Dokumentuaren akzioak
«Halako saltsa berezi bat sortu da plaza dantzen inguruan»
Alaken plaza dantza taldeko kideak dira Goizane Arregi Uranga (Zarautz, 1965) eta Jose Inazio Elias Olazabal (Azpeitia, 1952). Dantza jauziak (mutxikoak) jotzeagatik eta dantzatzeagatik ezagun egin badira ere, bestelako erritmo ezberdinez ere janzten dituzte plazak. Zarautzen hilabetero zita finkoa dute, hileko lehen igandetan, Musika Plazako kioskoaren inguruan.
Nola sortu zen Alaken taldea?
Jose Inazio Elias: Nik lehen Mugarik Ez taldean jotzen nuen, baina artean Goizane ez zegoen gurekin. Kasualitatez deitu zidan lagun batek talde hartan aritzeko, xirularekin konfiantzarik ez zeukalako, duela 14 urte inguru. Mugarik Ez sortu zutenetako batek taldea utzi zuen...
Goizane Arregi: Alakenen dauden musikarietako batzuk talde hartan elkartu ziren. Azken finean, Mugarik Ez taldeko kide batzuk jotzeko gogoarekin jarraitzen zuten, eta beste urrats emaile batekin elkartu ziren emanaldi batzuk egiteko. Ondoren elkartu zen urrats emailea ni izan nintzen, eta batik bat Zarautz aldean hasi ginen emanaldiak eskaintzen. Izen bat pentsatzen hasi eta Manolo Urbietarekin akordatu ginenez, Alaken deitu genion talde berriari.
J.I.E: Hasieran, Bilbon, Ipar Euskal Herrian eta leku gehiagotan aritzen ginen, baina orain hemen inguruan soilik jotzen dugu. Badaramatzagu urte batzuk hilero-hilero Zarautzen jotzen.
Zeintzuk osatzen duzue taldea?
G.A.: Musikariek alboka, teklatua, txirula, trikitixa eta akordeoia jotzen dituzte, eta urrats emaileak dantza jauzietan soilik hartzen du parte. Gainontzeko dantzetarako –trikitixa, balsa, talde dantzak...– ez da behar.
Zuek biok Zarautzen bizi zarete, baina txoko ezberdinetako jendeak osatzen du Alaken. Nola entseatzen duzue?
G.A.: Bakoitza alde banatakoa izanda, zaila da elkartzea. Aldian behin egiten dugu, baina, normalean, bakoitzak bere kontura entseatzen du.
J.I.E.: Hasieran gehiago elkartzen ginen, baina orain oso noizean behin egiten ditugu entseguak. Nik, normalean, etxean entseatzen dut.
G.A.: Hasieran beharrezkoak ziren entseguak dinamika martxan jartzeko. Orain grabaketa bat edo zerbait berezia izanez gero bakarrik elkartzen gara.
Zeintzuk dira plazetan zuen emanaldiak eskaintzeko dituzuen erreferentziak?
J.I.E.: Bere garaian, Migel Anjel Sarasatek bildu zituen galdu samarrik zeuden hainbat dantza jauzi. Dantza mota hauek Okzitania inguruan egin izan dira, eta oraindik ere egiten dira.
G.A.: Batzuetan jendeak pentsatzen du mutxikoak soilik egiten ditugula. Pisua dute gure emanaldietan, baina ez dira bakarrak. Dantza jauziez gain, Baztango mutil dantzak edo betiko fandangoa eta arin-arina ere jotzen ditugu. Emanaldia osatzerakoan, betiko erromerian oinarritzen garela uste dut. Euskal dantzak jotzen ditugula esan daiteke, baina, azkenean, zerbait hemengoa da behin hartuta dagoenean. Dena dator nonbaitetik.
Kontua da oso zabalduta dagoela gaur egun erromeria edo plaza girotze modu hau. Jendea ikastarotan ibiltzen da, eta gero plazara irtetzen dira ikasitakoa erakustera. Askorentzat igande goizetako edo larunbat arratsaldetako plana da. Inguruko herri guztietan dago dantza egiteko aukera ia asteko egun guztietan. Zarautzen egiten dugun bezala, Azpeitian, Oiartzunen, Donostian... ere egiten dute.
Ohitura hauek batik bat Lapurdi eta Nafarroa Beherea ingurutik hartu ditugu. Han lehenago hasi ziren dantza egiteko elkartzen. Igande eguerdietan elkartzen dira, eta ez festa ez ezer, dantza egiten dute eta punto. Eredu hori jaso dugu Hego Euskal Herrian, eta egun dantzarien zirkuitu bat dagoela esango genuke. Jendea igandero joaten da nonbaitera dantza egitera.
J.I.E.: Zarautzen jotzeko igande bat aukeratzea ez zen lan erraza izan. Bigarren igandean Azpeitian egiten da, hirugarrenean Donostian, hurrengoan Irunen... ezinezkoa zen beste nonbaiteko emanaldiren batekin batera ez egokitzea. Modan daude, geroz eta gehiago egiten dira.
Euskaldunei dantzatzea gustatzen zaie, beraz?
G.A.:Euskaldunak beti egin du dantza, asko gustatu izan zaio eta gustatzen zaigu oraindik ere. Kontua da garai ezberdinetan interesak aldatzen doazela. Momentu honetan modu honetan dantza egiteko interesa daukan jendea oso heldua da.
J.I.E: Edozein adinetako jendearentzat egokituta daude dantza hauek, ez da saltoka eta brinkoka ibili behar denbora guztian.
G.A.: Dantza samurrak dira, ez dute prestaketa fisiko gehiegi eskatzen. Ibilian-ibilian egiten dira. Burua landu behar da asko, oso adi egon behar baituzu ematen dizuten urratsera, musikarekin batera sartzeko. Adi egon behar duzu denbora guztian, eta jendea engantxatu egiten dute. Adin jakin batekoen artean giro bat sortu da. Jendea dantza egitera joateko elkartzen da, halako saltsa berezi moduko bat dago.
Beraz, Azpeitiko dantzaldira joanez gero, Zarauzko jende bera topatzea posible da?
J.I.E.: Bai. Guztiek ez, baina askok errepikatzen dute. Badago txandaka herri guztietara joaten denik ere. Zarautzera datozenak normalean ez dira kasualitatez etortzen. Badakite hemen lehen igandean izaten dugula emanaldia, beraz, planak egiten dituzte hona etortzeko. Gainera, udan, gainontzeko herrietako hilabeteroko saioak eten egiten dira, baina guk uztailean eta abuztuan ere jarraitu egingo dugu Zarauzko hilerokoarekin.
G.A.: Gure dantzaldira etortzen direnak ez dira zaruztarrak soilik. Jendea inguruko herrietatik etortzeaz gain, Aguraindik, Iruñeatik, Bilbotik, Plentziatik edo Donostiatik ere etortzen da. Gainera, uztailean eta abuztuan guk hileroko jardunarekin jarraituko dugunez, beste herri batzuetaratik jende gehiago etortzea espero dugu. Hego Euskal Herrian ikastaroetara joaten den jende asko dago, beraz, udan, plaza dantzen jarduna eten egiten da.
Zer esango zenieke dantza egiteko lotsagatik taberna ondoan tragoarekin geratzen den horri?
J.I.E.: Animatzeko!
G.A.: Gogoa baldin badauka taldean sar dadila lasai, gurekin dantza egiteko ez da beharrezkoa ikastaro batean izena emanda egotea. Plazan ikas daiteke, eta gogoa edukiz gero lortzen da, apur bat saiatuta.
Dokumentuaren akzioak