Dokumentuaren akzioak
Hartz zurien bizi poza
Kritika, Biarritz Baleta, 'LA SANG DES ETOILES'
Hartz nagusiaren konstelazioa hartu du Thierry Malandainek Biarritz baletaren azken sorkuntzaren abiapuntutzat. Ipar-izarraren inguruan jiratzen diren zazpi izarrak ez direlako inoiz itsasoko uretan hondoratzen, Antzinatasuneko mito batek hala aginduta. Kondaira haren arabera, Zeusen emazte jeloskorrak ez zuen onartu ninfa bat eta hark Zeusekin izandako semea zerura igo izana, eta horregatik oztopatu zien ozeanoetarako sarbidea.
Baina, Thierry Malandainengan ohikoa den moduan, beste erreferentzia aberats batzuk ere erabili dira La sang des étoiles (Izarren odola) diseinatzerakoan. Haien artean valsaren inguruko gogoeta paregabea nabarmenduko dugu, edota hartzaren izaera zoriontsua gizakiaren errealitate prosaikoarekin konparatzeko ariketa. Lanaren egiturak estuki jarraitzen die mitologiako pasarte hark azaldutako gorabeherei, baina betiere dantzaren esparruaren barruan, hau da, narratibotasun errazean jausi gabe. Ez gaudelako, azken finean, istorio bat kontatzen, eta balizko gertaera haiek dantzarako aitzakiak eta edertasunaren euskarriak besterik ez direlako. Aukera honetan, gainera, nik esango nuke Malandainek aurrekoetan baino libreago jokatu duela, Biarritz baletaren egoera sendoak eta maila ukaezinak hala permititzen diotelako, zalantzarik gabe. Izan ere, paregabeak dira dantzarien forma fisikoa eta prestakuntza, eta konpainiak hasieratik gorde duen egonkortasunari esker ikusleen atxikimendua eskuratu du, artistikoki gero eta baloratuagoa izateaz gain.
Sentsualtasunez beteriko pasarteak
Horrela izanik, sentsualtasunez beteriko pasarteak ikusi ditugu, Jean-Claude Asquiék sortutako argiztapen delikatuak eta Gustav Mahlerren lied malenkoniatsuek lagunduta, baina tartean beste batzuk guztiz iraultzaileak etorri dira. Haien artean bereziki gogoangarriak dira Danubio urdina-ren eraikitako dantza dionisiakoa edota Ludwig Minkusen La Bayadère-ren berrikuspena, non hartz zurien segizioak izartxoen itxura hartu eta zoriontasun galduaren parabola bikaina osatzen duen. g Agus Perez
Dokumentuaren akzioak