Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Harritzen naiz Gasteizko jaietako sormenarekin"

Dokumentuaren akzioak

"Harritzen naiz Gasteizko jaietako sormenarekin"

Egilea
Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2025/04/27
Lotura
Alea
Ane Albisuk Arriaga gizarte etxeko liburutegian egin du solasaldia. E. UGARTE / ALEA

Ikerfolken baitan hainbat proposamen egin ditu Ane Albisuk euskal jantzi herrikoiak berreskuratzeko. Doktore tesia ere amaitu berri du euskal jantzien inguruan, eta kulturan duten garrantzia aldarrikatu du.

Festetarako erabiltzen diren jantzi tradizionalen inguruko mito asko desmuntatu ditu Ane Albisu Iriartek (Donostia, 1960) Arabako jaien atarian Gasteizko Arriaga gizarte etxean egin duen hitzaldian. Nola jantziko gara hurrengo San Prudentzio egunean? solasaldian azaldu du ikertzaileak gaur euskal jantzi tradizionala deitzen dena XIX. mende amaieran sortu zela, hirietan ospakizunetarako baserritar jantzia imitatzen hasi zirenean.

Jantzi tradizionalaren esparruan gertatutako eraldatze prozesua sakon aztertu duzu. Noiztik eta zergatik janzten gara baserritarrez festetan?

Ez da duela bostehun urteko ohitura, baizik eta ohitura berri-berria, ehun urteko ohitura da. Hain zuzen ere, hori da amaitu berri dudan nire doktore tesiaren gaia. Zergatik? Gure landa inguruko jendea janzten zen bezala hasi ziren janzten kaletarrak. Duela ehun urte sortu zen ohitura hori, eta zabaltzen hasi zen, baina izan zen hirietako erromerietan egiten zena, garai berdinean mendiko erromerietan, Urkiolan kasu, jendea normal jantzita joaten zelako, baserritarrez jantzita, eta hiritarrak hasi ziren horiek imitatzen.

"Asmakizun" horretatik zer nolako eboluzioa eman da?

XX. mendean izan da euskal jantzien eboluzio bat, modarekin batera, ekonomiarekin batera, jostunetatik fabriketara igaro denean, kotoitik tergalera. Urteetan zehar aldatu egin da nola janzten garen, gizartea ere aldatu delako, modak aldatu egin direlako, egoera pilo batengatik. Eta gaur egun jendeak zer janzten du? Dendetan erosten duena, edo okurritzen zaiona josten du, beste batzuk gurasoengandik ikasita edo nonbaiten informatu direlako.

"Jendeak jantzia zerbait identitario bezala erabiltzen du, ez du janzten mozorro bezala"

Euskal jantziaren XXI. menderako Atondu proposamena egin duzu Ikerfolk taldearekin. Zertan datza?

Ikerfolk taldea Argia dantza taldetik dator, eta Argia Juan Antonio Urbeltzen eskutik sortu zen 60. hamarkadan. Argiak ikusten zuen herrietan bizi zen jendearen informazioa, dantzak, kantuak, jantziak... galtzen ari zirela eta horiek jasotzen hasi zen. Ikerfolkek Argiak jasota zuen informazio hori guztia hartu eta eredu bat plazaratu zuen XIX. mende bukaerako herrietako jendearen janzkeraren inguruan, kontuan hartuz nola janzten zen jendea hemen eta Europako mendebalde guztian. Modarekin bat ez zetorren janzkera zen hori, eboluzio motelago baten emaitza. Hori plazaratu genuen 90. hamarkadan, eta boom bat izan zen. Ordura arte beti jantzi izan gara soineko beltz puntu zuridunekin, eta bat-batean kolorea sartu zen.

Kolorearen erabilera da proposamen horretatik zabaldu den alde bakarra?

