Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Harrobi berria

Dokumentuaren akzioak

Harrobi berria

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/10/21

BBJ Miarritzeko Baletak prestatu duen gazte konpainia da. Sei hilabeteko proba gisa sortu badute ere, etorkizunean harrobi lana egingo duen konpainia sendoa izatea da proiektua. Esperientzia honek hamabi gazteri konpainia baten bizitza ezagutzeko aukera eman die. Hain zuzen, orain beren lehenengo emanaldiak prestatzen ari dira. Azaroaren 4an eta 5ean Batekmila ikusgarrian kolaborazio bat egingo dute, eta 17an Tximeleta ikuskizuna estreinatuko dute.



Donostiako Egia kultur etxean goizetan ezohikoa zaion mugimendu bat antzematen da irailaz geroztik. Bulegoetako mugimendutik at, hamabi neska gazte Miarritzeko Baletak bertan duen dantza aretoan izerdi patsetan ari dira lanean. Goizean 09:00etan hasi eta 15:30 bitartean jo eta su jarduten dute. Bazkaltzeko berrogeita bost minutuko atsedenaldia egiten dute, baina gainerakoan etengabe tartekatzen dituzte teknikako eskolak eta hainbat koreografiaren entseguak.Bertara iritsitakoan, konpainiako hamabi neska dantzariak Gael Domenger koreografoarekin Batekmila ikuskizuna prestatzen aurkitu ditugu. Miren Gomez, Jone Miren Arregi eta Gissela Riva atseden hartzen ari ziren, beraiek ikuskizuneko beste pasarte batean parte hartzen dutelako, eta hutsarte hori Berriarekin hitz egiteko baliatu dute.Irun, Baiona eta Bartzelonakoak dira, hurrenez hurren, eta 18-20 urte arteko adina dute. Orain arte, Zaragoza, Bartzelona eta Cannesen ari ziren dantzari buruzko ikasketak egiten, baina irrikaz itxaroten zioten orain aurkitu duten moduko aukera bati. Izan ere, «ia-ia ezinezkoa da konpainia batean sartzea», esaten dute hiru gazteek: «Hamazortzi urte izan arte ezin gara konpainia batean sartu, eta hamazortzi betetzen dituzunean esperientzia eskatzen dizute. Eta non hartuko dugu esperientzia?». Hain zuzen, esperientzia hartze hori da BBJko proiektu honetatik gehien estimatzen dutena. Irailean hasi ziren lanean eta otsailaren bukaera arte konpainia batean bezala biziko dira BBJn. Egunero dantza klasikoko eskolak jasotzen dituzte, astean bitan dantza garaikidekoak eta horrez gain emanaldiak prestatzen dituzte. Egunean sei ordu baino gehiagoko lana.



Hasieran «oso nekatuta», «agujetaz josita», zeudela aitortzen dute: «Lan berria zen guretzat eta horrenbeste ordu lan egitea nekagarria da; gainera, gauza asko ikasi behar ditugu denbora gutxian eta horrek neke psikologikoa ere badakar». Hala ere, lehenengo egunetako neke hori gaindituta, orain «oso pozik» daudela diote. «Asko ikasten ari gara, esperientzia handia hartzen: «Oso-oso kontent gaude».



Hamabi dantzariez gain, proiektu honetan Asier Zabaleta dantza garaikideko irakasle eta koreografoak, Gael Domenger dantzariak eta hainbat koreografo gonbidatuk hartzen dute parte, besteak beste. Eta horrez gain, sarritan Ballet Biarritzeko dantzari zein irakasleen bisita jasotzen dute.



Aspaldiko asmoa



Miarritzeko Baletak Mugaz Gaindiko proiektua osatu zuenetik gazte konpainia bat sortzeko helburua izan du esku artean. Saiakera eta harreman askoren ondoren probatzeko garaia dela erabaki du orain, eta sei hilabeteko proiektu hau jarri dute abian. Azkeneko bi udaratan aurrekari gisa bi stage labur antolatu zituen Lapurdiko konpainiak. Gazte talde bat aukeratu eta hamabost eguneko egonaldi batean, Thierry Malandainen (Ballet Biarritzeko koreografoa eta zuzendaria) koreografia bat lantzen zuten, gero Donostiako Aste Nagusian aurkezteko.



