Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hanka puntetako ametsak egi bihurtzeko bidean

Dokumentuaren akzioak

Hanka puntetako ametsak egi bihurtzeko bidean

Aurtengo udan ikasketak L’École de danse de l’Opera-n eta The Royal Ballet School-en jarraitzeko hautatuak izan dira Irene Amunarriz, Adriana Markiegi eta Daniela Sierra.
Egilea
Ane Mendizabal Sarriegi
Komunikabidea
Bidasoako Hitza
Tokia
Hondarribia
Mota
Albistea
Data
2024/03/22
Lotura
Bidasoako Hitza
Irene Amunarriz, Adriana Markiegi eta Daniela Sierra.

Urtetik urtera gero eta zailagoa izaten da onarpen mezua jasotzea. Horregatik baiezkoa jaso duten bakoitzean festa baten antzera ospatu dutela kontatu du Leizak. «Pare bat alditan onartzen zaituztenean istorio honen tamainaz jabetzen zara, eta bertan egotea zein zaila den konturatzen zara». Instituzio horiek onartu zituzten lehen urtetik, hura azken aldia izan zitekeela pentsatzeko esaten zien irakasleak dantzari gazteei, eskaera asko izaten dituztelako eta urtero maila hazi egiten delako. Aurten, adibidez, mundu osoko 900 pertsona baino gehiagok aurkeztu zuten beren hautagaitza. The Royal Ballet School izan zen onarpenak bidaltzen lehena. Haien kasuan onartua izateko aukera zabalagoa izaten da, adinaren arabera banatutako pare bat txanda eskaintzen dituelako. Pariseko eskolan, berriz, txanda bakarra dago, eta adin desberdinetako dantzariak elkartzen dira bertan.

Aurten bereziki, emozio handiz jaso dute ikastaroen onarpena

Ikasturte honetan onartuak izango ez zirela oso barneratuta zuten hirurek, ordea. Sierraren lehen urtea da L’École de danse de l’Opera-n onartua izan dena. «Dani, udan Parisera zoazela!», esan zion Leizak. «A bale, baina zertara?», erantzun zion Sierrak. Lotura egitea kosta egin zitzaion, ez baitzuen inondik inora onartua izatea espero. Bi hondarribiarrak ere ezustean harrapatu zituen baiezkoak. Leiza: «Izugarri emozionatu ziren. Oso polita izan zen». Egun pare batez ezin sinetsi egon zela kontatu du Markiegik.
Udaberriko zein udako ikastaro trinkoak «sekulako esperientzia» dira dantzarientzat, beren bide profesionala hasteko bidea zabaltzen baitie. Sierra: «Bi astez bada ere, urte osoan han izaten direnek bezala bizitzen duzu dena». Irakasleak dantzari izandakoak dira, eta ez edonolakoak gainera, «izarrak». Haien eskutik denetik ikasten dutela esan du Amunarrizek, ilusioz: «Irakasleengatik asko ikasten dugu. Eskola bakoitzak ezberdin irakasten du, eta asko ikasten duzu». Ikasleek miresmenez begiratzen dituzte hango profesionalak. Aldi berean, ikuskatzaile lana egiten dute, eta maila emateko presioa izaten dute dantzariek, kontziente direlako haien begiradapean daudela.

Pasiotik eta bihotzetik
Ikastaro horiek bitartean, 07:00 eta 07:30 artean gosaldu eta 09:00etan hasiko dituzte klaseak. Bazkaltzeko geldialdia egin, eta beste bi ordu eta erdiko klasea izango dute. 18:00etan bukatu, eta goiz afaltzen dute. Balleta diziplina oso exigentea da, eta ordu asko dira trebatzen dituztenak. Baina horretara ohituta daude dantzariak. Izan ere, 20 eta 24 ordu inguru igarotzen dituzte astero herriko Basque Ballerina eskolan.

Adinaren arabera, lan karga gehitzen joan da Leiza, kontu handiz. «Gaztetatik dantzarako ahalmena zutela ikusi nuen, eta saioetan gehiago eskatzen hasi ziren. Ilusio handia zuten, eta kontu handiz ordu gehiago sartzen hasi nintzaien». Ordu gehigarriak eroso onartu zituztela kontatu du. Zailtasun maila, ordea, bai sumatu zutela. Teknikoki balleta oso «garbia» da, eta mugimendu erraza dirudien hori gauzatzea «oso gogorra eta oso-oso zaila» izan daiteke.

Balletaren gogortasunaz galdetuta, ordea, Markiegiren erantzuna azkarra izan da, eta birritan pentsatu gabe plazerak eta ilusioak muga guztiak gainditzen dituela esan du: «Ez zait horren gogorra egiten, izugarri gozatzen dudalako. Egunero hemen egotea pribilegio bat da». Bost urterekin hasi zen balletean, eta klasera sartu zen lehen unetik jakin zuen hori zela egin nahi zuena. Amunarrizi eta Sierrari ere betidanik gustatu izan zaie. Hondarribiarra 10 urterekin hasi zen, eta donostiarra, berriz, 4rekin.
Ikastaroak intentsitate handikoak izaten dira, eta horietara ondo joateko prestaketa maila eboluzionatuz joan da Leiza. Aurten prestaketa fisikoko saio bat gehitu du: Oreka zentroko kideak astean ordubetez bertaratzen dira Basque Ballerinara, indarra lantzearen bidez lesioen prebentzioan eragiteko. «Dantzaria oso malgua eta elastikoa izan behar duela uste da, baina gorputz indartsua izan behar du ere bai». Ballet saioez gain, puntak, malgutasuna eta teknika lantzeko klaseak izaten dituzte, baita errepertorio saioak ere. Hala, ikastaroetako mekanika barneratzen hasten dira.

Dantzari gazteak dira, baina pertseberantzia eta ikasteko gogo handia dute. Oinak lurrean dituzte hirurek, baina altu amesten dute. Egunen batean dantza konpainia bateko dantzari izatearekin amets egiten dute. Bidean dira.

Dokumentuaren akzioak