Baina aitortu digunez, «denborak eta adinak ematen didan ikuspegiarekin, ez dut dena polita ikusten. Gazteak ginelako edo, herria, gizartea, dena aldatu nahian, borroka egin beharra sentitzen genuen eta horrek bere ondorioak utzi zituen».
Dantza luzea berreskuratuz
Garai mugitu hartako bertze ondorioetako bat Arantzako Dantza Luzea berreskuratzea izan zen. Tartean zen Gabi ere: «orain 40 urte inguru izanen zen. Orduan herriko txistulari eta atabalariak ziren Jazinto eta Cruz Mari Bergara aritu ziren herriko nerabe talde bati erakusten. Soinuarekin Martin Ibarrola, Evaristo Mitxelena eta Alfonso Larraldek laguntzen ziguten. Neska-mutil haien artean ni eta nire lagunak geunden. Gero, guk gure ondorengoei erakutsi diegu». Bere fruituak eman ditu lan hark, eta gaur egun, bestetako egun haundian, herritar saila biltzen da Dantza Luzea dantzatzera. Gabik berak ere urte aunitzez «gustura» dantzatu izan du eta ez du baztertua berriz dantzatzeko aukera: «polita iruditzen zait haur, gazte eta zahar, denak elkarrekin Dantza Luzean aritzea». Gehiago ere kontatu digu: «gaztetan harro sentitzen nintzen aranztarrak gure dantza eta janzkera propioa genuelako, eta bertze herrietatik gure dantza ikastera etortzen zirelako». Bertzalde, «ahalik eta hobekiena dantzatu eta ohitura zahar hau mantentzeko ardura ere» sentitu omen du, baita momentu bereziak ere: «orain urte batzuk, nire hiru seme-alabekin dantzatu nuen Amabirjin egunean eta hunkigarria izandu zen».
Gainera, hori du bestetako egunik maiteena: «ilunabarrean plaza inguruan sortzen den giroa gustuko dut. Herritarrak eta herritik joandako bertako seme-alabak egun honetan herrira itzultzen dira familiarekin eta belaunaldi ezberdinak elkartuz giro aparta plantatzen da». Haurra zenetik bestak aldatu direla iruditu arren, lehen eta orain, gustuko ditu eta ez du hutsik eginen aurten ere. Akaso armairuan ongi gordea izanen duen jantzi zuri-gorria atera eta plazan agertuko da Dantza Luzea dantzatzera. Aurten ez bada, hurrengoren batean, bai.