Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamar urte eta gero, kabalkada itzuliko da Lekornera

Dokumentuaren akzioak

Hamar urte eta gero, kabalkada itzuliko da Lekornera

Lekorneko Besta Komiteak Covid19 pandemia garaian pentsatu kabalkada emanen dute uda honetan, azkenekoa 2014an eman zelarik. Urriaz geroztik ari dira dena prestatzen bi emanaldi eskaintzeko, uztailaren 28an eta agorrilaren 3an, plazan.
Egilea
Irati Esparza--Guimon
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Lekorne
Mota
Albistea
Data
2024/07/22
Lotura
Kazeta
Pasa den urtean, 2023an, libertimendua egin zen Lekorneko plazan. (Artxiboko irudia)
Pasa den urtean, 2023an, libertimendua egin zen Lekorneko plazan. (Artxiboko irudia) (Guillaume FAUVEAU)

Orain arte, hiru kabalkada eginak ziren Lekornen: 1995ean, 1996an eta 2014an. Covid19 pandemiak eragin konfinamendu garaian, Lekorneko Besta Komiteak beste kabalkada bat sortzea erabaki zuen, eta hala, hamar antolatzaile bost komisiotan banatu dira eta lehen bilkura 2023ko urtarrilean egin zuten proiektua aurkezteko, ekainean izen emateak ireki eta urrian abiatu ziren prestakuntzan. Gainera, «jendea fite motibatu da», poztu da Myriam Pochelu dantza komisioko antolatzailea, izan ere, guti gora behera, 140 dantzari, 20 antzerkilari eta 30 kantari elkartu dira. 

Kabalkadaren helburuak argi dira denentzat: harremanak sortzea eta euskara eta elkartasuna sustatzea. Hala ere, «gure lehentasuna da euskara zinez plantatzea Lekornen, eta nire ustez, kabalkadaren bidez euskarak hartzen ahal du bere toki osoa, nahiz eta ez diren denak baitezpada euskaldunak, edo euskara dutenak bederen», azpimarratu du Joanes Curutchague, antolatzaile eta dantzariak Kanaldude telebistak egin erreportaian. «Euskara bultzatzen du gure herrian, goxo da mintzatzea euskaraz gure herrikoekin», gaineratu du Luxi Bidegain Bergara antzezleak. 

Gainera, «harremanak sortzen ditugu, gure herrikoekin hurbilago gira eta adin desberdinak elkartzen ditu. Horri esker ezagutza berriak egiten ditugu eta goxo da jende berria ezagutzea, herritar berriak», azaldu du gazteak. 

Lekondarren sorkuntza

Bilkuretan hautatu dira kabalkadaren gaiak, «maite genituenak eta inportanteak atzematen ditugunak», azaldu du antzezleak. Hala, lau pieza izanen dira, «batzuk zinez Lekorneri buruzkoak eta beste batzuk orokorragoak, gai desberdinak jorratuko ditugu». Peio Berterretche makearrak lagundu du taula zuzendari gisa, baina «lekondarrek idatzia da», azpimarratu du Pocheluk, egin den lan guziaz harro. 

Kabalkada guzietan atzematen diren dantzak izanen direla azaldu du dantzariak, hau da, mutxikoak, makila, soka eta kontradantzak. Hala ere, denek herriaren kutsu zerbait izanen dute, eta sorkuntza bat ere izanen da: «azkena fandango bat izanen da, guk sortutakoa». Musikan, aldiz, Patxi Amulet musikari angeluarrak kudeatzen du dena. Kabalkadarentzat espresuki bi sorkuntza atera ditu. Horrez gain, beste berezitasun bat izanen du Lekorneko kabalkadak: «jantzi berriak izanen ditugu, Claude Iruretagoyenak sortutakoak», jakinarazi du pozik Pocheluk. 

Bi emanaldi eta estres handia

Lekorneko plaza bi aldiz girotuko dute kabalkadalariek. Bi ordu eta erdiko emanaldia lehenik uztailaren 28an, igandez, iraganen da: emanaldia 16:00etan hasiko da eta 19:00etatik aitzina gaualdia izanen da Punttu Kakotx eta Kontrabanda taldeekin. Bigarrena, eta «azkena», agorrilaren 3an izanen da, larunbatez, 17:00etan. Gaualdia 20:00etan hasiko da eta Gaitistan eta Holako Deluxe taldeak igoko dira eszena gainera. Bertan jateko eta edatekoa izanen da. «Nahi dugu bete, bete-bete, Lekorneko plaza», adierazi du antolatzaileak. Guzira 1.200 eta 1.300 leku inguru badira. 

Sarrerak Lekorneko Etchebarne ostatuan, Hazparneko Xuriatea ostatuan, Baionako Elkar dendan, Ortzaizeko Goicoechean eta Donapaleuko Pagolan erosgai hamabost eurotan. HelloAsso plataforman ere erosten ahal dira, uztailaren 28koak eta agorrilaren 3koak. Hamabi urte baino gutiagokoentzat urririk izanen da. 

Emanaldiak hurbiltzen direla, «alimaleko estresa igotzen ari da, ez nuen pentsatzen hain fite eta hain goiz etorriko zela estres hori, baina, hala ere, konfiantza badut gure taldean, beraz, badakit biziki ontsa pasatuko dela, baina bada, arduradun gisa, estres hori, eliminatzekoa dena», azaldu du Curutchaguek. Berdin Myriam Pocheluk: «ez gira prest, baina normala da eta estresatua pixka bat ere. Nahi dugu dena ongi antolatu eta dena ongi egin. Bitxia da, presatuak gira, baina denbora gehiago behar dugu!».

Dokumentuaren akzioak