Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamalau urtez erromeria indartzen

Dokumentuaren akzioak

Hamalau urtez erromeria indartzen

Erromeria Eguna egingo dute Errenterian hilaren 14an; euskal kultura zabaltzea dute helburu

Datorren larunbatean, hilaren 14an, izango da Errenteriako XIV. Erromeria Eguna (Gipuzkoa), eta dagoeneko dena prest dute: trikitilariak, txaranga, dultzaineroak, txistulariak, joaldunak, txalapartariak, irrintzilariak, talogileak eta beste hainbat emanaldi. «Helburua euskal kultura zabaltzea eta herrian erromeria bizitzea da», Peio Urreaga Ereintza dantza taldeko bazkide eta laguntzaileak esan duenez.
Egilea
Irati Garikano
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2012/07/06
Lotura
Berria

1999. urtean antolatu zuten eguna lehendabiziko aldiz, eta «akuilu» lana egiteko asmoarekin sortu zuten. «Herri honetan dantza asko egiten da, dantza azpiegitura zabala dago. Baina ikusten genuen kaleko dantza, jarduera sozial gisa, etenda zegoela», dio Jon Maia antolakuntzako kide eta dantzariak. Eten hori konpondu, eta herri dantza berpiztea da beren asmoa. Hamalau urte hauetan helburuak lortzen ari direla uste dute. «Nire ustez, politena hori da: hasiera batean Ereintza dantza taldeak izan zuen ausardia egun hau antolatzen, baina, horren atzetik, modu naturalean sortu dira ekitaldi guztiak; batzuetan, zuzenean egun honekin lotuta, eta, besteetan, zeharka», dio Maiak. 

Egitarauari dagokionez, bi gauza nabarmendu dituzte antolatzaileek. Batetik, eguerdian egingo den emakumeen sokadantza: «Dagoeneko ohitura bihurtu zaigu, eta bereziki pozten gaitu horrek». Izan ere, herrian gizonen sokadantza oso ezaguna egin da historian zehar, baina emakumeek ez zuten parte hartzen; pixkanaka, ordea, emakumeen emanaldia ere finkatzen ari da. Bestetik, Urreagak gogorarazi du errekako txistularien bidea egingo dutela iaz bezala.Txalupaz joango dira txistulariak, Oiartzun ibaian barrena, Pasaiatik Errenteriaraino. «Ordurik ez dugu finkatu, hori marearen araberakoa baita: marea oso behean badago, txalupa ezin da ekarri; eta goian badago, berriz, zubia jotzen dugu. Horregatik, marearen menpe ibili beharko dugu». 

Horrez gain, diana, hamaiketakoa, erromeria eta herri bazkaria ere izango dira. Mila Alberro da bazkariko antolatzaileetako bat, eta 400 pertsonentzako bazkaria prestatuko dutela esan du. Intxaurrondoko sukaldariak joaten dira, eta herritarrek ere laguntzen diete. 

Erromeria, gorantz

Maiaren ustez, azken hamalau urte hauetan erromeria aldatu da, baina onerako. Lehen ekitaldia egin zutenean konturatu ziren erromeria «gune jakin batzuetan» finkatuta zegoela, baserri giroari lotuta, batik bat. Bestetik, ikusle eta artisten arteko muga horri lotuta zegoen dantza: «Askotan egoten zen musika plazetan, baina inork ez zuen dantzarik egiten. Ikuskizun gisa agian bai, baina ez modu natural batean». Horren eraginez, Euskal Herriko kulturaren zati garrantzitsu bat galtzen ari zela ikusi zuten. Horri buelta emateko, ikastaroak antolatu zituzten. Horrez gain, hainbat musika taldek, Tapia eta Leturiak esaterako, zenbait formatu jarri zituzten martxan, kontzertua eskaintzeaz gain plaza ere mugiarazteko. «Horrek guztiak giro hiritarreko plaza sorrarazi du, eta hori ona da». 

Aurten ere bi ikastaro egingo dituzte. Hasiberriek hutsetik hasi eta jauziak ikasteko aukera izango dute. Aiko taldeko Xabi Mikandik, berriz, jota tradizionala irakatsiko du. Ikastaroak datorren asteko asteartean, asteazkenean eta ostegunean izango dira.

Ereintza dantza taldeko emakumeen emanaldia, iazko Erromeria Egunean. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

LARUNBATA, HILAK 14

10:00. Diana, herriko kaleetan zehar.

11:00. Hamaiketakoa, Esmalteria plazan.

12:00. Kalez kale. Musikariak eta dantzariak herriko kaleetan ibiliko dira.

13:15. Emakumeen sokadantza, Zumardian.

14:30. Herri bazkaria, Esmalteria plazan.

18:00. Erromeria nagusia, Zumardian eta herriko kaleetan egingo dute.

19:00. Aiko taldearen emanaldia, Zumardian.

Dokumentuaren akzioak