Guk erakutsi nahi genuena izan zen kodigo bat. Hizkuntza batean azentoa den bezala, herri janzkerak kodigo batzuk ditu, zer eta nola, nola dauden josita, zer patronaje duten. Kodigo hori zabaldu genuen eta orokorrean ez zegoenez  ezaguera bat interpretazioa izan zen hazia erortzen zen lekuaren arabera; eta zenbait dendek, adibidez, jantziaren egitura berdina mantendu zuten, baina loretxoak sartu zituzten eta koloreekin egin zituzten: berdea, fuksia. Jostunek, fabrikek eta dendek negozioa ikusi zuten, eta nahi izan zutena egin zuten. Zer jantzi horren parte bat hartu zuten bakarrik, kolorea, baina ez zuten hartu adibidez guk esaten genuela gonak izan behar zuela hiru edo lau metroko bueloa, mantalak handiak izan behar zirela… Eta nola jantzi horri buruzko arrastorik ere ez: adibidez, zapiak ez dira jantzi behar korapiloarekin, baizik eta brotxe batekin edo orratz batekin. Bestetik, jendeak ere ez zuen informaziorik, ez zegoen erreferenterik, eta bakoitzak nahi zuena egin zuen.

Bi ume, baserritarrez jantzita, San Prudentzio egunean. Argazkia: ALEA

Ba al dago marra gorririk jantzietan? Zeharkatu behar ez zen marra bat zeharkatu da?

Nik esaten dut gurea proposamena dela, guk ez dugu dogmarik egin nahi. Hausnarketa klabean egiten dugu lan. Nik ez dut inoiz esango marra gorria dagoenik, ikertzailea naiz eta nire ikerketatik gauza bat proposatzen dut. Baina nik ez dut sekula esango hau gaizki edo ondo dagoenik. Esango dut nire ikerketaren arabera lepoko zapiek jartzeko forma bat daukatela, eta lepoko zapiak eta buruko zapiak direla elementu oso garrantzitsuak janzkeran; eta ez direla bakarrik inportanteak Euskal Herrian, mundu osoan direla garrantzitsuak; burukoa da inportanteena, besteak beste, musulman, hindu edo afrikarrentzat. Niri askotan, gabonen inguruan, kazetariek gomendio bat eskatzen didatenean nik beti berdina erantzuten dut: hasi burutik janzten. "Ez dakit zer jantzi" diotenean, ados, atera txapelarekin, eta kito. Ni askotan atera naiz normal jantzita eta buruko zapiarekin. Gurean galdu zen azkena buruko zapia izan zen, horregatik da inportantea.

Oso modan dago orain Erdi Aroko burukoak eramatea festa batzuetan.

Hor bai, marra gorri bakarra jarriko dut. Hori da egiten dudan kritika bakarra. Noizbait asmatu zuten Mari Domingi. Ez naiz sartuko ados nagoen ala ez, Olentzerok bikote bat eduki behar duen edo bikotea emakumea izan behar den... Ez naiz sartuko. Nire gaia jantzia da. Olentzero XIX. mende amaierako arroparekin janzten dute, blusa, abarkak eta bestelakoekin. Oso haserre nago gai honekin, baina barregarri izateko... ikusi al duzu Outlander seriea? Mari Domingirekin halako gauza bat egin dute. Zergatik? Mari Domingik burukoa XVI. mendekoa duelako eta jantzia XX. mendekoa. Zergatik egin dute hori? XVI. mendeko buruko horiek hemen eraman zituzten, baina beste toki askotan ere, Kantabrian, Sorian, eta oso bereziak dira, eta batzuentzat gure jantziaren ikono bat dira, eta Mari Domingiri buruko hori jarri diote. Eta zera galdetzen dut: Mari Domingi sortzerakoan, zergatik ez zarete informatu nola jantzi behar den? Kalera ez duzue produktu bat bota behar, baizik eta kulturaren barrenean kokatuko duzuen pertsonaia bat. Eta jada sortu dute pertsonaia gaixoa, burukoa XVI. mendean duena eta jantzia XX. mendean. Batzuek baserritarren jantziarekin janzten dute eta beste batzuk poxpolin jantziarekin, eta bi jantzi horiek XX. mendean asmatu ziren.

Herri kulturaren senide pobrea ote da jantzia?

Eta nola ezagutu beharko genuke ba? Ni eskoletan eta ikastoletan egon naiz, goian dagoen jendearekin egon naiz hitz egiten gai hau eskoletako gaia izan dadin, baina ez diote garrantzirik ematen. Nire doktore tesia Atondu proiektuaren jarraipena da, eta egiteko arrazoi nagusia izan da nahi dudala gai hau unibertsitatean egotea, unibertsitatean dagoenean emango diotelako benetako garrantzia. Adibidez, nire ikertzeko toki garrantzitsuena Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak dira. Etortzen naiz eta liluratuta geratzen naiz, halako sormena ikusten dut… Ikertzaile bezala, gauzak nondik nora doazen ikusteko toki paregabea da.

