Datorren urtean berriro egiteko ideia garbiarekin amaitu zuten 'Zirikoketa', astigartarrek. Joan den igandean egin zuten aurreneko edizioa, maskaraden eredua jarraituta, eta arrakasta erabatekoa izan zen. Makina bat herritarrek eta taldek hartu zuten parte, eta are gehiago ibili ziren inguruan, haien dantza, bertso eta zirikak gertutik jarraitu nahian.
Musikariek, dantzariek, bertsolariek eta antzezleek osatu zuten komitiba, eta Ergobitik abiatu ziren kalejiran, bertako plazan talde guztien aurkezpena egin ondoren. Hortik aurrera, herriko txoko guztietan zirikatu, dantzan jarri eta barrez leherrarazi zituzten astigartarrak, Joseba Barandiaran plazara iritsi arte. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia, eguerdiko 13:00 pasatxo hasita.
Iker Goñi eta Agin Laburu bertsolariek egin zuten sarrera, ekitaldiaren tonua zein izango zen aurreratuz, eta tabernetako mahaietan lasai eserita zeudenei keinu bihurria eginez:
Bertakuak lurrian
kanpokuak mahaian,
hementxe heldu gera
berriz txotx garaian
jendiari bermuta
izorratu nahian.
Dantzariek hartu zuten protagonismoa ondoren, zitarako propio prestatutako piezekin. Makilez lagunduta, dantza biziak bezain ederrak eskaini zituzten Astigar taldeko dantzari helduek, bertsoetako doinuekin. Sagar dantzak ere ez zuen hutsik egin, noski.
Eta tartean, plazaren erdira agertu ziren antzezlaneko zortzi protagonistak: harra eta bere zazpi lagun. Kita Del Pare txarangaren erritmora egin zuten aurreneko agerraldia zortziek, eta apenas utzi zuten inor lasai: ergobitarrak, sagardogileak, herrira bizitzera etorritakoak, kanpora bizitzera joandako astigartarrak... Denak zirikatzen aritu ziren. Ikusleen artetik bost lagun atera zituzten plazaren erdira, eta «ez da hemengua!» oihukatzen aritu zitzaizkien.
Bera ere 'hemengua' ez dela aitortu zuen Iker Goñik, segidan, bertsotan hitza hartuta: «Sagardo asko edan arren», ez diotela «karnetik eman» oraindik. «Goiko Itturri non dagon badakit gutxinez», defendatu zuen bere burua. Babes eman baino, hura zirikatu zuen Agin Laburuk, «lana eta etxiak kentzera» datozela esanez, eta «txakurrak eta umiak» ekarri dituztela. Horrekin ere jarri zuten saltsa ederra zortzi protagonistek, eta ikusleei txakur kakak botatzen aritu ziren.
Baina bazterrak aztoratzea garesti atera zitzaion harrari. Kirikoketa egin zuten partehartzaile guztiek plazan, borobil haundia osatuta, txarangak markatutako erritmora; eta borobilaren erdian harrapatu zuten gaizkilea. Orduan egin zuten epaiketa: astigartarrak banatzea, herria umez eta txakur kakaz betetzea, Astigarraga sagardozaleen parke tematiko bihurtzea eta sagarrak izorratzea leporatu zioten, besteak beste. Sutara kondenatu zuten, eta plazaren erdian erre zuten, 14:00ak aldera.