Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hankak arin-arin, euren maisua dakarte gogora

Dokumentuaren akzioak

Hankak arin-arin, euren maisua dakarte gogora

Silberio Beristaini omenaldia egingo diete bere iksale izandakoek, zapatuan, "bizitza guztiko zorra ordaindu nahian"; diktadura sasoian sortu zuen euskal dantza taldea

Egilea
Larraitz Ibaibarriaga
Komunikabidea
11barri
Tokia
Ondarroa
Mota
Albistea
Data
2008/04/17

 

Ignazio Santa Cruz izan zuen dantza maisua. "Zehatza, behargina eta izaera handikoa", 36ko gerra osteko urteak euskal dantzei eskaini zizkion, taldea sortu eta erakusteari. Dantza esatea Silberio Beristain (Ondarroa, 1915-1959) esatea zen.

Gerra amaituta, abade baten bitartez ailegatu ziren Santa Cruz eta Beristain ate egokia jotzera. Dantza taldea sortu nahi zuten. Eta Udal frankista indarrean, "ezpatadantzarien usaineko" ezertxo ere ez zuten nahi. "Dena zen berria, diktadura, baina berria". Hartara, don Pedro Arakama bikarioagaz berba egin zuten. Hark baietza eman zien taldea sortzeari. Baldintza bat bete behar zuten: Antiguako Ama izena ipintzea.

Eta halantxerik hasi ziren entsegatzen, batean baten, bestean bestean. 1947a zen. Mojetan -Hantxe ematen zien Sagar Dantza Karmele Urrestik-, Eskola Barrietan eta urterik gehienak Antsosolon. Plazara atera behar zirenean, Eskola Barrian entsegatzen zuten, neska eta mutil, batera. Orduan izaten ziren komeriak. Halakoetan, zapiak ipini behar izaten zituzten eskuen artean, elkar ez ikutzeko.

Ondarroako ontziolan egiten zuen beharra Beristainek. Eta halantxerik, orduak ontzien artean pasa eta gero joaten zen entseguetara. "Zegoen moduan etortzen zen, hango arropekin", gogora ekarri dute ikasle ohiek. Eta entsegu orduen oroimenei lotuta, maisuaren usaina datorkie, "txalupen usaina".

Makaltzen hasi zenera arte jarraitu zuen Beristainek dantza maisu. 1957a zen. Gaizka Urresti taldekideak egin zion errelebua orduan. 1959an hil zen, 44 urtegaz.

Emanaldiz emanaldi

Herriko jai guztietan ateratzen zen dantza taldea, puntei eragitera. Sanjuanetan, sanpedroetan, andramarietan eta arrateetan, Niño Pobre Eguna ahaztu barik.

Kanpoko bat edo bat garrantzitsua zetorrenean, Eliz eta Udal ordezkariak ez eze, militarrak edukitzen zituzten ikus-entzule.

Elizaren babespean sortuta, Antiguako Ama dantza taldea baldintzapean aritu behar izaten zen sarritan. Gauzak horrela, arkuak zuriz eta horiz margotuta topatu zituzten emanaldi baten aurretik, "margariten, erreketeen emakumeen kolorez". Eskola barriko jolastokian "ez aurrera ez atzera" aurkitu ziren dantzariak. Silberio Beristain eta nagusienek dantzan ez egitea erabaki zuten horren aurrean. Artean, plazan zeuden herritarrak Antiguako Amakoak noiz ailegako.

Arkuen gertaera eta ondoren etorri ziren beste batzuk medio, abadeekin "oso-osorik haserretu zen" Silberio Beristain. Dantza maisua Klub Deportivo Aurrerako batzordekidea izanik, Mariñela dantza taldea izatera pasa ziren. Sei urteren ostean, eta izena aldatuta, Antzosolon segitu zuten entsegatzen. Materiala, baina, lekuz aldatu zuten, eta Aurrerak kluba zeukan lokalera eroan, Iparkalera.

Azkenengo lau urtetan izan zen dantza taldea kirol klubekoa. Horren adierazgarri, arropetan zeroaten Aurreraren ezkutua eta Beristainek egindako kaxa, Kaxarrankan egiteko.

"Eskerrik asko, Silberio"

"Bizitza guztiko zorra ordaindu nahian" egingo diote omenaldia zapatuan Beristaini haren dantzariek, maisuak denekin eduki zuen hartu-emon ona eta beharra gogoan, "esker oneko".

Eguerdian meza ospatuko da, Antiguan. Ordubetera egingo da eguneko ekimenik hunkigarriena. 13:00ak izango dira ordurako. Bertso, ohorezko aurresku eta Kresalako dantzarien ostean-bertan ariko da Beristainen iloba-, dozena bat emakume eta bost-bat gizonezkok hartuko dute agertokia. 63 eta 77 urte artekoek. Ikasle ohiek.

Dantza maisuak lagatako hutsunea haren senideek beteko dute, bere emaztea tartean.
Hitzordua gainean, gaur egingo dute azken entsegua. Bati baino gehiagori ontziolako usaina etorriko zaio burura. Astillerukoa.

ZAPATUA, 19

12:00. Meza Antiguan.
13:00. Omenaldi-ekitaldia, frontoian: bertsolariak, ohorezko aurreskua, Kresalako dantzariak eta Silberi Beristainen dantzari ohiak. (Eguraldi txarra egingo balu, Kafe Antzokian rgingo da).
Ostean. Dantzari ohien bazkaria.

Erakusketa

18:00-20:30. Aste barruan
11:00-20:30. Domekan, hilak 20. Juan Balenciagak muntatu du erakusketa, Silberio Beristainen ikasle ohia berau.

Beristainen gaineko liburua

18:00-20:30. Zapatu arratsaldean erosi ahal izango da Udal Erakusketa Aretoan.
11:00-20:30. Domekan erosi ahal izango da leku berean.

Dokumentuaren akzioak