"Mari Domingi gaixoak XVI. mendean dauka burukoa eta XX. mendean jantzia"

Baserritarrez jantzita edota mozorroturik kaleratzen gara?

Ez. Jendeak ez du mozorro bezala egiten. Mozorroa inauterietakoa da. Jendeak jantzia erabiltzen du zerbait identitario bezala. Oso adierazgarria da hitzaldietan erabiltzen dudan irudi bat: neska bat dago bakarrik goiko partearekin jantzita. Nik ez dut hori kritikatzen, erabiltzen dut adierazteko non gauden, gure kulturaren parte hori non dagoen. Ez jakitearen kulpa ez da jendearena orokorrean, ez baldin badago egitura bat non jendea informatzen den... Duela urte batzuk Mondragon Unibertsitatean egon nintzen kultur transimisioaren masterrean, eta irakasle batzuek esaten zidaten ez zekitela nora jo, ez zegoela erreferenterik. Jaiak iristen direnean zer kontatuko diegu gure umeei? Nola jantzi behar dira? Bertsolaritzan gertatu den bezala, egituraketa bat behar da, curriculumean txertatu behar da jantzia. Dendak edo dantza taldeak dira orain erreferenteak, eta dantza taldeak dira agertoki batean dantza konkretu batzuk egiten dituztenak, sarritan daukaten ekonomiarekin, eta ahal dutena ahal duten moduan transmititzen.

Dantza taldeek gorde dituzte jantzi tradizional horiek?

Ez. Batzuek bai eta beste batzuek ez. Dantza taldeak dira askorentzako erreferenteak, eta ez dira beti erreferente, era askotako dantza taldeak daudelako, eta dantza taldeek daukatelako daukaten dirua eta ahal dutena egiten dutelako.

Modaren kateari lotuta daude, eta modak ezartzen ditu euskal jantziak. Non ikusten da hori?

Gonaren luzeran, adibidez, nik baserritar jantziaren argazki bat ikusten badut, esango dizut noizkoa den, baita egitura ere, nola janzten den, zer oihal kantitate gastatzen den.

Inguruko beste herrialde batzuekin alderatuta, zer berezitasun ditu hemengo jantziak?

Baserritar jantziaren xumetasuna, adibidez, beste lurraldeetan festetan janzten dutenarekin konparatzen baduzu, gu pobres de solemnidad gara, eta gainera, baserritar jantzia egiterakoan ere xuhurrak gara, ez dugu pagatu nahi. Beste herrialde batzuek beste aukera bat egin zuten, galegoek edo asturiarrek beste jantzi bat aukeratu zuten izan zedin beraien ordezkaria. Azkenean, hori XX. mende hasieran sortu zen bolada bat izan zen, hirietan sortu zena. Herrietako jendeak ez zuen hori egiten. Zu horrela egunero janzten baldin bazara, ez duzu pentsatzen ordezkatzen zaituen gauza bat eraman behar duzunik, horrela janzten zara, eta listo. Eta berdin hemendik urte batzuetara norbaitek erabakitzen badu praka bakeroak eta sudadera direla XXI. mendeko jantzi tradizionala.

Herrialde bakoitzak bere jantzi tradizionala du?

Baserritar jantzia XIX. mendean sortu arte ez da izan toki bat jantzi bat. Toki batek jantzi bat duela ez da egia. Badago beharbada toki bat, dantza bat eta jantzi bat, Pipaongoek badute edo Ekorakoek, baina dantzarekin lotuta dagoena. Eguneroko janzkeraren barruan, Arabak Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin bazituen aldeak, baina orokorrean berdintsuak ziren jantziak. XX. mendera arte ez da izan jantzi espezifiko bat festarako, eta, aldiz, beste toki batzuetan izan dute, Erronkarikoek, esate baterako badute, Nafarroako Pirinioetan.

Dokumentuaren akzioak