Oraingo saiakera hau, ordea, askoz ere trinkoagoa da. Udan antolatutako aukeraketa saiora berrogeita hamarretik gora dantzari aurkeztu ziren, eta horietatik hamabi aukeratu zituzten BBJ osatzeko. Jatorri oso ezberdinekoak dira dantzari gazteak. Donostia eta Baionakoak dira horietako bost, baina Madrildik, Bartzelonatik eta Frantziako hainbat hiritatik datoz besteak. Gehienek oraintxe ezagutu dute elkar, «baina hainbeste denbora elkarrekin eginda», lagun taldea sortzen ari direla diote.Sei hilabeteko esperientzia izanik, etorkizuneko asmoak buruan izatea gauza arrunta da. Filgi Claverie Ballet Biarritzeko Mugaz Gaindiko Proiektuaren zuzendariak sorbaldak goratuz erantzuten dio galdera honi: «Ez dakigu zer gertatuko den gero, hori urtarrilean edo otsailean ikusiko dugu». Baletaren hasierako proiektua gazte konpainia iraunkorra izatea eta dantzari bakoitzak bertan bi urteko egonaldia egitea zen, eta helburu nagusi gisa horrek jarraitzen du. Hala ere, horretarako, laguntza eta faktore askok egin behar dute bat. «Sei hilabeteko denboraldi hau esperientzia nolakoa izan daitekeen ikusteko egin dugu, proiektuari bultzada bat emateko». Dantzarien kasuan, sei hilabeteko egonaldi hau urtebetera luzatuko ote den ez da kezkatzekoa. Urtarrila eta otsaila artean ahalik eta proba gehien egin nahi dituzte, etorkizunean konpainia batean dantza egiteko aukera izan dezaten.Edozein dantza konpainiak bezala, BBJk ere emanaldiak eskainiko ditu otsaila bitartean. Jende aurreko estreinaldia azaroaren 4an eta 5ean izango dute Luhuson. Bertan, Batekmila ikusgarrian parte hartuko du kolaboratzaile gisa. Batekmila dantza, musika eta antzerkia bateratzen dituen ikusgarria da, eta horretarako Gael Domengerrek osatu du koreografia.



Domengerrek hirugarren denboraldia du Ballet Biarritzen. Paristarra izatez, Luxenburgen, Alemanian, Suitzan, Belgikan, Herbeheretan eta, batez ere, Frantzian egin du lan. Malandainen eskutik iritsi zen Miarritzera, eta orain 35 urte betetzear denean, konpainian beste ardura batzuk ere hartu ditu. Malandainen errepikatzaile lanak egiten ditu eta gazte konpainian irakasle zein koreografo lanak ere bai.



«Niretzat lan ederra da», esaten du. «Gazte-gaztetandik dantzari izateaz gain nire koreografia txikiak egin ditut, eta orain gazte talde honekin nire lanak garatzeko aukera dut». Apurka-apurka dantzari izateari uzteko asmoa du, eta bitartean dantzari lotutako beste lanei ekiteko ere bai. Izan ere, argi eta garbi esaten du: «Ez dut dantza utzi nahi, bat-batekotasuna lantzen jarraitu nahi dut, nire estiloa indartu, gauza garaikideak egin». BBJk azaroaren 17an estreinatuko duen Tximeleta ikuskizunean ere Domengerren Gau Itxuraldatua koreografia estreinatuko da, Malandainen beste birekin batera. BBJk ikuskizun horretan Zisnearen heriotza eta Boleroa koreografia ezagunak ere dantzatuko dituzte. Dantzariak benetan kontent dira estreinaldi horretan pentsatuz. «Malandainen estiloa asko maite dugu, oso fina da, eta bere koreografiak dantzatzea oso gustagarria da».



Donostiako Egia auzoan harrobi berri bat sortu da, etorkizuneko dantzariak sortzeko harrobia. Ilusio askoren jatorria.

Dokumentuaren akzioak