Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Handituta daukat atzamarra

Dokumentuaren akzioak

Handituta daukat atzamarra

Oier Araolaza, dantzaria

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2007/05/18

Aspaldiko lagun batek deitu dit. Ezkontzera doa eta dantzariak nahi ditu. Salamancako lehengusuak kontura daitezela zein desberdinak diren gure dantzak, gure ohiturak, gure kultura... Besteengandik bereizteko erabiltzen dugu maiz folklorea. Folklore jaialdietara exotismo eta arroztasunaren bila jotzen dugu. Eta atzerrian gaudenean gure nortasunaren bereizgarri direla uste dugun topiko folkloriko guztiak erabiltzen ditugu. Japoniara bazoaz lanera, hasi prestatzen txapela, gerrikoa eta ezpata-dantzari kit osoa, hilabete baino lehen arituko baitzara herrikideren baten ospakizunean dantzan. Bost axola ordura arte sekula santan dantza kontuetan inolako interesik izan ez badu ere.

Munduko herri guztiek uste dute beren dantzak bakarrak direla munduan, erabat desberdinak eta bereziak. Eta euskal dantzak zer esanik ez. Jatorri ezezaguneko hizkuntza prehistoriko eta misteriotsua dugunez, dantzak ere horren parekoak, desberdinak, ez-ohikoak, arraroak...

XX. mende hasieran zenbait ikertzaile ingeles konturatu ziren uharteko dantzen antzekoak zeudela kontinentean. Hemen ere ohartu ziren batzuk horretaz. Ingalaterrako Morris talde bat aurrez aurre ikustea nahikoa izan zen horretarako. Sei-zortzi dantzari, alkandora eta praka zuriak, txintxarriak belaun azpian, kolore bizitako apaingarriak gerri eta bularrean. Ezpatekin Markinan eta Legazpiko ezpata-dantzetan egiten diren mugimendu koreografikoen antzekoak egiten dituzte. Makila txikiak dantzatzen dituzten zortzi lagunez osatutako taldeak Europako mendebaldeko eremu zabal batean aurki ditzakegu. Horietako batzuk bilduko dira datozen egunetan Iruñean eta Eibarren. Bata bestearengadik bereizten dituzten ezaugarriei begiratuko diegu, baina ziur asko harrigarriena, hain txoko desberdinetatik etorri, eta denak dantza-familia berekoak direla ikustea izango da.

Mende bete daramate ikertzaileek Ingalaterrako morris dantzek, Errumaniako Calusarien dantzek, Alemania, Austria eta Flandesko ezpata-dantzek, Kataluniako Ball de Bastons-ek, euskal dantzek eta bestek elkarren artean dituzten antzekotasunen arrazoiak aurkitu nahian. Frazer-ek lurraren emankortasunari begira jarri zituen ikertzaileak, eta harrezkero bide oparoa egin du interpretazio bide horrek dantzarien artean -ikertzaileen artean baino gehiago-. Horren arabera, Otsagabiako dantzariek modorro dantzan makilekin lurra jotzen dutenean Ama Lurra iratzarri nahi dute, loratu eta uzta ederra eman dezan.

Azken urteetan baztertzen joan dira horrelako interpretazioak, eta are gehiago John Forrest-ek morris dantzen historia idatzi duenetik. Ikuspuntu historizista zorrotza aplikatuz, morris dantzen agerpenaren eta bilakaeraren kontakizun borobila osatu du Forrest-ek, eta narrazio mitikoentzat zirrikitu gutxi utzi du. Baina dantza horien sorrerak berak ilun dirau. Norabide horretara bideratu ditu indarrak azken urteetan Juan Antonio Urbeltz-ek, eta haren azalpen proposamena harrigarria gertatu da. Nekazarien arerioengan, zomorro eta intsektuengan, jarri du begirada, eta Europako mendebaldeko hainbat dantza intsektuen erasotik babesteko konjuruak izan daitezkeela proposatu du.

Denborak eta ikerketa berriek argitu beharko digute zergatik aurkitzen ditugun horrenbeste antzekotasun Bacup, Terrassa, Miranda de Douro eta Abaltzisketako dantza tradizionalen artean. Bitartean, horiek ikusten eta dantzatzen gozatzen jarraituko dugu; bakarrak eta konparaezinak nahiz ohikoak eta arruntak, dantza plazer delako beti. Atzamarreko kolpeentzat ura eta gatza omen da ona.

Dokumentuaren akzioak