Dokumentuaren akzioak
Harrien memoria dantzatua
'La memoria de las piedras' lana estreinatuko du gaur Gaiarren Tempomobile dantza konpainiak
Erdi Aroko giroa gure garai honetara ekarri nahi izan du Tempomobile dantza konpainiak. Eta La memoria de las piedras (Harrien memoria) lana aurkeztuko du gaur Iruñeko Gaiarre Antzokian, Escena 2004 egitarauaren barruan. «Erdi Aroko giroa dugu garai honetan, bortizkeriekin eta tribuen arteko gatazkekin», azaldu du Becky Siegel konpainiako koreografo eta dantzariak. «Aspaldian ari nintzen ordukoaz lana egin nahian». Egin du.
Kristauek baliatutako sinagoga
Lanak XIII. mendeko sinagoga baten gorabeherak jokatzen ditu. Tenplua musulmanek eraikia da, eta, denborarekin, kristauentzat eliza izango da. Ikuskizuna monasterio eta elizekin girotuko da, kalexka eta merkatuekin, jauregietako dantzekin eta leinuen arteko istiluekin.
Finean, Iberiako penintsulan garai horretan elkarren ondoan bizi ziren kristau, musulman eta juduen arteko elkarbizitzaren inguruko gogoeta da, zuzendariak berak adierazi duenez.
«Harrien memoria lanarekin adierazi nahi dugu gizakia gai dela bere errealitatea sortzeko, katedral, monumentu eta artelan ederrak sortzeko, eta han dagoela bizitakoaren aztarna». Eta garai hura gogoratuta, hain zuzen ere, bakearen eta kultur arteko elkarbizitzaren aldeko apostua egin nahi dela esan du Becky Siegelek. «Memoria gogoratzea da, iraganaren eta orainaren arteko zubiak eraikitzea».Musikak ere ondo azpimarratzen du landu nahi izan den ideia hau. Javier Paxariñoren saxoarekin, Moises Sanchezen teklatuekin eta Jan Gabarekek aldez aurretik grabatutako musikekin, gregoriarra eta saxo garaikidea nahastea lortu da, «eta garai arteko lotura estetikoa sortu dugu».Dantzariak: Ion Barbarin, Josune Castellot, Sofia Solana eta Becky Siegel bera. Eszenatokian ikusi ahal izango dira, bestalde, Mikel Esparza pintorearen koadroekin proiekzio digitalak. Zuzendariak ez du bilatu nahi izan Erdi Aroko ikonografiaren isla, eta abstrakzioa eta errealismoa nahastu dela azpimarratu nahi izan du. «Horrekin oso fondo iradokitzaileak lortu ditugu», esan du.
Dokumentuaren akzioak