietariko batzuk, beraien artean berbetan eta ariketak nahiz luzaketak eginez, era kasual horretan hasten delako Xpectacle izeneko pieza. Ariketa eta entsegu giro haren baitan, ordea, zirraraz beteriko hiru pieza sortu ziren guztiz era naturalean, beste munduko gauzarik gertatu ez balitz bezala. Lehendabizikoan gatazka geldo bat garatzen da bi gizonezkoren artean, kolpeak irudikatzen dituen soinu-banda ilun baten pean. Bigarrenean erritmo leun eta malgutasun erakustaldia egin zuten bost emakumek, piano musikak dentsitate dramatiko handiko uneak sortzen zituela. Hirugarrenean, azkenik, askatasun zoriontsuaren irudikapen delikatua eraiki zuen bikote batek, dantzatik bakarrik sor daitezkeen perfekzio eta dotoreziarekin.
Amaitzeko, egitarau osoaren izenburua den The Stolen Show pieza etorri zen eta honetan Crystal Pite koreografoak aurreko piezetako elementu batzuk berreskuratu zituen, hala nola piezen laburtasuna, umorea eta askatasun sortzailea. Beste plano batean izanda ere, lehen ataleko hartza ere agertu zen honetan eta harekin batera plastikozko hamar bat oilo lumatu izan ziren protagonistak, haiekin pailazokeriak, malabarismoak eta txotxongilo emanaldi txiki bat eta guzti egin zituztelako. Aurreko atal bien aldean pantomima kutsu lar hartu zuen azken honek, baina hiruretan geratu ziren argi baino argiago Vancouverreko koreografoaren ideia jarioa eta Montrealgo konpainiaren maila miresgarria.
Konpainia: BJM. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Data: Abenduak 2.
Dokumentuaren akzioak