Dokumentuaren akzioak
Hamargarrena
Kritika, X. Koreografia Erakusketa
Donostian eta Gasteizen erakutsi baino lehen, aurten Barakaldon izan dugu X. Koreografia Erakusketako piezak ezagutzeko aukera.
Marian Gerrikabeitiaren Connection
izan zen lauren artean aurkeztutako lehena. Hasiera batean, bideo eder
batek laguntzen digu gaian sartzen. Edo, gaian baino gehiago, giroan
sartzen, pantailan ikusten diren gorputz atal zatikatuek kontraste
intentsua eragiten baitute irudietan proiektatutako lur eta zeruaren
kontra. Grabeetan murgiltzen gaituen soinu-banda zapaltzaileak eszena
gainean dauden gizon eta emakumearen gorputzak agerraraziko ditu,
eskortzo eran, argi gris/urdinxkak euren itzalak atzealdean
proiektatzen dituela. Heldutasun handiko koreografia honetan
mugimenduaren alde aratz eta introspektiboak izan dira nagusi,
Gerrikabeitiaren eta Robert Jacksonen jakituriarekin batera.
Gaueko bigarren pieza (Si fue en Babel, no lo sé)
Cecilia de Madrazok eta Tonathiu Daz-ek sinatzen dute, baina
Tonathiuren ordez beste neska batek dantzatu zuen Ceciliarekin, gizon
eta emakumearen arteko balizko kontrastearen kalterako. Taula gainean
Ines de Madrazo eta Diego Gil ere agertzen dira, biolina eta txeloa
jotzen hurrenez hurren, eta kaiola moduko egitura banatan sartuta. Izan
ere, egitura metaliko horiek erabilera bat baino gehiago izango dute
emanaldian, betiere hesiarena eginez, era batean edo bestean. Pieza,
oro har, interesgarria eta estimagarria da, baina koreografiak
gehiegizko ideia metaketa transmititzen du eta, askotan, hesiaren eta
zuzenean jotako musikaren intentsitatearen atzean geratzen da
mugimenduaren kalitatea.
Atsedenaldiko laburpen-bideoaren ostean, Leire Ituarteren Delicias de la civilización
etorri zen. Koreografoarekin batera Helena Golab eta Joseba Alvarez
agertzen dira, eta eszena gainean hiru elementu esanguratsu daude:
Freuden erretratu handi bat, landare bat eta aulki bat. Hasiera batean
gizonak manipulatu egiten ditu neska bien gorputzak, manikiak balira
bezala, eta harrigarria da Golabek eta Ituartek erakutsitako gaitasuna
erabateko geldotasunean gelditzeko eta desplazatuak izateko. Emanaldian
zehar, baina, txandakatu egingo dira hiruren arteko paperak eta
objektuekiko harremanak, eta horrek bereziki interesgarri bihurtuko du
egikera perfektuko eta inpaktu handiko pieza borobil hau.
Amaitzeko, Olatz de Andres Zubillagaren Yo soy una cosa que dura segundos-en
koreografoak oso era interesgarrian aztertzen ditu mugimenduaren eta
denboraren arteko erlazioak, zeluloide-proiekzioen printzipio bera
erabiliz. Xede horrekin, mugimendua une argi eta ilunekin zatikatzen
eta deskonposatzen du eta, beranduago, mugimendu segida laburrak
errepikatzen ditu Satieren musika misteriotsu eta poetikoak lagunduta.
Aurreko lanean bezala, oso interesgarriak izan dira geldotasun uneak,
eta mugimendu pasarteetan harrapatuta geratu gara Olatzen estilo leun,
elegante, malgu eta zehatzarekin.

Dokumentuaren akzioak