Dokumentuaren akzioak
«Harrobia behar du dantza bertikalak»
Zirku artista eta aireko akrobata da Gloria Peon Torre (Gijon, Espainia, 1975). 2005ean sortu zuen bere lehen zirku konpainia: Azulkillas. Eta, hamar urte geroago, dantza bertikaleko Euskal Herriko lehen konpainia: La Glo Zirku. Dantza konpainia horretako zuzendaria da. Gaur amaituko den Dantza Bertikaleko I. Topaketa antolatzeaz arduratu da. Bi egun hauetan bizitakoaz mintzatu da.
Zorua ez da muga. Dantza bertikala egiten duzuenok erakusten duzue grabitateari aurre egin diezaiokezuela. Hormak eta zerua dantzaleku bihurtzen dituzue.
Dantza bertikala nahiko modalitate espezifikoa da: airean eta hormetan sortzen dugu espektakulua. Sokekin zintzilikatu, eta arnes batekin heltzen gara beti. Diziplinaren barruan, baina, hainbat kategoria daude. Mugak ditu, baina askatasun handia ematen du sorkuntzarako eta aske dantzatzeko.
Aplikagarriak al dira lurrean dantzatzen diren beste modalitate batzuetako koreografiak, ala ezberdinak dira?
Gauza batzuk bai, baina ez guztiak. Lurrean dantzatzen dituzun koreografiek definituko dute dantza bertikalean dantzatuko dituzunak; guztia ez da posible, ordea: bere berezitasunak ditu.
Arriskuan zaudela sentitzen duzu zintzilikatzen zaren bakoitzean?
Arriskutsua izan daiteke, baina behar diren neurriak hartzen badira, ez da ezer gertatu behar. Adibidez, topaketan segurtasun tailerrak egiten ari gara, arriskuak prebenitzeko. Zer egin eta nola egin jakitea beharrezkoa da edozein istripu prebenitzeko.
Zirkuko artistek sortu zuten dantza bertikala, eta zu ere hortik zatoz, ezta?
Zalantza barik, eta nik harekin egin dut bide hori. Duela asko hasi nintzen dantza bertikalean. Hasieran, zirku eskola batean, eta ez nuen asko sakondu. Duela bederatzi urte inguru hasi nintzen serio hartzen. Euskal Herrira ekarri nuen ondoren, hemen inork ez baitzuen dantza bertikalik egiten. Jendea prestatzen hasi nintzen gutxinaka: gehiago gara egunez egun.
Hasieran, ezezaguna egingo zitzaion jendeari. Nolako harrera izan zuen?
Oso ona. Eskaladarako zaletasun handia dago Euskal Herrian. Eskalatzaile asko interesatu ziren, eta dantzariak ere bai. Hedatuz joan da gutxinaka, zale berriak lortuz. Hain justu, horregatik da hain garrantzitsua egiten ari garen Dantza Bertikaleko I. Topaketa. Dantza diziplina honen arrakastaren erakusgarria da.
Egun hauek zirraraz bizitzen ariko zara.
Mundiala da. Europa osoko jendea etorri da topaketara. Dantza hau maite dutenek eskertzen dute horrelako topaketak antolatzea, emozio handiz bizitzen baitituzte.
Hitzaldiak, tailerrak, ikuskizunak... ez du etenik. Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?
Zaila da nik esatea, guztia nabarmenduko nuke eta. Gauza asko eskaintzen ditugu, eta 30 ikaslek ikastaroetan eta klaseetan izena ematea lortu dugu; ez da gutxi. Are, gaur bi ikuskizun ditugu topagunea amaitzeko, 18:30ean hasita: Juan Leibarren erakustaldi praktikoa, eta Zinbulu Kolektiboaren Errotzen. Doan izango dira biak.
Uste duzu erraza izango dela dantza bertikalak denboran irautea?
Euskal Herrian, harrobia behar du dantza bertikalak. Hiru konpainia gaude oraingoz, baina dantza irakasle gehienak kanpotik etorritakoak dira. Hemengo jendea behar da zerbait mantentzeko, harrobia sortu behar dugu.
Nola erakar daiteke publiko gaztea?
Horretarako ere antolatzen ditugu horrelako topaketak, jendeak dantza modalitate hau badagoela jakin dezan. Ondoren, norberak erabaki dezala, baina ezagutzeko aukera eman behar diegu. Egun batetik bestera iritsi zen dantza bertikala Euskal Herrira, baina baikortasunez ikusten dut etorkizuna. Interesgarria izango da oraindik askorentzat ezezaguna den diziplina honen eboluzioa. Denborak esango du.
Dokumentuaren akzioak