Dokumentuaren akzioak
«Harpearen oihartzuna entzungo da gaur, testuan, musikan eta dantzan»
Jean-Philippe Leremboure - Dantzari eta koreografoa
Jean-Philippe Leremboure (Paris,
Frantzia, 1959) dantzari eta koreografoa da. Gurasoak Donibane
Lohizunekoak izanik, sustraietara itzultzea bezala izan zen harentzat
Izturitzeko Otsozelaia harpeetako kulturgunearen zuzendari artistiko
bihurtzea. Corinne Lallemandekin batera, hitza, dantza eta beste arte
adierazpide batzuk nahastuta, hainbat lan sortu ditu.
Zergatik aukeratu duzue Yannis Ritsosen lana?
Amnesty Gauak Amnesty International erakundearen inguruko
ekitaldiaren harira antolatu dugu ikuskizuna. Kultura giza eskubideen
borrokan kokatu nahi dute ekitaldiaren bidez. Grezian -batez ere,
Koronelen Erregimenean- hari asko jazarri ziotelako aukeratu dugu
Ritsos, eta urte asko igaro zituen kartzelan, baina idazten jarraitu
zuen han. Beraz, zapaldu zituzten arren mobilizatzen jarraitzen duten
egileak omendu nahi genituen. Poeta handia da Ritsos, eta lan asko egin
du mitoetan oinarrituta. Era garaikidean idatzi ditu berriz, orain eta
edonon gerta zitekeen. Corinne Lallemand eta biok estreinatu genuen,
Parisko antzoki batean, baina beti izan dugu lana leku ezberdin eta
esanguratsuetan taularatzeko ideia.
Zergatik lotu duzue testua dantzarekin?
Corinne Lallemandek errezitatuko du testua. Fedrak denbora
osoan hitz egiten du, etengabe, hitzezko odol isuria da. Hipolitorekin
maiteminduta dago, baina hori bere senarraren semea da. Ezinezko
amodioa da, ordea, eta Hipolitok baztertzen duenean, Fedrak hiltzera
zigortzen du eta gero bere buruaz beste egiten du. Hipolito beti dago
isilik, ez du erantzuten. Beraz, hitzekin ez, gorputzarekin mintzatzen
da, dantzarekin.
Jesus Auredek akordeoia jotzen du obran. Hori ere ez da oso aukera arrunta halako lan baterako...
Testuan dauden giroak agerraraziko ditu musikak. Tarteka
agertzen da musika lanean, ez denbora osoan. Aurederi esker, oso
harreman ederra du musikak harpearekin; soinu zoragarria lortzen du
zuloan.
Lehen aldiz antzeztuko duzue kobazulo batean?
Bai. Horrek oso berezia egingo du gaurko ekitaldia. Izan ere,
Izturitzeko kobazuloa gizatasunez eta mitoz beteriko lekua da.
Horregatik, mitoak oihartzun ona du harpean; bi zentzuetan, gainera.
Horrez gain, kobazuloko Gela Handian egingo dugu, animaliak grabaturik
dauden zutabearen aurrean. Hipolito ehiztaria da, eta haren maitalea,
Atenea, ehizaren jainkosa. 30 mila urte dituzte grabatuok eta horrek
ematen dio mitoari jarraitutasuna historian. Horrez gain, kobazuloko
Gela Handi horren akustikarekin oso zaila da testua errezitatzea, eta
oso ondo menperatu behar da, ulergarria izan dadin.
Dantza kobazulorako moldatu duzu?
Bai. Dantza hiru gauzarekin lotuta dago: kobazuloarekin,
testuarekin eta musikarekin. Harpearekin egiten dut dantza, ez da
antzoki batean dantza egitea bezala. Harpearen oihartzuna entzuten da
testuan, musikan eta dantzan.
Erosoa izango al da lekua ikusleentzat?
Eserita egongo dira, baina beharrezkoa da ondo jantzita etortzea, kobazuloan 15 gradu ditugulako. Ez etorri elastikoarekin.
Dokumentuaren akzioak