Dokumentuaren akzioak
Harreman ezinak, zaldiak eta sokak
Atzerriko eta hemengo sortzaileen obrarik berrienak erakutsiko ditu Dantzaldiak igandetik aurrera
Mal Pelo
Maria Muñozek eta Pep Ramisek osaturiko Mal Pelo konpainiak
emango dio hasiera Dantzaldiari, hilaren 7an. John Bergerren azken
liburuan, From A to X, oinarrituriko ikuskizuna aurkeztuko dute Euskaldunan: He visto caballos.
Bergerrekin berarekin lankidetzan sortu dute lana Muñozek eta Ramisek.
Izan ere, ez da lehen aldia elkarrekin lan egiten dutena. Atrás los ojos (2002) eta Testimoni de llops
(2006) koreografiak ere idazlearen laguntzaz eratu zituzten. Oraingo
honetan, emakume baten eta gizon baten arteko amodio istorio zail
bezain ederra landu dute, zaldiak metafora modura baliatuta.
Elkarrengandik urruti egotera kondenaturik daude bikotekideak, eta
eskutitzen bidez eutsiko diote harremanari. Gutun batean zein bestean
idatziriko poemak maitasunaz eta erresistentziaz mintzo dira.
Kataluniako Mal Pelo konpainiak Espainiako Dantza saria irabazi du joan
den urtean.
German Jauregi
Etxetik urrun lan egiten du German Jauregik (Bilbo, 1972),
Bruselan.Wim Vandekeybus konpainian aritu izan da hainbat urtez.
Nolanahi den, Dantzaldian bere kabuz sortutako Sunset on Mars
pieza estreinatuko du, Bilboko jaialdiaren laguntzaz ekoitzitako lana.
Elena Fokinarekin batera interpretatuko du La Fundicion aretoan,
hilaren 13an eta 14an. Elkarri ulertzen ez dion bikote baten istorioa
da Jauregiren lanaren ardatza. Krisiak jota daude. Aurrez aurre jarri
dira (Jauregi eta Fokina). Beren harremanari aukera bat emateko prest
dira, baina azkena izango da. Dagoeneko nahiko min egin diote elkarri.
Borja Ramosek piezarako espresuki sortutako musikaren
doinuetan kulunkaturik emango dute obra dantzari biek. Josetxo
Silguerok (saxofoia), Hasier Oleagak (bateria) eta Gonzalo Tejadak
(baxua eta kontrabaxua) eta Estibaliz Oraak (biolontxeloa) interpretatu
dute, besteak beste.
Kafig
Lyongo (Frantzia) Kafig konpainiak obra bi eskainiko ditu Brasilgo Hiriko Dantza konpainiarekin batera: Correría eta Agwa.
Hilaren 20an ariko dira, Euskalduna jauregian. Mourad Merzouki
koreografo sonatuak sortu ditu lan biak. Batean zein bestean,
dantzariek arnasa eteteko moduko itzulipurdi eta akrobazia lasterrak
egingo dituzte. Capoeira zein hip hopa uztartu dituzte, musika elektronikoa, bossa nova eta sanba, ikus-entzuleak giro frenetikoan murgilduz.
Maria Donata D'Urso
Arkitektura ikasketak hasi ere egin zituen Maria Donata D'Urso
koreografoak. Ez du inoiz arkitekto gisa lan egin; alabaina, bere obran
itzal handia du arkitekturak. Espazioekin jolasten da, formekin,
giroekin, harremanekin. Dantzaldian eskainiko duen Mem-brain strata 1
lanean, azala aztertzen du sortzaile italiarrak, «azala burmuinaren
hedadura gisa ulertuz». Izan ere, sarri askotan gorputzak berak
gordetzen eta babesten du oroimena. Gorputzean geratzen dira markaturik
bizipenak. Oholtza gainean koreografo eta dantzaria baizik ez da ariko.
Eskulturarekin lotura estua duen azpiegitura baten inguruan garatuko du
obra, mintz eta gihar ehunen adimen sentsoriala ikertuz, epidermisari
buruzko azterlan zientifiko-poetikoa osatu nahian. Guggenheimen
dantzatuko da, martxoaren 11n.
Kukai
Jon Maiak eta Pantxika Telleriak sortutako obra estreinatuko du Kukai konpainiak Dantzaldian: (Sok)2.
Campos antzoki eraberrituan emango dute, martxoaren 12an. Sokadantzaren
inguruan koreografo biek eginiko ikerketan oinarrituta Soka
lana aurkeztu zuen Kukaik joan zen udaberrian. Kalean emateko
ikuskizuna izan zen hura. Oraingo honetan, baina, aretorako pieza ondu
dute Maiak eta Telleriak. Zazpi dantzarik emango dute: Alain Maiak,
Eneko Gilek, Ibon Huartek, Nerea Vesgak, Urko Mitxelenak, Vanesa
Castañok eta Vivien Ingramsek. Bien bitartean, Iñaki Telleriak
(perkusioa), Oihane Igerabidek (harpa) eta Amaiur Cajarevillek
(kontrabaxua) obrarako konposaturiko musika joko dute.
Zinebi-dantza
Zinema Labur eta Dokumentalaren Bilboko Jaialdiko azken aldian
erakutsitako zenbait lan ikusi ahal izango dira La Fundicion aretoan,
martxoaren 9an eta 10ean, denak ere dantza garaikideari buruzkoak.
Dokumentuaren akzioak