Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamaika izar ikuskizun batean

Dokumentuaren akzioak

Hamaika izar ikuskizun batean

San Francisco Ballet-eko dantzari Lucia Lacarra zumaiarra izango da gaurko eta biharko nazioarteko galan

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/08/21

Mosku, San Francisco, Berlin, Paris eta Madrildik etorrita bat egin dute munduan puntan dabiltzan dantzariek Donostian. Izarren nazioarteko dantza galan hamaika dantzarik hartuko dute parte gaur eta bihar, horien artean Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak. Ez da erraza izaten horrelako ekitaldiak antolatzea, nork bere konpainiarekin dituen konpromisoak direla eta, baina izen onak erakarriz gero, egungo dantzaren erakusgarri egokiak izaten dira. Egitarau bariatuan, klasikoa eta garaikideagoa erakutsiko dute, neoklasikoa batez ere.



Lucia Lacarra. Zumaiarra oso gazte joan zen Madrilera lehenik —Victor Ullateren konpainian dantza egitera—, eta ondoren Europako hainbat konpainietara. Gaur egun Estatu Batuetako konpainia onenean —San Francisco Balleten— lehen dantzaria da, baina jada Europara itzultzen pentsatzen ari da. Dantza klasikoa egiten du batez ere, neoklasikora ere gerturatuz noizean behin, gustuko dituen koreografietan. Donostian ohiko dantzakide eta bikotekide den Cyril Pierrerekin dantzatuko du bi pieza emanez. Lehen atalean, Light Rain Gerald Alpinoren koreografia dantzatuko du, eta bigarrenean, berriz, Harizko instrumentuentzat adagioa Gerard Bohboten koreografia.

Cyril Pierre. Frantziar honek Marsella Rolland Petit baletean egin zituen urte asko. Han ezagutu zuen Lucia Lacarra. Parisko Operako baletarekin lan asko egin ditu. Gaur egun San Francisco Balletean dago. 1999an Carpeaux saria eman zioten, sari garrantzitsua.



Daniela Severian. Bera izango da Goyo Monterorekin gala zabaltzen arduratuko den dantzaria. Roland Hynd ezagunaren Coppelia koreografia dantzatuko du Monterorekin, proposamen garaikidea. Bigarren atalean bakarrik ariko da, Non je ne regrette rien koreografia klasikoan. Brasilgo dantzari garrantzitsuenetakoa da. 1995az geroztik Europako konpainietan lan egin du, Wiesbadengo baletean. Alemaniako egin beharrak hainbat konpainietako gonbidatu berezi gisara egiten dituen lanekin tartekatzen ditu. Parisko Nazioarteko Lehiaketan urrezko saria eman ziotenetik, oso lanpeturik bizi da. Euskal Herrian Arriaga antzokian eta iaz Hamabostaldian parte hartu du.

Goyo Montero. Madrilgo dantzariak konpainia anitz ezagutu ditu 1994az geroztik, Laussaneko saria irabazi ondoren. Leipzig eta Wiesbadengo baletetako gonbidatu izan da maiz, Flandriako baletean egin zituen urte batzuk, eta gaur egun Berlingo Opera Ballet-eko lehen dantzaria da. Bakarrik dantzan ikusiko dugu Ben van Cawenbergen Les Bourgeois koreografian.



Elina Palshina. Dantzari siberiarrak oso gazte debutatu zuen Moskuko Bolxoi antzokiko baletean, eta harrezkeroztik konpainia horretan izan da, gaur egun, lehen dantzarien artean. Dimitri Belogolovtsev-ekin arituko da Donostian, bi emanalditan, dantza klasikoa eta garaikidea eskaintzen.



Dimitri Belogolovtsev. Ukrainan sortu eta hazitako dantzaria oso gaztetatik gonbidatu zuten Errusiako Bolxoi antzokiko konpainiara. Lehen unetik protagonista izan da bertan. Sari asko eta oso garrantzitsuak irabazi ditu. Errusiatik kanpo maiz hartzen du parte konpainia anitzetan gonbidatu berezi gisara.



Rut Miro. Victor Ullateren konpainian hezia, bertako dantzari protagonista da egun, eta Ullatek koreografia asko berarentzat espreski pentsatuta egin ditu. Donostian eskaintza klasikoena berea izango da, Carlos Lopezekin hiru lan eskainiz.



Carlos Lopez. Mirorekin batera Victor Ullate konpainiako kide da, baina Estatu Batuetako eta Europako konpainia askorekin lan egiten du. Parisko Nazioarteko Dantza Lehiaketan zilarra eman zioten

1996an.



Delphine Moussin. Hamabost urte zituenerako Parisko Opera Balleteko dantzaria zen, eta handik lau urtera lehen dantzari egin zuten. Rudol Nureyev-en koreografia klasiko askotan protagonista izan da, eta beste hainbat koreografo handirekin lan egin du, besteak beste, Jiri Kylian eta John Neumeier. Gustav Mahlerren musikan oinarritutako Oscar Araizen koreografia dantzatuko du Donostian Karl Paquetterekin. Dantzakide ohikoa du Paquette.



Karl Paquette. Paristarrak bere dantza bikotearen antzeko ibilbidea egin du. Urte batzuk dantza ikasketak Parisko Operaren eskolan egin ondoren, dantzari gisara hartu zuten 17 urterekin, eta berehala lehen dantzari egin zuten. Askotan bakarrik egiten du dantza gainera, koreografo askoren dantzari faboritoa baita, bere estilo pertsonalarengatik oso mirestua.



Eva Yerbabuena. Granadarraren emanaldiek itxiko dute dantza gala. Denetan ezberdinena bere eskaintza izango da. Flamenko dantzari oso estimatua da, eta sari asko irabazi ditu. Bere konpainia sortu zuenetik koreografia asko egin ditu taldeko dantzarientzat. Berak sortutako bi koreografia garaikide dantzatuko ditu Donostian.

ezohiko jaialdia



Beste inon errepikatuko ez den gala



«Emanaldi hauek markazko jantziak bezalakoak dira, bakarrak», adierazi zuen atzo galako eszena zuzendari Boris Trailinek. Urte asko daramatza gisa honetako emanaldiak antolatzen. «Oso zailak izaten dira lotzen, dantzari guztiek konpromiso asko baitituzte, baina oso arrakastatsuak izaten dira, binaka eta bakarka, sekulako ikuskizunak, oso ongi prestatuak, eta nahasketa handikoak izaten direlako».



Proposamen berri gutxi izango da, hala ere. Eskaintza garaikidetan koreografo neoklasikoen lan kontsagratuak izango dira gehienak, eta klasikoetan, opera eta koreografia ezagunen pasarteak. Forma eta estilo aniztasuna nagusi izango da, dena den. «Eskola oso ezberdinetatik datoz dantzariak, denak kalitate handikoak, baina ezberdinak».

Dokumentuaren akzioak