Dokumentuaren akzioak
Harria, larrua, zirrara
Uztailaren 31n Hondarribiko (Gipuzkoa) Jostaldi pilotalekuan jokatu zen
zesta-puntako munduko txapelketaren finala ikaragarri ederra iruditu
zitzaion Mikel Aristegi koreografoari (Donostia, 1968): «Dantza asko
dauka zesta-puntak. Adibidez, ikusgarria da pilotarien ibilera,
indarrak hartzeko nola ibiltzen diren ikustea. Pilotari bakoitzak zeinu
jakin batzuk lantzen ditu bere gorputzarekin».
Koreografoa Hormen arteko oihartzuna ikuskizunean
parte hartuko duten dantzariekin batera joan zen Iñaki Osa
Goikoetxearen eta Imanol Lopezen arteko buruz-burukoa ikustera
-Goikoetxeak irabazi zuen-, «lan honetan ez bageunde, beharbada inoiz
ez ginen halako ekitaldi bat ikustera joango», aitortu du. Proiektu
berri honek norberaren zilborrari begiratzeari utzi eta beste arte
diziplinei nahiz kultur adierazpenei erreparatzera eraman dituelako
kontent da Aristegi.
Pilota partida hartatik ia hilabetera, datorren ostiralean, Gorka Alda konpositoreak (Donostia, 1971) zuzendu duen azken ikuskizuna
estreinatuko dute toki berean. Oraingoan, pilotariek ez ezik -tartean
da Lopez-, Aristegik osatu koreografia dantzatuko duten dantzariek eta
saxofoi jotzaileek hartuko dute parte musika elektroakustikoaren
doinura jokatuko den Hormen arteko oihartzuna emanaldi berritzailean.
Kultur diziplina diferenteen arteko halako elkarrizketa gehiago
proposatu izan ditu ikuskizunaren zuzendari artistiko eta musikagile
Gorka Alda konpositoreak. Duela bi urte Txillidaren Haizearen orrazia
eskulturaren 30. urteurrenean txalaparta eta musika elektroakustikoa
elkartu zituen tokian bertan. 2004ko Musika Hamabostaldian, berriz,
Andoaingo Buruntza harrobian eskaini zuen abesbatza lagun zuela
emanaldia. Orduko hartan Santiago Yañezen obra plastikoa zen oinarri.
«Oraingo ikuskizunak mugimendu handiago du», aurreratu du Aldak.
Pilotalekuaren poetika
Zesta-puntaren plastikotasuna eta musikalitatea betidanik egin
zaio deigarri Aldari. Baita pilotalekua ere, espazio huts legez.
«Halako batean Hondarribiko Jostaldi pilotalekuarekin egin nuen topo.
Toki purua da erabat». Hau da, espazio handia, espazio hutsa. Hutsa,
adierarik zabalenean. «Poetika handia dute pilotalekuek. Hormek atxiki
eta mugatzen duten espazio zabala, oso toki aproposa musika
elektroakustikoarekin lan egiteko».
Zesta-puntako pilotariek jokoan ari zirela ateratzen zuten soinua grabatu, eta hortik abiaturik osatu du Aldak Hormen arteko oihartzuna
ikuskizuneko musika. Dela pilotaren hotsa, dela zapatilek lurraren
kontra egiten duten zarata... soinu horiek denak gehi pilotalekuetan
zortzi segundo geroago sortzen den soinu horien guztien oihartzuna ere
jaso du bere proposamen artistiko-musikalean.
Musika elektroakustikoarekin batera saxofoiak hartuko du
protagonismoa, bistako arrazoi bategatik: saxofoiaren eta zestaren
arteko antzekotasuna. Sigma Project saxofoi taldeak, ordea, musika
tresnaren interpretazio soila baino parte-hartze handiagoa izango du
proiektuan -taldeko kide da Joxetxo Silguero-.
Musikarekin ez ezik, dantzarekin «zizelkatu» nahi izan du
Aldak «energiaz beteriko» pilotalekuaren espazioa. Zesta-puntaren
koreografia ahalmena handia dela iritzita jo zuen Mikel Aristegi
koreografoarengana, eta gehitu dio ikuskizunari hark landutako
proposamena.
Pilotariek, saxofoi jotzaileek eta dantzariek nahasturik esku
hartzen duten ikuskizun honen oinarria, ordea, ez da batere nahasia:
«Ideia oso argia da: guztia bat izatea; hau da, diziplina guztiak maila
berean aurkeztea. Hala, pilotariak musikari bihurtzen dira jokoan ari
direnean, edo dantzari, beti koreografia berriak egiten».
Jokoaren zirrara
Mikel Aristegiren gidaritzapean Hormen arteko oihartzuna
ikuskizunerako osaturiko koreografiak ere asko du inprobisaziotik. «Ez
nuen dantzariak aukeratzeko ohiko deialdi bat egin nahi, eta ikastaro
bat antolatu nuen». Eneko Balerdi, Aiert Beobide, Eneko Alkaraz eta
Jorge Lastra hautatu zituen udaberriko saio haien ondotik. Dantzariak
ez ezik, koreografia osatzeko material asko lortu zuen Aristegik
ikastaro hartan. Aldak pilotalekuan grabaturiko soinuak oinarri zirela,
inprobisazio saioetatik mugimendu asko atera baitzituen ondoren taxutu
duen koreografiarako. Eta noski, zesta-puntako final hartatik ere
jasoko zuten orain dantza bihurturik aurkeztuko duten emanaldirako
ideiarik: «Jokoaren emozioa. Galtzeak, irabazteak... horrek denak
sortzen dituen emozioak islatu nahi baititugu».
'HORMEN ARTEKO OIHARTZUNA'
Zuzendari artistikoa eta musika: Gorka Alda.
Koreografia: Mikel Aristegi.
Dantzariak: Eneko Balerdi, Aiert Beobide, Eneko Alkaraz eta Jorge Lastra.
Saxofoiak: Sigma Project.
Pilotarak: Egiguren II, Lopez.
Estreinaldia: Ostiralean 22:00etan Hondarribiko Jostaldi frontoian.
Dokumentuaren akzioak