Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Harremanen ezintasunaz ariko da Portugalgo Gulbenkian baleta

Dokumentuaren akzioak

Harremanen ezintasunaz ariko da Portugalgo Gulbenkian baleta

Bilboko Arriaga antzokian izango da bihar eta etzi, eta Barañaingo Auditoriumean 18an eta 19an

Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2004/05/13

Azken aldian dantza garaikidearen aldeko apustua egin du Portugalgo baletak, munduko eskola eta estilo guztiei ateak irekiz. Londres, Paris, New York, Budapest, Amsterdam edota Bruselako oholtza gainetan izan ondoren, Bilbon eta Barañainen taularatuko ditu bere lan berrienetako bi: Mauro Bingonzetti koreografoaren Cantata eta Ohad Naharinek sortutako Minus 7 obrak. Arriaga antzokian bihar eta etzi dantzatuko dute Gulbenkian baleteko dantzariek, arratseko 19:30etik aurrera, eta Barañaingo Auditoriumean datorren asteko astearte eta asteazkenean ariko dira, iluntzeko 21:00etan hasita.



Iaztik Paulo Ribeiro lisboarra da Gulbenkian baletaren zuzendari artistikoa. Horrek emakume eta gizonen arteko harremanen ezintasunaz diharduen dantza emanaldia zuzenduko du ekitaldien lehen zatian. Mauro Bigonzettik Gulbenkian baletarentzat espresuki sorturiko Cantata koreografiak ondorengo abiapuntu korapilatsua du: emakumezkoek gizonezko izan behar luketela eta gizonezkoek emakumezko, edo ez lukeela emakume edo gizonezko izan behar, bakean bizitzeko. «Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko betiereko eztabaidaz» jardungo dira, koreografoaren arabera. Emakume indartsu eta gartsu bat izango da koreografiako protagonista nagusia, eta testuingurua 1945. urtearen inguruan kokatzen du zuzendariak, emakumezkoek oraindik botu eskubiderik ez zeukateneko garaian. Emakumezko protagonistaren alboan beste hamabost dantzari ariko dira oholtza gainean, gehienak portugaldarrak. Cristina Vetronek sortu eta AS.SUR.D-ek interpretaturiko musikaren laguntzarekin egingo dute dantza.



Hiru koreografia obra bakar batean



Minus 7 obra Zachacha, Sabotage Baby eta Anaphaza e PassoMezzo koreografien sintesia da. Ohad Naharinen obren berrirakurketa bat da, berreginak eta Gulbenkian baleteko dantzarientzat bereziki egokituak. Koreografoak «modu dibertigarrian» uztartu nahi izan ditu humanismoa eta alaitasuna, bere koroegrafietako bi ardatzak.



Mugimenduak eta ideiak sutilezia handiarekin elkartuko dira obran zehar. Dantzaz gain, musika izango da Minus 7 obrako zutabea. Cha-cha-cha-tik hasi eta bossa novara iristeraino hamaika musika sorkuntza entzun ahal izango dira. Ohad Naharin koreografoak dantzarien eta publikoaren arteko balizko muga guztiak apurtuko ditu koreografia horrekin. Ezustekoz eta kontrastez beteriko koreografia bat aurkezten du.

Dokumentuaren akzioak