Dokumentuaren akzioak
Hamabi soineko beltz
'Axuri beltza'
Beltzez jantzita atera ziren. Hamabi emakumezko,
Zaraitzu ibarreko (Nafarroa) jantzi tradizionalak soinean. 1969. urtean
nahikoa zen hori Donostiako Viktoria Eugenia antzokian bildutako
ikusleen jakin-mina pizteko. «Garai horretan Jaurrieta non zegoen ere
ez zekien jende askok, eta ordura arte emakumezkoek dantzarako
erabiltzen zuten jantzia poxpolin jantzia zen», gogoratzen du
Juan Antonio Urbeltz dantza maisu eta adituak. Maiatzaren 4a zen, eta
antzokiko eserlekuetan zeuden Jorge Oteiza eta Remigio Mendiburu
eskultoreak, Aingeru Irigarai sendagile eta idazlea eta Jose Angel
Irigarai poeta eta idazlea, Jose Artetxe idazlea, Antonio Valverde Ayalde
margolaria, Francisco Escudero konposatzailea, Gonzalo Manso de Zuñiga
San Telmo museoko zuzendaria, Javier Aranburu kulturgilea eta Jorge
Arriazu Lekarozko apaiza, beste batzuen artean. «Denak ere txundituta
atera ziren antzokitik. Neska guztiek nahi zuten horrelako jantzi bat».
Axuri beltza ona dun baina, xuria berriz hobea...
Nafarroako Pirinio ekialdeko jantzi tradizional beltzak ezohiko
dotorezia eman zion taula gainekoari: soineko luzeak, zapata
distiratsuak, mototsa luzeak, apaingarriak eta zintamuskoa.
Otsagabian, Itzaltzun eta Jaurrietan jantzi batzuk kopiatu, eta
Ategorrietako Adorazioko mojek egin zituzten. Entseguak Okendoko
eskoletan eta San Telmo museoan egin bazituzten ere, entsegu orokorra
komentuan bertan egin zuten.
1969ko maiatzaren 4an estreinatu zuten Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik axuri beltza.
Hotsanditasunak ikusleak hartu zituen. Bihar dira 40 urte. Garai
horretan Jaurrietan ere galduta zegoen neska-dantza. Senar-emazteak
Otsagabiako dantzak biltzen ari zirela izan zuten Jaurrietan kantatu
egiten zen dantza baten berri, Auñamendi argitaletxeak Erronkari,
Nabaskoze eta Zaraitzu ibarrei buruz argitaratutako bi liburuxka
erosita. Hainbat urtez emakumeak plazan baztertuta egon ondoren,
neskentzako dantza gutxi zegoen orduan; Urbeltzek eta Arregik Bernardo
eta Jose Estornes Lasa izabar anaiengana jo zuten informazio eske, gero
eta ugariagoak ziren dantza taldeen errepertorioa handitu asmoz. Horiek
esan zieten dantza axuri beltza zela, eta Resurreccion Maria Azkueren kantategian zituztela doinua eta kanta.
1918. urtean argitaratu zuen Azkuek bere lan hori, baina 1967an
Urbeltz eta Arregi Jaurrietara iritsi zirenean, ia inork ez zuen
ezagutzen. Ohean ezindua zegoen 95 urteko emakume bati kantatu zioten
abestia, baina nola dantzatzen zen ez zuen oroitzen; 15 urterekin
herriko neskak mendian behiak elkartu eta borda batera gordetzera
joaten zirenean dantzatzen zutela esan zien, gauean eta ahosoinuarekin.
Azkueren testura itzuli eta horretan oinarrituz osatu zuen koreografia
Urbeltzek. «Azkuek zioen mutil-dantza edo muxiko erritmoa zuela. Eta
erritmoa izanik, banekien nik zer egin behar zen». Lehen zatian
Baztango mutil-dantzaren urratsak sartu zituen, hiru puntukoak, eta
bigarrenean, Zuberoako jauziak.
Dantza aitzindaria arlo askotan
Axuri beltza-ren estreinaldia gertakari soziala izan
zen, eta hainbat arlotan izan zen aitzindari. «Lehen neska-dantza izan
zen, berezkoa, ordura arte nesken makil, zinta edo arku dantzak
mutilenak baitziren. Jantzietan ere berritzailea izan zen, Zaraitzu
ibarreko jantziak taularatuz. Lehen aldiz, gainera, agertokian,
dantzatzeaz gain, kantuan egin zuten dantzariek. Marianek [Arregi]
soinua jo zuen, eta doinuari artzain kutsua ematearren, xirula gehitu
genion; horretan ere lehena izan zen. Baina horretaz guztiaz gain, axuri beltza-k
herrietako dantzei balio unibertsala emateko balio izan zuen; herri
askotan dantza tradizionalen garrantziaz jabetu ziren, ondarea direla.
Nola berreskuratu erakutsi genuen, ez edozein modura, baizik eta
egiazko oinarriekin, zentzu batekin, eta soiltasunez». Jaurrietan
bertan gaur egun abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, eguerdian axuri beltza dantzatzen dute.
Estreineko aldiaren 40. urteurrena ospatzeko, Urbeltzek abenduaren 12an zuzenduko duen ikuskizunak axuri beltza
izena izango du. Duguna, Kezka, Haritz eta Argia taldeek parte hartuko
dute; Urdiaingo (Nafarroa) Irradaka dantza kantatuarekin hasiko da
ikuskizuna, eta, nola ez, axuri beltza-rekin amaituko da. «Helburua ikusleak kutsatzea da, transmititzea». 1969an bezala.
Urratsez urrats
Jatorria.
Jaurrietako neska-dantza (Nafarroa).
Sortzaileak.
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi.
Ikuskizunaren estreinaldia.
1969ko maiatzaren 4a.
Dantzariak.
Argia taldeko hamabi emakumezko.
Kanta. Axuri beltza ona dun baina / xuria berriz hobea / dantzan ikasi nahi duen horrek / ene oinetara begira. Zertan ari haiz bakar dantzatzen / agertzen gorputz erdia? / Su ilun horrek argitzen badin / agiriko haiz guzia.
Dokumentuaren akzioak